Oholtza gaineko emakumeak

uztarrria.com 2008ko aza. 21a, 10:11

Azpeitiko Emakume tailerreko kideak, Perretxiko eraikinean dagoen lokalean entsaiatzen.

Azpeitiko Emakume tailerreko kideak Habemus zirkus lana antzeztuko dute larunbatean (azaroak 22) Izarraitz pilotalekuan.

15:30ak. Osteguna. Perretxiko edo oktogono bezala ezagutzen den eraikineko lehen solairuko gela batean hamabi emakume bildu dira antzerkia egiteko asmoarekin. Arropak aldatu, testua errepasatu eta prest daude entseatzen hasteko. Urduritasuna nabari da. Larunbatean (azaroak 22), Izarraitz pilotalekuan antzeztu beharko dute Habemus zirkus lana. Azpeitiko Antzerki Topaketen barruan, antzerki amateurrari asteburu bat eskaini zaio eta Azpeitiko Emakume tailerreko kideak oholtza gainera igoko dira.

Umorezko obra da Habemus zirkus eta hori entseguetan ere nabarmentzen da. Testua ahaztu arren, irribarrea ez dute galtzen zirkuko protagonistek. Taldeko giro ona hasierako momentutik antzematen da. Aizpea Ibarbia orain sei urte hasi zen tailerrean eta giroa ezinhobea dela dio. "Hasieratik jende berdina ibili gara eta denok ezagutzen gara. Oso ondo pasatzen dugu, barre asko egiten dugu entsegu guztietan", dio. Antzezlaneko zuzendaria, Alaitz Olaizola, iritzi berekoa da. Zuzendaria baino, "zirikatzailea" dela dio azpeitiarrak. "Ez dut nire burua zuzendari bezala ikusten. Nire helburua jendea motibatzea eta ahalik eta gustuen sentiaraztea da". Entsegua aurrera joan ahala, gehiago sartzen da bakoitza bere paperean. Batzuek antzezten duten bitartean, besteek testua errepasatzen dute. Aizpea Ibarbiak testua ikastea zailena dela aitortzen du. "Zailena testua ikastea da. Aurtengo antzezlanaren testua ikasterako orduan, nire testuaz gain aurreko testua ere irakurtzen dut, nire txanda noiz den jakiteko. Gero testuaren arabera keinuak prestatzen dituzu". Baina testua ikastea ez da emakume hauek duten zailtasun bakarra. "Zailtasunak izaten ditugu. Orain arte ez dugu lokalik izan entseatzeko, Aitonenako aretoan egoten ginen eta hori okupatuta zegoenean Sindikatu Zaharrera joan behar izaten genuen. Aurten aurrerapauso handia eman da eta entseatzeko lokala eman digute. Hala ere materiala guk hurbildu behar izaten dugu". Lan handia egin dute larunbatean dena ahalik eta ondoen ateratzeko. Emakume hauek antzezlanerako gaiak proposatu, gidoia idatzi, materiala hurbildu eta eszenografiaz arduratzen dira. "Oraingo lokala aurreko urteetako materialarekin dekoratu dugu. Nahiz eta orain pozik egon daukagunarekin, denborarekin gustatuko litzaiguke antzerkirako espreski prestatuta dagoen lokala edukitzea", azaltzen dute.

Azpeitiko ikuslegoa

Antzerki Topaketen barnean hiru antzezlan amateur ikusteko aukera izango da datorren asteburuan. "Niretzako aurtengo programan antzezlan interesgarriak daude", dio Olaizolak, "Hiru talde amateur gaude aurten eta hori poztekoa da. Ea hurrengo urtean lau garen". Hala ere, hiru taldeen artean Emakume Tailerrekoak dira azpeitiar bakarrak eta horrek urduritasuna gehitzen duela aitortzen du zuzendariak: "Azpeitiko plazak errespetua ematen du, azpeitiarrak garelako eta ikuslea exigentea delako. Hala ere, jendeak badaki zer ikustera joaten den eta badaki amateurrak garela. Niretzako arrakasta hamabi emakume antzerkia egiteko helburuarekin biltzea da. Guk zortea eduki dugu ikusleak ulertzen gaituelako eta babes handia jaso dugulako Emakume Mahaitik eta Udaleko Parekidetasun sailetik. Horiei esker martxan jarraitzen dugu".

17:30ak. Entsegua bukatu eta Alaitz Olaizola zuzenketak egiten ari da. Larunbatean, Izarraizko ikusleak izango dituzte aurrez aurre. Orduan bukatuko da hilabetetako lana, bukaerako txaloekin batera zirkua albo batera utziko dute. Astelehenean, beste antzezlan baterako ideiak pentsatzen hasiko dira, datorren urtean Antzerki Topaketetako egitarauan egoteko ilusioarekin.

‘Tiriti’ zirkura ere krisia iritsi da

Hona hemen Habemus zirkus obraren sinopsia: "Krisialdian gaudela diote…Tiriti zirkuko kideek aspalditik bizi dute krisia, krisi profesional eta pertsonala. Sos bakar bat bera ere ez daukate zirkua aurrera atera ahal izateko, eta ilusioa, guztiek zeukaten zirkurako ilusioa, erabat galdu dute. zirkuko nagusiek, Florak, bere gurasoengandik jasotako enpresari azken aukera bat ematea erabaki du. Gainontzeko kideak, nagusiak hartutako erabakiarekin gustura ez eta… Tiriti zirkuaren azken emanaldiaren aurrean ote gaude ba?

Taldearen indarra desegin eta banakakoari lekukoa pasatzean, familiaren kontzeptua ezbaian jarri da".

Fitxa artistikoa eta teknikoa

  • Aktoreak: Ane Arenas, Aizpea Ibarbia, Amaia Garmendia, Idoia Altuna, Erika Olaizola, Miren Albero, Mari Karmen Borda, Garazi Urbina, Lurdes Mendizabal, Maria Pilar Lizarburu, Rosa Mari Alberdi, Gurutze Eizmendi.
  • Zirikatzailea: Alaitz Olaizola.
  • Laguntzaileak: Arroxa Borda, Ane Mendinueta, Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Saila.
  • Eszenografia: Emakumeon antzerki tailerra, Lakrikun antzerki taldea.
  • Noiz eta non: Azaroak 22, Izarraitz pilotalekuan, 21:30etatik aurrera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide