Harrituta irakurri dut Mikel Gartziak 2008-11-19an hemen nola larrutzen duen Josu Bereziartua (I, II) delako telesaio horretan esandakoagatik. Ez dut telesaio horren berri; beraz, ez dut esandakoez iritzirik emango. Baina gutun horrek gogoetok egiteko beta eman ditu.
Mikelek despektiboki esandako "ume matxaka" horietako bat izana naiz, baita haur baten ama, mendizalea, lau urtaroetakoa, eta altuera handia zer den nire azalean probatua dut. Beraz, honetaz iritzia emateko moduan nagoela uste dudanez, hara:
Gurasook haurrak zaindu, entzun, beren lekuan jarri eta beren beharrei kasu egin behar diegu; beraz, nik nire afizioak izanda ere, beti egingo diet kasu haurraren beharrei, eta ez dut inoiz ahaztuko umea mendira etortzen denean ez diodala hari fabore bat egiten, berak niri baizik. Handixeagotan, iritzia emateko gai izango da, eta zazpi orduko ibilaldian gustura badabil, aurrera; gustura ez badabil, argi dakit mendia nire interes partikularra dela eta ez dudala inor behartzeko eskubiderik, libre delako gurekin ados egoteko edo ez. Eta egongo dela denbora, mendira edo dena delakora joateko.
Bereziartuak edo urliak egiten duena ezin dut epaitu, berak ezagutzen dituelako bere haurrak. Zoriontsu badira, goza dezatela. Berak entzun beharko die gustura aritzen ote diren, ala laguntxoekin nahiago ote duten; ikusi beharko du nola eraman modu arduratsuan -altueretarako umeek muga propioak dituztela jakinda-, hala ibiltzeak mesederik egiten ote dien eta gozatzen ote duten, ume guztiak desberdinak baitira. Gero, umeek esandakoa onartzea litzateke etikoena. Hau da: bere haurren mugez kontziente izan eta muga horiek errespetatu beharko ditu. Ostera, lehiakortasuna, demostratzea, errekorrak, jokabide mediatikoak... ez dira ez aberasgarri ez hezitzaile eta ekidin egingo nituzke.
Argi daukadana zera da: zorteduna naizela nire gurasoek mendira eta bidaian eramaten nindutelako, eta gaur naizena, haiei esker eta bizitzan topatu ditudan beste pertsona batzuei esker naizela. Mendian bizitzaz ikasi dugu, naturan gure lekua zein den ikasi, gure burua ezagutu, erabakiak hartzen eta erruak inoren lepora ez botatzen ikasi, adiskidetasun zintzoena bizi, taldean elkarbizitzen ikasi dugu, baliabide material eskasekin, eta, batez ere, zoriontsu izan gara. Beraz, nik haurrei natura (mendiak, herriak, hondartzak...) eta bertan mugitzeko erak (oinez, bizikletaz, eskiez...) erakutsi egingo dizkiet, gero beraiek erabakiko dute zer egin. Telebista edo bideojokoen aurrean utzita, seguru ez direla nekatuko, ez minik hartuko, ez zikinduko, eta neuk primerako askatasuna izango nuke umeentzat desegokiak diren jardueretara itzultzeko; baina ziur gutxiago ikasiko dutela.