Herritarren eta eragileen gaitzespen gogorrak

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 3a, 21:12

Azpeitiko EAJ
"Inaxio Uria Mendizabal azpeitiarraren erailketaren aurrean, Azpeitiko EAJ-PNVk honako hau adierazi nahi du:
- Gure doluminik bihotzekoena adierazi nahi diogu Inaxioren familia eta lagun guztiei.
- Euskal enpresari guztiei ere erabateko elkartasuna adierazi nahi diegu une samin hauetan.
- Elkarbizitzaren oinarria bizitza errespetatzea da, eta errespetu hori hausten bada herriko bizitza hondatu egiten da. Pena eta tristura adieraztea ez da aski. Herriko agintaritza dutenek definitu egin behar dute argi eta garbi bizitzaren errespetuaren alde.
- Batzokian ikurrina krespoi beltzarekin jartzea, herritar bat eraila izan delako.
- Azpeitiko herri osoari gonbidapena egiten diogu Inaxioren erailketa gaitzesteko egingo diren ekitaldi guztietan parte hartu dezaten, jarrera horrekin indarkeria erabiltzen dutenei bere gaitzespena adierazteko.
- ETAri eskatzen diogu behin betiko utz dezala indarkeria eta armen erabilera, eta desager dadila, gure Herriaren askatasunerako oztoporik nagusiena delako".

Azpeitiko Aralar-Independienteak
"Azpeitiko Aralar-Independienteak alderdiak ETAri armak behin betiko uzteko exijitzen dio . Inazio Uria enpresari azpeitiarraren heriotza irmoki gaitzetsi egiten du, eta ETAri armak behin betiko utz ditzala exijitzen dio.

Era berean Uria familiari, senitartekoei eta Inazio Uria zenaren hurbilekoei doluminik sentituena helarazten dio, elkartasun mezu batekin batera.

Azpeitiko Aralar-independienteak hurrengo adierazpena bere egiten du:
- 1. Inazio Uriaren hilketa gaitzesten dugu.
- 2. Argi eta garbi adierazten dugu guztiz deitoragarriak direla era horretako ekintzak.
- 3. Elkartasun osoa adierazten dio Inazio Uriaren familiari, senitartekoei eta hurbilekoenei.
- 4. Bortizkeria ez da Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzeko bidea, eta bide politiko hutsen aldeko apustua exijitzen dugu. Giza eskubide guztiak, inolako salbuespenik gabe, aldarrikatzen ditugu, eta horiek bermatu daitezen lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu.
- 5. Ez dugu onartzen gure izenean, ez Euskal Herriaren izenean, gisa horretako atentatuak eta hilketak egitea. - 6. Euskal gizartea nazkatuta dago ETArekin eta bere bortizkeriarekin.
- 7. Dei egiten diogu hilketa horrekin ados ez dagoen pertsona eta kolektibo orori argi eta garbi adierazi dezaten euren desadostasuna publikoki, kalean, modu horretara bakarrik eraikiko baita bakea.
- 8. Euskal herritar guztiei heriotza hau salatzeko ekimenetan parte-hartzeko deia egiten diegu".

Julian Eizmendi (Azpeitiko EAJko zinegotzia)
"Gure doluminik sentikorrena Inazio Uriaren sendiari eta ingurukoei. Gertaera basati honen aurrean herriaren gaitzespena eta haserrea ere adierazi nahi dugu".

Manoli Uranga (Azpeitiko PSE-EEko zinegotzi ohia)
"Ez dago eskubiderik honetarako. Hau baldin bada irtenbide bakarra, herritarrak alfer-alferrik gaude Euskal Herrian".

Ramon Etxezarreta (Donostiako PSE-EEko zinegotzi ohia) (Euskadi Irratian esana)
"Guztiz gaitzesten dut. Herritar guztiek, edozein ideologi politiko eta edozein lanbide izanda ere, bizitzeko eskubidea dute. Gure erakunde guztiek lehentasunezko betebeharra dute gure bizitza eskubidea defenditzea. Eta hau, euskal herritarren aurka egindako erasoa da".

Jose Mari Bastida (Azpeitiko alkate ohia) (Euskadi Irratian esana)
"Laguna nuen Inazio Uria, eta auzotarra. Lan asko egin du enpresa aurrera ateratzeko, eta gaur 300 langile pasa dituzte. Nora joan nahi du Euskal Herriak honelako gertaerekin? Hau al da bakerako bidea? Azpeitira bonba bat erortzea bezalakoa izan da atentatu hau".

Jose Mari Iriondo (kazetaria) (Euskadi Irratian esana)
"Ezaguna nuen Inazio Uria. Azpeitiar peto-petoa zen. Ezerezetik hasi zen lanean eta serio zabaldu zuen bidea".

Juan Jose Ibarretxe (Eusko Jaurlaritzako lehendakaria) (Donostiako agerraldian esana)
"Bizi osoan lan egin duen pertsona bat hil du ETAk, herriko seme bat. Gainera, krisi garaian gaude, eta etorri da ETA eta enpresari bat hil du. A zer balentria, ezta? Koldarkeria galanta! Enpresariak behin ere beharrezkoagoak dira. Langile denez ere harro gaude. Gaurkoa berriz ere benetan egun tristea da. Beraz, irmotasun osoz gaitzetsi behar dugu ETAren atentatua. Azkeneko hau ere ez dugu sekula ahaztuko. Bakearen alde segitu behar da, bakea eraiki egin behar da, ez baita nahikoa bakea nahi izatea. Hori da herri honentzat inbertsiorik handiena. Beste herrialde batzuetan bakea posible izan bada, zergatik ez hemen?".

Erreakzio gehiago Berrian

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide