Herririk gabeko alkatea, alkaterik gabeko herria

Xabier Euzkitze (Noticias de Gipuzkoa, 2008-12-7) 2008ko abe. 12a, 18:12

Asilio Lakortek esan bezala, "zubi bat eraikitzeko gauza asko behar da: jakintza, arkitektoa, enpresaria eta langile onak. Zubi hori eraisteko, aski da anormal bat".

Zubi asko eraikitakoa zen Inazio Uria. Egunkarietako argazkietan trajez ikusi dudanean, ez zitzaidan bera zenik iruditzen, beti alkandora hutsean ikusi izan baitugu, mahukak jasota, etengabeko beharrean, lana egiten eta sortzen. Hark lana emaniko langile horietako batzuek ez dute ugazabaren hilketa gaitzetsi. Giza miseria. Hildakoaren herriko alkateak ere samina adierazi besterik ez du egin. Inazio hilotz ikusi zuen, baina ez zuen indarkeria ekintza koldar hori gaitzetsi. Sendiari doluminak helarazi dizkio, baina ez du bortxa bidegabea denik adierazi. Herritarrei babesik ematen ez diena ez da alkate, ez da ezer. Aginte makila du, baina ez da inoren auzapez, ezta bera bezala pentsatzen dutenena ere, babes hori berdin pentsatzen segitzera baldintzatzen duen neurrian.

ETAk Elgoibarren leherkari bat zartarazi ondoren idatzi nuen ez zela baztertzekoa hurrengo atentatua alkatetza EAE-ANVren eskuetan den udalerriren batean izatea, batez ere beste alderdi batzuek babestutako udal gobernua duenen batean. Ez zegoen aztia izan beharrik. Pertsonak hiltzen dituenari bost axola zaio natura. Bost kultura ere. Mikel Laboaren heriotzagatik dolurik ere ez dute errespetatu. ETAk ez zuen azpeitiarren arteko elkarbizitza pozoitu eta kaosa eragitea beste helbururik. Zenbat eta okerrago, orduan eta hobe.

Inazio ez dugu gehiago alkandora hutsean mahukak jasota lanean ikusiko, ez berriz San Mateoetako pilota jaialdietan topo egingo. Manoliri, seme-alabei, Uriatar guztiei esan nahi diet, uneotako hustasuna ezerk beteko ez badu ere, alkatea baino askoz garrantzitsuagoak direla herritarrak, eta horiek, gehien gehienak, eurekin daudela, gaudela, egongo garela. Besarkada estu-estu bana!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide