Karapeto: "Eskalatzaileak ezinbestekoak ditu ilusioa eta gogoa"

Berria 2009ko urt. 9a, 12:01

Txapelketetan emaitza onak bildu ditu 2008an, eta harkaitzean 9 zailtasuneko Sistematik ihes eskalatu du

"Eskaladak dena eman dit. Eskalatzen hasi ez banintz bestelakoa nintzateke"

Hotz esnatu da Zarautz. Elurra ari du mara-mara, eta inguruak maindire zuriz estalita daude. Mendirako bainoago, aterperako eguna. Kafesne beroa esku artean hartuta sartu da epelean Gorka Karapeto (Azpeitia, 1981). Nekez ahaztuko du agurtu berri den urtea. "Biribila" izan dela dio, berezkoa duen irribarrea ahoan. Elkarrizketa osoan galdu ez duen irribarrea.

Hitz batean 2008a definitzeko eskatuko banizu...

Biribila izan da, nola pertsonalki hala eskalatzaile ikuspegitik.

Besteak beste, Sistematik ihes eskalatu zenuen Aizpunen (Nafarroa), urriaren 17an; zure kirol ibilbidean 9. graduko lehenengo bidea. Zer garrantzia ematen diozu horri?

Niretzat ibilbide baten emaitza izan da, zenbaki batetik beste batera jauzi egitea. Garrantzitsuena ez da 9a bide bat eskalatu izana, bidea eskalatzean sentitutako gozamena eta segurtasuna baizik. Zenbakiak zenbaki dira, ez besterik. Urte osoan bide gogor asko eskalatu ditut, oso saialdi gutxitan -tartean 8c/8c+ zailtasuneko Nuska, Baltzolan (Bizkaia) eta 8c mailako Rollito sharma extension, Ingravid eskerps, Digital system, Pata negra, Iron man, Legez kanpo, Milxtor edota Pistolaren mintzoa-, eta Sistematik ihes kateatuta urte osoko ibilbide hori biribildu dut.

Zenbaki eta gradu artean galtzen denari edota kirol eskaladari kasu egiten ez duenari nola azalduko zenioke halako bide bat eskalatzeak atzetik duen lana?

Ez da ez egun batetik bestera lor daitekeen zerbait, poliki-poliki egin behar dira urratsak. Entrenamendua eta prestaketa, saio bat eta beste bat, lanetik atera eta autoan gora eta behera... Gaur egun, oso azkar egiten da graduan jauzia, baina garrantzitsuena ez da hori; kirol eskaladan 9a zailtasuna eskalatu izanak ez baitu esan nahi dena eskalatu dezakedanik. Zenbakiak zenbaki dira, eta bide bakoitzak ditu bere ezaugarri eta oztopoak. Mendian topa dezakedan 5. graduko pauso bat edo kirol eskaladako 8. graduko bat desberdinak dira oso, eta horietako bakoitza gainditzea da kontua.

Harkaitzean bide asko eskalatu dituzu aurten? Zeren arabera aukeratzen duzu zer bide eskalatu?

Lehenik eta behin, erakarri egin behar nau. Itxura ona hartzen badiot eta estetiko erakargarria bazait saiatzen naiz eskalatzen. Zenbakiagatik bakarrik ez dut aukeratzen bide bat, egon baitaude zenbaki hutsagatik eskalatzen diren bideak. Askotan gertatzen da hori. Eskola batera joan eta 8. graduko bide bat ikusi, eta aldamenean 7. graduko beste bat, askoz ere ederragoa. Baina eskalatzaile gehienek lehenengoa probatuko dute... prezio berean, ezta?

2008an eskalatutako sorta handi horretatik oroitzapen onena zer bidek eman dizu?

Gezurretan ibili gabe, Sistematik ihes bideak gogobete nau. Eman dizkidan bizipenengatik, baina baita zenbakiarengatik ere. Azken finean, 9 eta a zenbaki eta letra bat dira, baina baita erreferentzia bat ere. Dena dela, gogobete nauena ez da bidea eskalatzeak soilik, urte osoan saialdi gutxitan eskalatu ditudan 8c eta 8c+ bide guztien ondoren denboraldia biribiltzeko modua izan da Sistematik ihes. Ibilbide osoari ematen diot garrantzia, Sistematik ihes soilik eskalatu izan banu ez litzateke berdina izango.

Ekaitz Maizek ireki zuen bidea, eta bera izan zen eskalatzen lehenengoa. Zer ezaugarri ditu?

Oso bide ona da, erresistentzia, indarra eta sabaietako teknika uztartzen dituena. Teknikoa da bidea, baina uste baino azkarrago kateatu nuen, sei egun eta hamalau saialditan.

Zer ezaugarri dituzu eskalatzaile gisa?

Eskalatzaile izateko ezinbestekoak dira eskalatzeko gogoa, ilusioa eta kirolarekiko maitasuna, eta nik horiek baditut. Txikitatik izan naiz izaera bizikoa, eta egoera bakoitzera moldatzen jakin izan dut, baita eskaladan ere.

Irribarrea nekez ezkutatzen duzu eta izaera alaiekoa dirudizu. Eskaladan ere eragina al du horrek?

Norberaren izaerak eskaladan eragingo duela pentsatzen dut, baina batzuetan irribarrea galdu eta haserratzen ere badakit.

Harkaitza izaten da eskalatzailearen berezko eremua. Zuretzat zer garrantzia dute txapelketek?

Harkaitzean eta mendian eskalatzen dut gehienbat, eta rokodromoan entrenatzen naiz. Txapelketak rokodromoan jokatzen dira eta nik maiz parte hartzen dut, baina ez dira lehentasuna. Niretzat lehiatu eta lagunekin ondo pasatzeko modua dira, futbolzaleek edo pilotazaleek partida bat joka dezaketen gisa berean. Kirolzale sentiarazten naute txapelketek, eta mendian eskalatzaile sentitzen naiz. Niretzat osagarriak dira, ongi pasatzeko modua.

Euskal Herriko Txapelketa hirugarren aldiz irabazi eta Espainiako Kopan ondo aritu zara. Zer interpretazio egiten duzu?

Euskal Herriko Txapelketa irabazi eta Espainiako Kopa hirugarren bukatu nuen. Bi lehiaketa horiei ematen diet lehentasuna, baina beste emaitza on batzuk ere izan ditut: Mendiexpoko boulder txapelketa irabazi nuen, besteak beste. Abiadura, zailtasuna eta indarra dituzte ezaugarri lehiaketa horiek, eta aniztasun hori motibaziorako bide ditut, eta eskalatzaile gisa hobetzeko lagungarriak zaizkit.

Negua ez da harkaitzean eskalatzeko sasoirik egokiena. Nola moldatzen zara denboraldia prestatzeko orduan?

Gabonak atseden txiki bat hartzeko baliatu ohi ditut. Iaz kanpora joan nintzen, eta aurten lanean aritu naiz Zarauzko Arista dendan. Rokodromoan sartu-irten bat egin dut, eta urteari ekiteko Bi Aizpetan (Irurtzun, Nafarroa) izan nintzen eskalatzen. Baina aurtengo neguan mendian eta izotzean eskalatzeko asmoa dut, eta neguak aurrera egin ahala ekin kirol eskaladari. Izotzak edota eskalatzeko bide luzeek gero eta gehiago erakartzen naute, eta horri egin nahi diot orain bide. Denetarik probatu nahi nuke.

Oroitzen al zara lehenengo eskalada non izan zen?

Ez dut berehalakoan ahaztuko. Donostian izan zen, haurrentzat prestatutako Gabonetako parke batean. Kaiku etxeak babesten zuen rokodromo bat zegoen, eta goraino igotzeagatik irabiatu bat ematen zuten. Hara joan nintzen zuzenean, eta gora eta behera pasatu nuen arratsaldea. Auskalo zenbat irabiatu edan nituen, baina gaua botaka pasatu nuen.

Eta harkaitzean non eta norekin hasi zinen eskalatzen?

Azpeitiko harrobian, Jose Luis Urkizu Beltza eta Prieto anaiekin, besteak beste, eta hastapenetan Xamao nuen sokalagun. 15 bat urte izango nituen, eta han eskalatu nuen lehenengo bidea: Puti-putie, 6a mailako fisura bat. Gogoan dut asteburua iritsi eta zer ilusiorekin joaten nintzen eskalatzera. Gaur egun ere ilusio handiz joaten naiz leku berriak ezagutzera, baina gutxitan sentitzen dut garai hartan sentitzen nuena.

Urteen joan-etorriarekin, zertan aldatu da Gorka Karapeto Azpeitiko harrobian eskalatzen hasi zenetik?

Bizitzak aurrera egin ahala, guztiok aldatzen garen modu berean. Ilusioa ez da aldatu, baina lasaiagoa naiz orain. Patxada handiagoarekin aztertzen ditut bideak, eskola bera... esperientziak eragindako aldaketak dira.

Zer eman dizu eskaladak?

Guztia. Hamabi urte dira eskalatzen hasi nintzenetik, eta 27 ditut orain. Bizitzan oso urte garrantzitsuak dira, bide bat edo beste bat hartu beharreko urteak, bizimodu bat edo beste bat aukeratzekoak: lana, lagunak... Eskalatzen hasi ez banintz bestelakoa izango nintzatekeela uste dut. Eskalada eta ni, ni eta eskalada egunero goaz elkarrekin, dela fisikoki, dela buruan daukadalako.

Eta Gorka Karapetok zer eman dio eskaladari?

Gogoa eta ahalegina. Dena dela, eskaladak ematen digu eskalatzaileoi guk eskaladari baino gehiago.

Zaila da eskaladatik bizitzea, eta kirola eta lana uztartzen dituzu. Kiroletik bizitzea bideragarria al da? Nola lortzen duzu sasoian egotea?

Alde horretatik oso gustura nago. Zarauzko Arista dendan egundoko aukera eman didate lana eta eskalada uztartzeko. Mendiko denda batean nire saltsan nago, eta aste bat lan egiten dut eta hurrengoan jai hartzen dut. Oso eskertuta nago. Besarkada bana eman nahi nieke Pedro, Laura eta Marijori

Surflari askoren sehaska da Zarautz. Zuk ere ez duzu kirol arrotza, ezta?

Garai batean aritu nintzen surfean, eta baita patinean ere. Baina eskalatzen hasi eta horretan jarraitzea erabaki nuen. Dena dela, Zarautzen lanean ari naizenez tarteka sartu izan naiz uretan, eta sartu nahi nuke gehiagotan. Baina gaur ez da egun aproposa horretarako, ezta? (kar-kar).

Eskalatzaile ez ezik, ekipatzaile ere ari omen zara...

Tira, ekipatzaile esatea gehiegi izango da akaso, baina Aizarnazabalen ari gara bai. Hamabi bat bide ireki ditugu Azpeitiko lagunek, eta gehiago irekitzeko asmoa dugu. Etxe ondoan dago eta oso leku polita da: Dena den, oso nekeza da jaiegunak eskalatzera beharrean ekipatzera bideratzea. Ekaitz Maiz izaten dut atzetik animatu nahian...

Mendiari lotutako kirolek jarraitzaile asko dute Azpeitian, tartean kirol eskaladak. Zergatik dela uste duzu?

Izarraitz mendia herriaren gainean daukagulako. Jendeak hara joateko joera handia du, eta mendia oso gertukoa dugu Azpeitian.

Zer eskatuko zenioke hasi berri den urteari?

Nik nahi dudana egiten uzteko aukera eskatuko nioke. Eskalada anitza da, eta aniztasun horretan sakondu nahi nuke; kirol eskalada oinarri hartuta, baina izotza, mendia edota horma handiak probatu nahi ditut. Kirolari izaten jarraitu, baina abenturari eta esperientzia berriei ateak irekiz.

Begiz jo al duzu bideren bat?

Proiektuak beti izaten ditut buruan, eta badira gustura probatuko nituzkeen bideak, Etxaurin Begi puntuan (9a), besteak beste. Urteak aurrera egin ahala erabakiak hartuko ditut.

Soka motzean

Eskalada: askatasuna.

Harkaitza: energia, naturala.

Lehiaketa: lehiaketa, besterik ez.

Eskalada eskola bat: Azpeitiko harrobia.

Bide bat: Garbantxo (7b+), Aizarnazabalen.

Eskalatzaile bat: Ekaitz Maiz.

Azpeitiko harrobia: nire etxeko terraza.

Landeta duzuen lokala: lagunok eskalatzeko dugun txokoa.

Amets bat: orain arte bezala jarraitzea.

Gorka Karapetori egindako beste elkarrizketa batzuk: Urola Kostako Hitza, Gara

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide