Mikel Aiestaran: "Bertatik bertara ikusi behar da Palestinako egoera, sinestezina da"

Berria 2009ko urt. 12a, 10:01

Palestinako berriak ematen dabil komunikabide batzuentzat, handik

"Israelek munduari ez dio erakutsi nahi zer gertatzen den Gaza barruan"

Freelance kazetaria da Mikel Aiestaran (Beasain; Azpeitian bizi da). Egunero-egunero Palestinako egoeraren berri ematen du ETBn eta Vocenton. Elkarrizketa hau egin zen unean, Hamasen suziri bat erori da Aiestaran dagoen lekutik hurbil. "Oso indartsuak" ez direla dio, "baina susto ederra ematen dute".

Nolakoa da lanegun bat Israel eta Palestinaren arteko gatazkan?

Jerusalemen egoten naiz. Goizetan Zisjordaniara joaten naiz, eta zerbaiten jarraipena egiten dut. Eguerdian Gazako mugatik zuzenekoa egiten dugu. Ezin gara hara bertara sartu, eta bakarrik kanpotik ikus dezakegu Israelen erasoa. Zisjordaniatik Gazara bi ordu daude autobidetik. Eguna bueltaka pasatzen dut.

Zer harreman daukazu horko kazetariekin?

Munduko gatazkarik mediatikoena hauxe da. Harremana oso ona da gure artean. Denok nahi dugu sartu Gazara. Eskubiderik ez dagoela esaten dugu guztiok, ezin dutela hau guztia ezkutatu. Erlazio pertsonala oso ona da, oso jatorra.

Baina informatzeko garaian israeldarrek jartzen dituzte trabak...

Bai, argi dago. Ez diote munduari erakutsi nahi zer gertatzen den Gaza barruan. Erasoa hasi baino lehen hasi ziren kazetariak botatzen, ateratzen bai, baina berriro sartzen ez zieten uzten. Ez dut uste sartzen utziko digutenik. Finean, ez dakigu zer ari den pasatzen Gazan, ez baitugu informaziorik. Oso iturri gutxi daude...

Eta zeintzuk dira iturri horiek?

Gaza barruan dauden kooperanteak, bertako kazetariak... Baina horien ikuspuntua oso mugatua da, etxe batean sartuak daudelako eta ez direlako mugitzen. Baten bat badago ospitalean, baina gaitz erdi. Komunikazioa gero eta zailagoa da, argindarrik ez dute, telefonoak arazo gero eta gehiago ematen ditu.... Egoera okertzen ari da. Poliki-poliki israeldarrak nahi zuten irudia ari dira lortzen.

Hamas dela misilak botatzen dituen bakarra, alegia.

Hori da. Baina Israelen ez dago guda sentsaziorik. Orain kafetegi batean nago, lasai-lasai, nire bideoa editatzen, jatetxeak irekita daude... Harrigarria da, tankeak trailerretan ekartzen dituzte Israel iparraldetik, eta autobidetik zoazela, tankeak aurreratzen dituzu! Gazako mugan turisten autobusak joaten dira bonbardaketak ikustera. Fribolitate handia dago. Hamasen suziriena-eta jukutria da, bat nator, baina konparaezina da. Israeldarrek erakutsi nahi dute hemen guda bat dagoela, baina ez da hala: armada bat populazio bat akabatzen ari da.

Zer diote Israelgo hedabideek?

Komunikabideek lan handia egin dute Hamas etsai nagusia dela saltzeko. Gainera, oso barruan dute Libanon 2006an gertatu zena Hezbolarekin. Hango porrota dela eta, armadaren irudia garbitu nahi dute.

Hamas Hezbola baino ahulagoa al da?

Bai. Ezin dira konparatu Hezbola eta Hamas. Gaza, gainera, oso txikia da. Hiru urte hauetan bonbardaketa asko ikusi ditut, baina hemen gertatzen ari dena gehiegikeria da. Libanon, behintzat, Hezbolak segituan atera zituen haurrak eta emakumeak iparralderantz. Gazan ez dago aukera hori eta nazioarteko komunitateak ez du ezer ere egiten horren aurrean.

Israeldarrak horren alde al daude?

Israeldarrak gudan daude, dena onartuta dago palestinarren aurka. Armadak 40 palestinar hiltzen baditu, ez pentsa kritika bat dagoenik. Hemen kezka bakarra da soldaduak galtzen diren ala ez da.

Zein ezberdintasun dago egon zaren beste gatazkekin?

Iaz Iraken, Afganistanen, Georgian eta Mumbain egon nintzen. Ez dago zer ikusirik. Gatazka bakoitza ezberdina da, baina hemen gertatzen dena oso partikularra da. Sekulako ezintasuna sentitzen duzu, guda miradore batetik ikusten ari zara eta besterik ezin dugu egin. Oso irreala da. Hurbiltzen baldin bazara, segituan etortzen dira soldadu israeldarrak.

Beste lekuetan, behintzat, inbadituen iritzia jaso dezakezu?

Bai. Horregatik nire eta ETBren erronka goizetan palestinarren beste gudak azaltzea da: kolonoak, harresia, desplazatuak... Orain Israelen jomuga Gaza eta Hamas dira, baina Zisjordania eta Jerusalem ere hor daude. Israelen erasoa erabatekoa da. Asko hitz egin da hemengo egoeraz, baina hona etorri behar da zer gertatzen den ikustera, eta, ondorioz, haserretzera. Sinestezina da palestinarren egoera!

Zisjordaniarrek zer iritzi dute?

Errepresio handia dago Al Fataren aldetik. Manifestazioak bertan behera utzi ziren, Hamasen banderak ezin dira jarri... Al Fataren jarrera kolaborazionista da. Ez dago mobilizaziorik Zisjordanian, eta horrek harritzen nau. Finean, Hamas edo Al Fata izan, denak palestinarrak dira. Ez da normala, Gazan hainbeste hildako egotea eta Zisjordanian Hamasen banderarik ez da ikusten. Jendea Hamasekin dago, harro sentitzen dira, eurek ordezkatzen baitute erresistentzia palestinarra.

Eta ezkerreko erakundeak?

Kalean ez dute indarrik. Astelehenean greba zegoen antolatua eta dena irekita zegoen. Horrekin oso hotz geratu naiz. Beste zerbait espero nuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide