Hiru gogoeta

Hedabideetatik hartutakoak 2009ko urt. 19a, 13:01

Asko idatzi da hedabideetan Azpeitiko larunbateko zentsura mozioaz eta horri buruzko gaiez, eta hona hemen euskaraz idatzitako hiru ale

Urtzi Urrutikoetxea (Berria)

"(...) bozek emandakoa bozek kendu. Pikutara joan da historikoki kontserbadorea izan den udalerrian ezkerreko haize freskoz gobernatzeko aukera. Eskuin abertzalea erabateko gehiengotik boto gutxira geratuta, ezkerreko fronte askotarikoak agindu du udalean urte eta erdian. Oposizioa batuta.

Ilusioz gauzak aldatzeko ekimen ausarta zen. Eta muga horien gaineko zubiak finkatu beharrean zartatzen ibiltzea taktika militarra izan daiteke, baina estrategia politiko ulertezina ere bai. Erregea biluzik dagoela aitortu barik ezin dotoreago dagoela esaten jarrai dezakegu, eta EAri begian atzamarra sartu. Azpeitia ez da Ondarroa. Udala herri borondatearen ondorio da, lan politiko eredugarria egin da, eta norbaitek erabaki du Azpeitia sakrifikatzeko modukoa dela, zeharkako kalte onargarria. EAJri opari eman dio eta".

Xabier Euzkitze (Noticias de Gipuzkoa)

"(...) Azpeitia. Istilu eta tirabira askoren kokaleku. ETAk moztu dizkio hegoak, nahita moztu ere, hiru alderdiren arteko proiektu berri eta —ustez— berritzaile bati. EAJk ez du lan erraza izango aurrerantzean. Giro honetan gutxiengoan gobernatzea ez da nolanahiko erronka. Herriaren mesedetan, elkarbizitza eta garapenarenean, orain oposizio bihurtu diren alderdiek jarrera ireki eta eraikitzailea erakutsi behar lukete, mendeku politikoen tentazioari muzin eginik. Eta EAJk aldarte desberdina erakutsi behar luke. Azken urte eta erdian herrian izan den udal gobernuak ez zuen dena ongi egingo —nork egiten du dena ongi?—, baina hainbat ekimen eta lan-molde interesgarri jarri ditu abian. Bide egokia ez da besteek egindako dena gaitzetsi, gutxietsi eta baztertzea, handik atera litezkeen ondorio baliagarriak ustiatu eta baliatzen saiatzea baizik. Geroak esango".

Imanol Murua Uria (Berria)

"(...) Hernani aukeratu du ETAk atentatua egiteko. Arrasate, Azpeitia eta, orain, Hernani. Ez dago esan beharrik Hernanikoan ere inor hil balu —Ertzaintzaren aurkako tranpa omen—, Ino Galparsororen eta Iñaki Errazkinen antzeko atakan jarriko lukeela Marian Beitialarrangoitia. Ezin jakin alkatea ezker abertzalekoa izateak zer eragin izan duen ETAk atentatua herri horietan egitea erabaki duenean. Baina, propio aukeratua edo ez, ondorioa ukaezina da: ataka gaiztoa eta presioa ezker abertzaleko udal gobernuari".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide