Herenegungo helduen danborradaren lekukoa, ohi bezala, helduen danborradako bi taldek hartu zuten atzo goizean. 09:30erako, Ardozaleak eta Gure Ametsa danbor taldeak udaletxe aurrean bilduta zeuden goiz eresia hasteko. Herriko Musika Bandak lagunduta, Alde zaharreko kaleetan kalejira egin zuten eta 10:00etarako berriro ere udaletxe aurrera joanak ziren, Udalbatzarekin batera Eliz kaletik parrokiara joateko. Udalbatzan EAJko Julian Eizmendi alkateak eta zinegotziek eta EAko bi zinegotziek hartu zuten parte. 10:30erako denak parrokian ziren prozesioari ekiteko.
San Sesbatianen irudiarekin egin zuten prozesioa danborradako bi taldeek, parrokiako apaizek eta Udaleko agintariek. Hainbat herritarrek ere hartu zuen parte prozesioan.
San Sebastian Eguneko prozesioa eta meza nagusia bukatu ostean, eguerdian sokamuturra izan zen Gorixo ganadutegiko zezenekin. Ezustekoren bat ere izan zuen zezenean zebilen bakarren batek, baina horretan gelditu zen.
Txikienen festa gogoa
12:30ean, protagonismoa haurrek hartu zuten festan . 500 haur inguruk hartu zuten parte atzo haurren danborradan, 11 taldetan banatuta. Iraurgi Ikastetxeko, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolako ikasleek, eta Juan Antxieta Musika Eskolako eta Itsasi Dantza taldeko haurrek hartu zuten parte.
Danborradari bidea ireki zien gastadoreen taldea aurten Juan Antxieta Musika Eskolako haurrek osatu dute, baita karroza ere. Gastadoreetako eta karrozako haurrak txandatu egiten dira urtero-urtero eta aurten Musika Eskolakoei egokitu zaie irtetea.
12:30ean Aranetik eta Hartzubitik irten eta, plazan barrena, Pilotalekua eta Eliz kalea zeharkatu zituzten. Handik, Enparan kaletik eta Erdi kaletik pasatu zen haurren danborrada, herriko plazara iritsi ziren arte. Behin denak plazan bilduta, San Sebastian martxa jo zuten aurrena. Segidan, berriz, danborradako doinuak jo zituzten. Taldeetako banderadunak, berriz, udaletxeko balkoian izan ziren bitartean Julian Eizmendi alkatearekin batera.
Eguraldia alde
Eguraldia lagun izan zuten danbor-jotzaile txikiek, danborrada bukatu ahala euri tantak hasi baitziren. Danborradaren atzetik joan zen karrozak Izarraizko izoztegia izan zuen gaitzat eta Eli Beobidek egina zen. Karrozan joan ziren haurrak, berriz, Juan Antxieta Musika Eskolakoak izan dira. Danbor taldeen eta karrozaren artean, berriz, danborradako parte-hartzaile txikienak joan ziren inudez eta danbor-jotzailez jantzita hauek.
Arratsaldean, berriro ere sokamuturra izan zen, 16:30ean Erdi kalean hasita. Udaltzainek 16:25-ean bota zuten atzo arratsaldeko aurreneko zezenaren irteera iragartzen zuen suziria. Hirugarrena lehertu ahala atera zuten zezena kamioitik Gorixo ganadutegikoek. Jende andana ibili zen atzo arratsaldeko sokamuturrean. Aurten, gainera, berriro ere Miserikordian San Martin estrata ireki dute zezenean ibiltzeko. Eta, zezenean ibiltzeko Pilotalekua (Done Jakue kalea) estreinatu dute sokamutur zaleek. Atzo arratsaldekoarekin sansebastianeko sokamuturrak bukatu ziren eta berriro zezenean ibiltzeko Inauteriei itxoin beharko.
Sokamuturraren ordu berean, 16:30ean, haurrentzako parkea iragarrita zegoen Olazko Andre Mariaren plazan. Baina azken orduan tokiz aldatu zuten parkea eta Betharramdarretako atarian jarri zuten. Hori azalduz kartelak jarri zituzten Udalekoek.
Sansebastianak datorren urtera arteko agurra gauerdian jaso zuten, bandera jaisteko danborradarekin. 23:15ean irten zuen bandera jaisteko danborradak Artetxeneko aurretik. Musika Bandarekin batera, helduen danborradako Zezenzaleak, Barrenetxea, Oilo Soro eta Irrintzi taldeek hartu zuten parte. Gauerdian, lau taldeak herriko plazan zirela jaitsi zuten udaletxeko balkoian herriko bandera. Halaxe bukatu ziren festak.
"Festak ondo joan dira"
Atzo eguerdian haurren danborrada bukatu ostean Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea "gustura" zegoen festak nola zihoazen ikusita. "Ondo dihoazte festak eta gauzak ondo irteten ari dira; beraz azpeitiar guztiak gustura egoteko moduan gaude", zioen.
Eizmendiren arabera, "festak bakean eta festa giroan pasatzen ari dira. Hala behar du gainera; errespetuz hitz egin da, eta festa bera errespetatu egin beharra dago, denona delako. Iritzi desberdina izan arren, denona da jaia eta horrexegatik merezi du giro onean pasatzea".
Aurtengo sansebastianak bukatuta, danborrak eta upelak gordetzeko garaia heldu da.