Kulturaren esparruan lan egiten dugunok harro esan ohi dugu asko dezakeela kulturak, asko laguntzen gaituela gutako bakoitzari eta, oro har, gizarteari, hobeak izaten, eraman onekoak eta elkartuagoak izaten, mundua begi zabalagoz ikusten... Kulturak bakartasunetik ateratzen gaitu, beste munduetara gaitu eramaten, partaide egiten gaitu proiektu zabalagoetan. Kulturak, hitz batera, mundu hobea eraikitzen laguntzen digu.
Ilustrazioan aurkitu behar ditugu pentsamolde horren sustraiak. Gipuzkoan, orain dela 350 urte, Munibe, Altuna, Egia eta gisako ilustratuek proiektu aitzindariak antolatu zituzten kultura eta zientziak garatzeko, sinetsirik baitzeuden gazteen "hezkuntza morala" era horretan landu beste biderik ez zela. Ez zuten zalantzarik egiten, kultura ezinbestekoa zela "ohiturak aldatzeko" eta aitzinamendu zientifiko nahiz teknikoaren nazioarteko guneei lotzeko. Sinesgaitza da, benetan, Inkisizioak mendean hartua zuen gizarte tradizional hartan, Diderot eta D'Alambert-en entziklopediak Bergaran 11 harpidedun zituela jakitea, 200 etxebizitza zituen herri batean.
Ilustratu haiek gaurko gizartea ezagutzerik balute, liluraturik ikusiko zuten Gipuzkoan lortu dugun kultur garapen handia, harriturik lirateke nazioarteko sare aurreratuenetan dugun lekuaz, kulturaren, zientziaren, artearen edo enpresen esparruetan... Zur eta lur ikusiko zituzten euskarazko kultur ekoizpenaren bidean egin ditugun aurrerapenak, bide luzea egiteko gelditzen zaigun arren. Eta harriturik geldituko ziren gure kultur azpiegituren sare estuarekin, lurraldearen garapen orekatuagoaren laguntzaile dela jakinda.
Ilustratuok, hala eta guztiz ere, txundituta geldituko ziren jakinik beren Azkoiti maitearen ondoan Inaxio Uria hil zutela, bizkarretik tiro eginda. Azken hildakoa bera izanagatik, ezin ditugu beste guztiak ahaztu. Ez zituzten aise ulertuko ez isiltasuna ez etsipena, hilketa horren eta beste guztien aurrean, edo, gehienez ere, lagunarteko giro itxietan adierazitako iritzi aurkakoak, jakinik gure herriaren kultura garapenaren partaide eraginkor diren pertsona eta taldeak direla; jakinik pertsona eta talde horiek atxikimendu goraipagarri batez ari direla lanean arte sorkuntzaren alde, kulturaren hedakuntzaren alde, edo euskararen normalkuntzaren alde.
Lur jota geldituko ziren, zalantzarik gabe, jakinik Inaxio Uriari tiro egin zionak, eta berak bezala, hilketarik gaitzesten ez dutenek edo isilik gelditzen direnek, lur honetako kultura mailarik handienaren onura dutela eskura. Jakinik pertsona horietako askok heziera kultural zabala jaso dutela, isiltasun mingarri horrekin kontraesan bete-betean dagoena.
Zorionez, gure gizartearen gehiengo zabalak onesten du gaur egun lehentasunezko helburua dela ETA desagertzea. Gure erkidego osoaren erantzukizuna da hori, baina kulturaren esparruan lanean ari garenok erantzukizun berezia dugu. Izan ere, kultura ez da kultura izanen, ez bada mundu hobea eraikitzeko lagungarri.
Artistak, sortzaileak eta kulturaren jendeak maiz atera izan dira kalera, ahotsa altxatu dute eta agertu dira gerraren aurka, bidegabekeria sozial edo politikoen aurka. Hedabideetan azaltzeko bide errazago dutenek eta esparru askotatik giza eskubideak urratzearen aurka mintzatzen direnek gizartearen erreferentzia osatzen dute, iritzia eratzen laguntzen dute, babes ematen diete ideia horiekin bat egiten dutenei, iritzia adierazteko biderik ez dutenei, aukera ematen baitiete aldarri horiekin bat eginik sentitzeko.
Nahi nuke lerro hauek hausnar egiteko akuilu izatea gutako bakoitzarentzat, gure kultur eragileentzat, gure sortzaile eta artistentzat, gure kudeatzaile eta komunikatzaileentzat... gure kultur munduarentzat, orobat. Hausnar egin dezagun ETAren indarkeriaren aurrean dugun jokabideaz, gure diskurtso intelektualaz, ETA desager dadin egiten dugun ekarpenaz. Larritu ez gaitezen Munibek edo bere adiskideren batek, turistaren mozorroz, auziaren gainean galdekatzen gaituenean. Gaia aldatu behar izan ez dezagun galdera deserosoen aurrean. Pertsona hobeak izan gaitezen.
Urte berri honetan lor dezagun bakea eta gutako bakoitza senti dadin helburu horretan partaide.