"Nafarroaren independentzia defenditu zutenak omentzeko" ekitaldia egin zuten atzo (igandea) Amaiur-en (Nafarroa), Amaiur 1512-2012 Nafarroa Bizirik! ekimenak antolatuta. "Baina 2012an ez dago zer ospatu. Guk, bederen, ezin dugu pozaz hartu gure estatalitatearen galeraren urteurrena, oso kaltegarria izatez gain, indarrez gertatu zelako. Gezurretan oinarritutako bertsioak zabaldu badira ere, 1512koa ez zen Nafarroak nahita bilatutako inkorporazioa, ezta ituna ere, konkista baizik", dio talde hark.
Jende ugari bildu zen atzoko ekitaldian. Haien artean zeuden Euskal Herriko hainbat udaleko ordezkariak. Azpeitikoak, kasu; hain zuzen, Iñaki Errazkin eta Leire Lazkano ezker abertzaleko zinegotziak. Izan ere, duela hilabete inguru Azpeitiko Udalari ere dei zuzena egin zion Baztangoak (Nafarroa) 1512ko konkistaren bosgarren urtemuga gogorarazteko abiatutako ekimenekin eta, zehazki, Amaiurko herriak atzorako egina duen deiarekin bat egiteko, eta Udalak hala egin zuen urtarrilaren 15eko ezohiko udalbatzarrean, aho batez.
Julian Eizmendik alkateak urtarrilaren 17tik da lehengo astean Errazkinengan utzi zuen Azpeitiko Udalaren ordezkaritza, eta hau igo zen Amaiurko oholtzara, beste 40 bat udaletako ordezkariekin batera.
Manuel Agirretxe Nafarroako Azpeitiarrak Taldeko kidea ere izan zen atzo han.
Udalak onartutakoa
"1. Azpeitiko Udalak, duela 500 urte Nafarroaren, hau da, gure Estatuaren independentzia defendatu zutenei agur eta ohore egin nahi die. Hortaz, duela bortz mende Tuteran, Lizarran, Burgin, Donibane Garazin, Garruzen, Noainen eta bertze anitz lekutan gure libertatearen sugarra babesteko borrokatu zirenak omendu nahi ditu. Amaiurko gazteluan Nafarroaren independentziaren alde bere bizitza eman zutenen kemena gogoan, Amaiurko herriaren deialdiari jarraikiz, euskaldun guztion Nafarroa bizirik dela aldarrikatzen dugu.
2. Udal honek bat egiten du 1512ko konkistaren bosgarren urtemuga gogorarazteko abiatuko diren ekimenekin eta, bere ahalen arabera, laguntza eskainiko die.
3. Amaiurko herriak 2009ko otsailaren 1erako egina duen deiarekin bat egiten dugu eta gure ordezkaritza igorriko dugu bertara, Amaiurko herriaren aldarrikapena gure egin dugula jakinaraz dezan".
"Independentziaren ikurra"
Aipatutako ekimenaren irudikoz, Amaiur da "gure independentziaren ikurra da, baita konkistari egin zitzaion erresistentziarena ere". Etorkizunerako "askatasuna eskuratzeko ilusioa" behar dela dio, bide batez.
Gertaera historikoaren kontakizuna
Nafarroako Gobernuak (UPN-CDN) dio 1512an Nafarroa Gaztelara bere borondatez atxikitu zela. Ez dio halakorik, ezta hurrenik ere, Amaiur 1512-2012 Nafarroa Bizirik! ekimenak, eta honek defenditzen duen bertsioa zekarren larunbatean Berriak artikulu hasieran:
"Ez zen urte soil bat izan 1512a. Ez Nafarroan bederen. 1512ko udan Errege Katolikoaren aginduetara zeuden Gaztelako eta Aragoiko tropek ekin zioten Nafarroaren konkistari. Bi hilabeteren inguruan erreinua menperatzea lortu zuten Albako dukearen gudarosteek. Ondoren, hamar urteko epean, Nafarroako errege-erreginen aldekoek hiru saio egin zituzten galdutako erreinua berreskuratzeko: 1512ko abenduan bertan, 1516an, eta azkena 1521ean.
Azken ahalegin hura izan zen lazgarriena. 1521ko maiatzean, matxinada orokorra egon zen ia Nafarroa osoan. Horrekin batera, Asparros jeneralaren aginduetara zeuden gudarosteek muga zeharkatu eta Enrike II.a Nafarroako erregearen lurraldea berreskuratzea lortu zuten. Ez askorako, ordea. Ekainaren 30ean Noaingo bataila galdu eta atzera egin behar izan zuten. Atzerako bidean, Amaiurko gaztelua hartu zuten eta jarraian Hondarribia. Amaiurren, 200 soldaduz osatutako talde bat geratu zen.
Oraindik kontrolpean ez zituen lurrak menperatzeari ekin zion 1522an Gaztelak, eta, 1522ko ekainean, Mirandako kondearen aginduetara zeuden 10.000 gizonek Amaiurko gaztelua setiatu zuten. Barruan zeuden 200 lagunez hilabetez eutsi ahal izan zioten erasoari, baina azkenean amore eman zuten. Porrot harekin, betirako galdu zen Nafarroako erresuma, eta borroka hartan amaitu zen 1512an hasitako konkista. Horregatik dute 1512k eta Amaiurrek esanahi berezia: 1512 Nafarroako konkistaren urtea bezala, eta Amaiur erresistentziaren eta galdutako erreinuaren ikur bezala".
Ekimeneko webgunea
Ondorengo web helbidean ikus eta irakur daitezke Amaiur 1512-2012 Nafarroa Bizirik! ekimenaren albisteak, bideoak, argazkiak, artikuluak...: www.1512-2012.com