EAJ izan da bozkatuena Azpeitian, 3.894 botorekin

Uztarria.eus 2009ko mar. 1a, 22:03

Aralarrek 835 boto lortu ditu, PSE-EEk 581, EAk 400, PPk 231, EBk 93, UPyDk 14, D3Mk 1.335; abstentzioa %32,8koa izan da

Alex Etxeberria EAJko kidea legebiltzarkide izango da

Hauteskundeetako emaitzak albiste honetan ikusgai

EAJk lortu du babesik handiena Azpeitian gaur Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. 3.894 boto eskuratu ditu herrian. 2005ean EArekin aurkeztu zen koalizioan, eta orduan bien artean 4.909 boto lortu zituzten. Gaur EAk 400 boto izan ditu Azpeitian.

Aralarrek 835 boto bildu ditu, duela lau urte baino 503 gehiago.

PSE-EEk 581 gaur; 2005eko hauteskundeetan, 429.

PPk 231 boto izan ditu (394 aurrekoetan).

EBk 93 (199 2005ean).

UPyDk 14 izan ditu (2005ean ez zen aurkeztu).

Demokrazia 3.000.000 (D3M) Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetutako hautesle plataformak 1.335 boto eskuratu ditu. Azpeitian PSE-EEko alderdiko kideek D3Mko boto zerrendak erretiratu egin dituzte egunean zehar. EHAK-k 2005ean 2.059 boto lortu zituen Azpeitian.

Abstentzioa %32,8koa izan da, duela lau urte baino %7 handiagoa.

Goizeko bederatzietan zabaldu dira herriko hauteslekuak. Herritarrek hamasei hautesleku izan dituzte guztira euren botoa emateko. Datu ofizialen arabera, 11.105 azpeitiar deituta zeuden gaur botoa ematera.

Euskal Autonomia Erkidegoko datu ofizialei dagokionez, EAJk irabazi ditu Eusko Legebiltzarrerako gaur egindako bozak. 30 legebiltzarkide lortu ditu, haietako 10 Gipuzkoan. Emaitza horiei esker Alex Etxeberria azpeitiarra legebiltzarkidea izango da.

Udaleko estrapolazioa

EAEko hauteskundeotan Azpeitian izan diren emaitzak balizko udal hauteskundeetara eramanez gero, kontuak hauek lirateke:

EAJ: 13 zinegotzi.
Aralar: 2.
PSE-EE: 1.
EA: 1.

D3M baliogabetua kontuan hartuko balitz:

EAJ: 10.
D3M: 3.
Aralar: 2.
PSE-EE: 1.
EA: 1.

Azpeitiko boto kopurua ikusteko klikatu dokumentu honetan

Azpeitiko emaitzak mahaiz mahai ikusteko klikatu dokumentu honetan

Adierazpenak

Pello Elortza (EAJ): "Azpeitian 3.894 boto lortu ditugu, dirudienez. %50etik gora da hori. Eskerrak eman nahi nizkieke gure alde botoa eman duten azpeitiar guztiei, EAJrengan konfidantza jarri dutelako. EAJk ordezkatzen dituen zentralitate eta aurrerapen baloreak, egindako gestioa eta herriaren alde egindako lana, jendeak baloratu egin ditu. Aurrerantzean ere lanean jarraituko dugula esan nahi diet. Bestetik, gogoratu nahi dut zoritxarrez azpeitiar batek, Inaxio Uriak, ezin izan duela botorik eman, erail egin zutelako, eta haren botoa abertzalea izango zela.

EAE mailan EAJk lortu dituen emaitzak oso onak iruditu zaizkit niri, baina gobernibilitatearen ikuspegitik ikusi egin beharko zer gertatzen den".

Manuel Unanue (EA): "Guk kaskarreko ederra hartu dugu. Datuak orokorrean izan dira txarrak, ordea, ez Azpeitian bakarrik. Jaitsiera honen arrazoia ez dakigu ziur zein izan daitekeen, agian beldurrarengatik, bozketan egon den polarizazioagatik edo boto erabilgarriaren eraginagatik. Argi dagoena zera da: EAren mezua ez da iritsi herritarrengan eta honen aurrean alderdiak berak azterketa sakon bat egin beharko du".

Ezker abertzalea: "Beherakada egon da. Une honetan bizi dugun koiuntura politikoa, ilegalizazio egoerak eta gaur egunean zehar bozkatzeko egon diren oztopoak, koste bat izan dute. Beherakada espero zen, baina oinarri sendo bat sortuta dago eta aurrera begira lanean jarraituko dugu".

Juan Karlos Arellano (Aralar): "Egia da emaitzak oso onak direla guretzat eta horrek zerbait esan nahi duela, egiten duguna ondo ari garela egiten. Hau ez da hemen gelditzen; joerak horrela badoazÂ… Abstentzioak edota ilegalizazioek ere pisua izan dute, baina guk horren denbora laburrean halako gorakada izatea esanguratsua dela uste dut. Kontuan izan behar da Aralarrek zortzi urte besterik ez daramatzala alderdi gisa. Momentuan nahiko euforiko ere bagaude. Inkestek bazioten ondo joango ginela, baina horrelako emaitzak ez nituen espero. Gipuzkoan beste ordezkari bat lortuko genuela pentsa zitekeen, baina Araban eta Bizkaian ere ordezkaritza eskuratzeak zerbait esan nahi duela uste dut, jendeak politika egiteko moduan aldaketa nahi duela".

Manoli Uranga (PSE-EE): "Balorazioa baikorra da, orokorrean. Denon artean pentsatu beharko dugu gauzak nola eraman eta onartu egin beharko ditugu atera diren emaitzak. Panorama oso ona da. Denok denon artean hasi behar gara lanean, ez bakoitza bere aldetik. Atera diren emaitzek horrela agintzen dute. Azpeitiko emaitzei dagokienez, nik badakit, alderdikide bezala aurkezten hasi nintzenetik hona, zer aldaketa eman den. Azpeitian ere boto aldaketa ematen ari da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide