Ohiko udalbatzarra bertan behera utzi du Julian Eizmendi alkateak

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 7a, 15:03

Osteguneko udalbatzarreko une bat.

“Udalbatzarraren subiranotasuna hankaz gora jartzea eta legea ez betetzea” egotzi dio Iñaki Errazkinek

Eztabaida piztu da oposizioko taldeek alkateari datozen urteetarako programa eta antolaketa azaltzeko eskatu diotenean

Udalbatzarrak arautzen duen legedia oinarri hartuta, EAJri agintaldia bukatzeko falta diren bi urteetarako duen programa, asmoak eta funtzionamendua azaltzeko eta eztabaidatzeko eskatu zioten osteguneko udalbatzarrean ezker abertzaleko hautetsiek, EAkoek eta Aralarrekoak, baina Julian Eizmendi (EAJ) alkatea ez zen bat etorri oposizioak egindako eskariarekin, “gaia Ogasuneko Batzordean tratatuta” zegoela argudiatuta, eta udalbatzarra bertan behera uztea erabaki zuen. Erabaki horrekin, “Udalbatzaren subiranotasuna hankaz gora jartzea eta legea ez betetzea” egotzi zion alkateari Iñaki Errazkin ezker abertzaleko zinegotziak.

Oposizioa osatzen duten ezker abertzaleko hautetsien, EAren eta Aralarren esanetan, “bi hilabete dira udal gobernua aldatu zenetik, eta oraindik ez dakigu ez guk ez herritarrek udal uobernuak zer asmo dituen eta zer egiteko hartu zuen alkatetza, ezta guk abiatutako egitasmoekin zer egiteko asmoa duen ere, eta udalbatzar honetan, legea oinarri hartuta eta demokratikoki, hori argitzeko eskatzen dugu”. Julian Eizmendik erantzun zuenez, joan den asteartean Bozeramaileen Batzordea deitu zuen “horren guztiaren berri emateko” eta “Ogasuneko Batzordean ere azaldu” zuela. Oposizioaren ustez, ordea, Bozeramaileen Batzordea ez da horrelako kontuak eztabaidatzeko. Gainera, Eizmendik oposizioari EAJk egindako antolaketa proposamenaren berri bakarrik eman diola erantzun zion Errazkinek, “ez besterik”.

Udalbatzarrak arautzen dituen legedian oinarrituta egin zuen eskaera oposizioak. Honek zehazten duenez, ohiko udalbatzarrean udal talde batek eskatuta premiazko gai bat tratatu daiteke, Udalbatzak hala erabakitzen badu. Eskaera hori egin zutenean, udaletxeko idazkariak legedia hartu eta ozen irakurri zuen legeak dioena. Honako hau dio laburtuta: aurrena, ohiko udalbatzar batean eta galdera erreguen aurretik, udal talde batek premiazko gai bat lantzeko eskatu behar du, gaia zein den azalduz. Ondoren, gaia landu edo ez bozkatu behar du Udalbatzak. Gehiengoz landu behar dela erabakiz gero, gaiaz eztabaidatzeko txanda izango da, eta eztabaida alkateak zuzenduko du. Ondoren, eskatutakoa onartzen den edo ez erabakitzeko beste bozketa bat egin beharra dago. Baina, herenegun nahiz eta oposizioak “premiazko” gaia zein zen azaldu, ez zen bozkatu ere egin eztabaidatuko zuten edo ez, alkateak udalbatzarra bertan behera uztea erabaki zuelako. Oposiziokoen arabera, “legea hautsi” zuen horrekin.

Udal berriaren aurrenekoa

Urtarrilaren 17an onartu zuten zentsura mozioaren ondoren udal gobernua aldatu zutenetik aurreneko udalbatzarra zen ostegunekoa: martxoko ohiko udalbatzarra, alegia. Hilero, lehen ostegunetan egin ohi dute ohiko udalbatzarra, baina otsailean ez zuten deitu.

Martxoko ohiko udalbatzarreko gai ordena lasai-lasai jarraitu zuen Udalbatzak, gai guztiak aho batez onartuz, eta inolako eztabaidarik gabe. Baina, galdera eta erreguen txanda iritsi aurretik, oposizioak egindako eskariaren harira eztabaida sortu zen eta alkatearen aginduz bertan behera gelditu zen udalbatzarra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide