"Udal gobernuak eztabaida saihestu nahi du", dio oposizioak

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 7a, 15:03

Juan Karlos Arellano (Aralar), Iñaki Errazkin (ezker abertzalea) eta Manuel Unanue (EA) zinegotziak, ostiralean, prentsaurrekoan.

Ezker abertzalea, EA eta Aralarren ustez, udal gobernu berriak eta alkateak hartutako bidea "kezkagarria" da

"Ez dakigu guk martxan jarritako egitasmoekin zer pasatuko den, ez dakigu gehiengo demokratikoa den oposizioarekin zer harreman mota izan nahi duten..."

Osteguneko udalbatzarra eta gero, atzo (ostirala) Azpeitiko Udaleko ezker abertzaleko hautetsiek, EAkoek eta Aralarrek udal gobernuaren jarrera kritikatuz prentsaurrekoa eman zuten, eta gobernu berriak agintaldia bukatzeko falta diren bi urteetan zer egiteko asmoa duen oraindik ez duela azaldu salatu dute. Eta, udal gobernuaren helburua zein den “garbi” azaldu dela diote: “Konpromiso eta eztabaida publikoa saihestu eta bilera pribatuen bitartez oposizioa baliatu nahi dute beraiek sortutako arazoei buruz hitz egin eta babesa lortzeko”. Horren aurrean, galdera egin diote EAJri: “Eta herriko gainontzeko lehentasunez non eta noiz hitz egin behar dugu?”. Udalbatzarrean Julian Eizmendi alkateak “legedia urratu” zuela ere salatu dute.

Udal gobernu bat osatu ondoren “egin beharreko aurreneko lana” oposizioari eta, “bereziki” herritarrei, gobernuak dituen helburuen, egitasmoen eta hartuko dituen konpromiso publikoen berri ematea da. “Hori da bi hilabetean udal gobernuari eskatzen ari garena eta ezkutatzen ari direna. Oraindik orain, ez dakigu zein asmo, zer helburu, zer lehentasun dituen udal gobernu berriak. Ez dakigu guk martxan jarritako egitasmoekin zer pasatuko den, ez dakigu gehiengo demokratikoa den oposizioarekin zer harreman mota izan nahi duten eta zeren arabera jorratu nahi dituen”, salatu dute Udalean oposizioan daudenek.

Gai garrantzitsuez bilerak

Orain arte, udal gobernua osatzen duen EAJk oposiziokoekin izandako harreman bakarrak “herriko gai garrantzitsuen ingurukoak” izan direla diote: “Etxebeltzeko planaren baliogabetzearen ingurukoak, arauak...”. Horrez gainera, oposizioak udal gobernuaren aldetik jaso duen “proposamen bakarra”, liberazioei eta kobratu nahi dutenari buruzkoa da, baita udalez kanpoko erakundeetan botere osaketa berriaren ingurukoa ere. “Gainera, orain gutxi jakin dugu alkatetza hartu bezain laster Julian Eizmendi alkateak bere burua liberatu zuela, 2007ko uztailean guk onartu genuen udalbatzarreko erabakia aprobetxatuz. Hori al da beraien kezka bakarra? Hori da beraientzako lehentasun nagusiena?”, kritikatu dute oposizioko ordezkariek atzo egindako agerraldian.

Osteguneko udalbatzarrean gertatukoaz ere hitz egin dute ezker abertzaleko hautetsi Iñaki Errazkinek, EAko Manuel Unanuek eta Aralarreko Juan Karlos Arellanok: “Udalbatzarrean gobernu berriaren asmoetaz, helburuetaz eta lehentasunetaz hitz egin beharrean, tramiteko gauzak bakarrik tratatu nahi zituen, ezer pasatuko ez balitz bezala”. Hori dela eta, oposizioak “planto” egitea erabaki zuela azaldu dute, eta premiazko gai bezala udalbatzarrean gaia lantzeko eskatzea. “Etxea ezin da teilatutik hasi, gainontzeko guztiak mespretxatuz”, diote.

Legedia “urratua”

Legez, Udalbatza oposizioak aurkeztutako gaia tratatzera derrigortuta zegoela gogorarazi dute, “baina, Julian Eizmendi alkateak legedia urratu eta puntu hori ez zela tratatuko inposatu zuen”. Legea urratzearekin batera, azpeitiarrak ordezkatzen dituzten gehiengo demokratikoaren “nahiaren gainetik” jokatzea egotzi diote alkateari: “Julian Eizmendik gehiengo demokratikoak eskatutakoari muzin egin dio eta berea inposatu du”. “Horrela ulertzen al du Julian Eizmendik demokrazia? Hori al da bi urte hauetan edukiko duen jarrera?”, galdetu dute.

“Bide kezkagarria”

Oposizioko udal ordezkarien ustez, “kezkagarria” da Julian Eizmendi alkateak eta udal gobernuak hartutako “bide berria”. Hautetsi independentistek, EAk eta Aralarrek azaldu dutenez, ez dute horrela jarraitzerik nahi: “Guk oposiziotik herriaren alde lan egiten segitzeko konpromiso garbia dugu, herritarren eta Azpeitiaren onurarako martxan jarri genituen egitasmoak garatuz eta berriak landuz. Baina honela ezin da”. Udal Gobernuak jarrera aldatuko duenaren esperantza dute, “hori baita onuragarriena bai Udal Gobernu berriarentzako bai herriarentzako”.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide