Josu Bereziartua: "Himalaya unibertsitate bezala oso ona da edozeinentzat, umiltzeko leku bat da"

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 11a, 13:03

Josu Bereziartua.

Himalayara familiarekin bideoa egin du mendizale azpeitiarrak

Zumaiako Mendi Astearen baitan, hitzaldia emango du gaur (asteazkena), 19:30ean, Kultur Etxean

Josu Bereziartua (Azpeitia, 1960) mendizaleak familiarekin Himalayan izandako esperientzia azalduko du Zumaiako XV. Mendi Astearen baitan. Iaz Everesteko ohiko trekking ibilaldia egin zuten familiako lau kideek, senar-emazteek eta seme-alabek. 24 eguneko bidaia izan zen eta horri buruz ariko da gaur 19:30ean Kultur Etxean emango duen hitzaldian.

Mendian familian ibiltzeko ohitura al duzue?

Beti ibili izan gara mendian familia bezala, bai Pirinioetan, bai Alpeetan, baita Venezuelako mendietan ere. Himalayara joatea beti izan da familiaren ilusioa. Izan ere, bizi guztia familiakoak despeditzen aritu naiz. "Aita, nora zoaz?", galdetzen zidaten beti eta gogorra izaten zen. Baina, esaten genien, noizbait guztiok batera joango ginela non ibiltzen naizen ikustera. Eta lehengo udan sortu zen aukera.

Nolatan sortu zen bideo hori erakusteko ideia?

Kasualitatez etorri da guztia. Nik beti Al filo de lo imposible telebistako saioarentzako egin izan dut lan eta filmatutako guztia haientzat izaten zen. Filmazio hau etxerako grabatu nahi nuen, oroigarri moduan. Behin etorritakoan filmatutako ikusten hasi ginen eta etxerako muntaiatxo bat egin genuen. Baina, materiala ona zela ikusita, bideoa erakustea erabaki genuen.

Zer ikus daiteke bideo horretan?

Himalayako beheko bizitza ikusten da. Herriak nolakoak diren, Katmandu bera ikusten da, hango erlijioari eta kulturari buruz hitz egiten dugu umeekin... Ibilaldiari dagokionez, egunean 4-5 ordu egin genituen oinez. Eguna kanpoan pasatzen genuen, han edo hemen jaten edo toki batetik bestera joaten. Seme-alabek ere asko ikasi dute, esperientzia interesgarria izan da beraientzat hango haurrak nola bizi diren eta jendea oinarrizko gauzekin nola bizi den ikustea. Unibertsitate bezala oso ona da edozeinentzat, umiltzeko leku bat da. Hori guztia ikusten da Himalayara familiarekin bideoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide