Martxoaren 13a da, iluntzeko 9ak. Errepidetik entzuten den automobil zaratak, ezin ozenago jar litekeen musika "tekno" etengabeak eta gazte talde batek darabilen magnetofoiko hots erdaldunek jakinarazten digute gaur gauean ez dela giro izango geure inguruneetan. Ezta bihar ere, jakina, biharkoa baita askorentzat egun desiratua.
Ikastolen Elkarteak bere buruari aitortzen dio, besteak beste, Ikastolak euskaltasuna duela hezkuntzaren ardatz, euskal kultura duela kulturartekotasunaren abiapuntua. Ikastolaren eredu komunak izaera kooperatiboa eta elkarlana dituela oinarri... (gehiago, Ikastolen webguneak bere ezaugarriez dioen atalean). Kalitate irizpideetako 6.2.5. puntuan, berriz, honako hau daukagu: "Jarduerak antolatzeko orduan, natur eta kultur zikloak aprobetxatzen dira, ikasleek euren historiako gertakariekin, kulturarekin, hizkuntzarekin, folklorearekin eta ikastetxearekin atxikimendua izan dezaten".
Ikasberriren arduradunok: Ikastola kume izana nauzue, Ikastolaren printzipio eta lan hezitzailearen aldeko zein bultzatzaile, Ikastolen lan eskergaren aitorle eta Ikastolen egoera ekonomikoaren jabe ere bai.
X. Ikasberri RallySprinta da aurtengoa, eta hamargarren aldiz begi-belarriak estaliko ditu Ikastolak jarduera honen eragin kaltegarrien aurrean: lehiakortasuna, ingurumenarekiko zein herritarrekiko begirunerik eza, automobilekiko zaletasun itsua, gaztelania... Urte osoan ereindako hazia egun batez zapuztuko du Ikasberrik RallySprinta gora-behera. Eta okerrago dena: egun bakar honek ondorio sozial nabarmenak ditu urte osoan geure ingurunean, haur zein helduok Zer ikusi, hura ikasi egin ohi dugun legez.
Saminez adierazi nahi dugu Ikastolak herrikideokin duen komunikazioa hutsala deritzogula, ez baitu ekintza honen gaineko harreman-bide eraikitzailerik sortzen. Benetan diogu aste honetan jasotako gutuna kortes bezain inposatzaile suertatu zaigula. Eta pena handiz aitortzen dugu auzo-lotsa sentitzen dugula Rallysprinta Ikastolak antolatzearekin bere printzipio pedagogikoak bortxatu izanagatik.
Izan bedi gutun hau aurrera bidean gogoeta eta elkarrizketa-iturri, ekintza sortzaile nahiz kolektiboen su-piztaile, eta guztiaren gainetik, irtenbide hezitzaileen aldeko ekimen.