Urte hau Korrika urtea dugu. Jakina da Korrika euskararen alde Euskal Herrian egiten den egitasmo jendetsuena eta erraldoiena dela, eta, beraz, helburu dugun Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean egitasmo garrantzitsua da.
Azken hamarkadetan, euskalgintzaren, eragile batzuen eta herritarren lanari esker, baita Korrika antolatzeari esker ere, hilzorian zegoen euskara neurri batean berreskuratzea lortu da. Baina indarrean dagoen marko zatikatzailearen araberako euskara berreskuratzeko lanak berea eman du. Bide honetatik ez dugu euskararen etorkizuna ziurtatuko, are gutxiago Euskal Herri euskalduna lortuko. Helburua lortzeko marko demokratikoa behar dugu, Korrikaren ibilbideak ongi marrazten duen lurraldea onartuko duen markoa. Horrez gain, euskararen ofizialtasuna ere beharrezkoa da. Izaera ofizial eta erreal honek euskara Euskal Herriko hizkuntza nazionala, berezkoa eta lehentasunezkoa izendatuko du; eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatuko ditu. Bide honetatik, ateak irekiko zaizkio hizkuntza-politika berria ezartzeko aukerari.
Euskal Herriarekin batera euskarak aldaketaren garaia bizi du, eta gure esku dago edozein modukoa ez izatea. Izan ere, sektore erregionalistek aldaketa-premia hau indarrean dauden menpeko hizkuntza-politikak berritzeko baliatu nahi dute, herritarren gogoari eta euskararen beharrei iruzur eginez. Beraz, makina bat lan dugu egiteko Euskal Herria euskalduntze bidean eta guztiok dugu gure tokia eta egitekoa, denon zeregina baita. Zergatik ez bihar 20:30ean Eskuztan korrika eginez, adibidez?