Haren gauzak kontatzeko modua

Joxe Mari Iriondo 2009ko api. 2a, 11:04

Ai, nondik nora hasi baneki gaur! Joxe Lizasori izan diodan maitasuna eta itzala, biak borroka bizi-bizian datozkit gogora une honetan. Izan ere, "Hi, Joxe Lizaso hil dek" esan dit lagun batek. Eta gauzak beti gerokotan uzteko daukagun grina gaiztoak eta amorruak berehalaxe hartu dit gaina. Lehenengo Poliklinan omen zegoela eta bisitatzera joan behar genuela; gero, etxean omen zegoela, eta joan behar genuela ba… Baina beti geroko gerokotan gauzak utzi, eta orain hau!

Gero, kontuak egiten hasi naiz, nonbaitetik hasi behar-eta: Hainbat aldiz irratsaioak egiteko bertsoak eskatzera joaten nintzaionekoa (bazetorrek gezur-poltsie bizkarrean hartute, haren emazte Julik maitekiro esango zukeenez), han eta hemen herriz herri ehunka jaialditan gaiak ematen ibili nintzenekoa, Joxeri egindako omenaldi ederrak Donostian, Azpeitian, Zestoan eta abar.

Ondo pentsatzen jarrita, ez dakit zerk liluratu eta maitemindu ninduen gehiago, hizketa-kutsu osoa eta gozoa zerion Joxeren bertsokerak, ala haren gauzak kontatzeko moduak. Txillarramendiko gazteen arteko bertso-giroa –"Bertsolariak berezkoa bear du lelengo; baiña urrengo baldintza bertsotarako giroa izatea da gazte batentzat… Nere gazte denboran Azpeitian etzegoen giroa aurkitu nuen Txillarramendin –Auspoa, 55 or"–, inguruetako auzoetako bertso-saioak eta erromeriak, neska laguntzeak, Azpeitiko kaleetan goiz batez azaldu ziren paskinak eta gero Ondarretako kartzelan egon zeneko istorioak, han ezagutu zituen Bergarako lagunak… Lasai-lasai eta gorrotoaren tokian maitasuna jarriz kontatu zizkidan pasadizo bitxiak. Edota ez dakit nungo argindar harietan ikurriña jartzen ibili zenekoak. Zenbat istorio eder, bere bizitza oparoaren lekuko!

Bihotz haundikoa eta eskuzabala izan da Joxe, asko pentsatzen egon gabe edozer gauza ematen zuena. Hamaikatxok badaki horren berri, noski, eskubiz ematen zuena ezkerrak jakiten ez bazuen ere.

Bertsolarien artean errespetoko gizona izan da beti; eta bertsozaleen artean, oso istimatua eta itzal handiko gizona. Azkenengo urte hauetan kapritxoko bertso saioetara bakarrik joaten bazen ere, behin bertsotan hasten zenean, belarriak tente jartzen zituen jendeak haren mezua entzuteko. Eztarri oso ona izan du, eta etorri bikaina. Bat-batekotasunean bizi-bizia, eta zetorkiona esateko inolako oztoporik bere buruari jartzen ez ziona. Inoiz okerren bat zuzenduko al genuen galdetu, eta "ze, hi ere zentsurarekin al hator?" esango zizun agudo. Ez zitzaion gustatzen gauzak zuzendu eta aldatzen jarduterik.

Eguneroko lanaz gainera, beste alderdi bat ere bazuen Joxek, nahiz eta hortik ez zuen bizimodurik. Abertzale fin-fina zen. Azpeitiko udaletxeko balkoian Ikurriña lehenengoz jarri zutenean egin eta gero Loiolan kantatu zizkidan bertsoak gogoangarriak direla nago: "Bistara azaldu ziñaden arte Euskadi gerra bizian/ Zu adoratu naiean geunden bakoitza geren errian/ Azpeitiara azaldu ziñan ilbeltzan emeretzian…"

Frankismoaren garairik petralenetan ere gauzak disimulu haundirik gabe esateko ohitura zuen Joxe Lizasok, 1977an Donostian egindako omenaldi hartan Lopategik esan zuen bezala:

Gorputzez sendo, aurpegiz alai, txapel aundi bat aterbe;

Basarri jaunak zion bezala, gizatasunez errege

Odol bizidun bertsolaria, hitz-jarioz ere trebe;

abertzale zeran aldetik arrazoi zintzoen jabe.

Esan beharrak, zart! esan beti, kopletan ibili gabe,

kopletan ibili gabe.

Lehenengo bertso-plaza mutikoa zela Azpeitiko Arane kalean kunplitu ostean, zenbat bertso saio egin ote du Joxek Euskal Herriko bazterretan? Milaka, auskalo! Baina abertzaleok, jaialdi-antolatzaileak, bertsozaleok, Ikastoletako arduradunak, euskara maite degun denok betiko zordun gatzaizkio, inolako ezbairik gabe. Eta zor horren aitormena egin nahi diogu gaur hemen, bere emazte Juliri eta Xebastian eta Bixenteri esku-zarta bat bidaliz.

Baina betiko agur esatean, ametsetan bada ere, irudi eder bat egin nahi nuke sano: Hantxe, zeru-goietan, Txapel, Zepai, Basarri, Xalbador, Mattin, Uztapide eta beste bertsolari askorekin batean, Antonio Zavala jaialdia grabatzen dela, jaialdi eder batean ikusten dudala. Baina gaur ez naiz ausartuko zuri gai bat ematen. Joxe, barkatu.

Oharra. Joxe Mari Iriondok Berria-n ere idatzi du beste artikulu bat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide