Bizitzan gauza gutxiri buruz esan liteke, baina ez dut ahaztuko Joxe Lizaso bertsotan entzun nuen lehen aldia. Bat-batekotasuna amildegi ertzera eramaten zuen gizona. Gai-jartzaileak gaia birritan esateari, egun guztiok bertsoa pentsatzen hasteko erabiltzen dugun urrezko denborari, itxaroten ez zion obusa. Entzuleak Joxeren ofiziokidearen bertsoa txalotzeko astirik izaten ez zuen zirimola. (Oso kritikatua izan zen banitatearen aurkako eta bat-batekotasunaren aldeko ekintza iraultzailea). Begiak itxita, bere itsasoan igeri. Eta besoak gurutzatuta, bere gorputzarekin kontaktuan. Beti jakin izan dut Joxeren txapel beltzaren azpian kresta berde erraldoi bat zegoela.
Bertsotan, tempo-a ez apurtzen eta gure buruaren mugak esperimentatzearen plazera berari ikasi nizkion. Eta estilo kamikaze xamarra da bakarka lehenengoa botatzeko minutuak onartzen diren sasoiotan. Baina ez dago sentsazioa konparatzerik. Bertigoa eta hegalaldia. Soilik hori irakasten dakienak utz ditzake, joaterakoan, beste bi bertsolari belaunaldi.
Bertsotan irakatsi diedan gaztetxo guztiei hitz egin diet beraz. Eta baten batek gogoratzen ez badu, bere izena esango ez nuelako da. Baina erlojua eskutan hartu, eta azkena pentsatu ahala botatzeko esaten nien bakoitzean, bera neukan buruan.
Azpeitiko frontoian izan nintzen txapelketan 2001. urtean. Burkari buruzko bakarkako gaia entzun ahala, jendartera begiratu nuen eta Joxe ikusi. Zegoeneko, lepoa mugitzen hasia ondokoarekin hitz egiteko. Atoan hasi nintzen, bere buru biraketa arinari adi. Luze jo zidan txalo, bertsoa amaitzean.