Eizmendik dio ETA dela abertzaleen arteko "lankidetzarako oztopo nagusia"

Berria, uztarria.com 2009ko api. 11a, 15:04

Udalbiltza-Udalbidek gaur (larunbata) egin du Aberri Eguneko ekitaldia, Jata mendian, Euskal Herriko aberria Euskadi da lelopean; Azpeitiko alkatea da EAJko eta EAko hautetsien erakundeko presidentea

Bihar hiru hitzordu izango dira: Nazio Eztabaida Gunearena Irun-Hendaian, EAJrena Bilbon eta EArena eta Gernikan

Aberri Eguna bihar (igandea) izango den arren, Udalbiltza-Udalbide erakundeak gaur ospatu du —EAJko eta EA hautetsiek osatzen dute—, Jata mendian (Mungia, Bizkaia), eta Julian Eizmendi presidente eta Azpeitiko alkateak Euskal Herria nazioa dela aldarrikatu du, erabaki eskubidea lortzea beharrekotzat jo du, "baina ETAk hor jarraitzen du", eta bera da abertzaleen arteko "lankidetzarako oztopo nagusia".

Euskal Herriko aberria Euskadi da lelopean egin dute ekitaldia, eta Eizmendik PSE-EE eta PP ere kritikatu ditu, "Madrilgo estrategia jarraituz abertzaletasuna hondatu nahi dutelako". PSE-EEk eta PPk Eusko Jaurlaritzara begira oinarrizko akordioa sinatu berri dute, eta Patxi Lopez sozialista izango da lehendakaria —beti EAJko kidea izan da Jaurlaritzako buru—

2003ko azarotik da Eizmendi Udalbiltza-Udalbideko presidentea. Azpeitiko alkatea da berriro eta EAJko kidea.

Eizmendiren gaurko argazkia ikusi hemen

Biharko ekimenak

Nazio Eztabaida Gunea. 11:30ean hasita, Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi). Hainbat erakundek eman dute atxikimendua.

EAJ. 11:30ean Bilbon, Plaza Barrian. Iñigo Urkullu EAJko presidentearen eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariaren hitzaldiak.

EA. 12:00etan Gernika-Lumon (Bizkaia), merkatuan. Koldo Amezketa EAko lehendakariordearen hitzaldia. Nazio Eztabaida Gunearen ekimenera ordezkaritza bidaliko du.

Udalbiltza-Udalbideren Aberri Eguneko agiria

"1931.a geroztik ospatzen dugu abertzale garenok Aberri Eguna. Urte guzti hauetan denontzat ezagunak diren gorabeherak bizi izan ditugu, baina, guztien gainetik, Aberri Eguna Euskaldunon Eguna izan da, gure Nazioaren aldarrikapenaren eguna, ospakizunetarako, bai, baina baita Euskal Herriaren eraikuntzarekin gure konpromezua biziberritu eta adierazteko balio diguna.

Udalbiltza®k, Euskal Herriko udalerri eta udal-hautetsiek osatutako Nazio Erakundeak, aurten beteko ditu hamar urte. Hamar urte hauetan agerian utzi du egitura politiko eta administratibo zatikatzaileen gainetik badagoela edozein euskal lurraldeetan berezkoa den erakunde bat, herrigintzan tradizio handikoa, politikoki eragilea eta sarean lana eginez mugak gainditzeko gai dena.

Udalbiltza®ren hamar urtetako bideak oinarri tinkoak izan ditu hasieratik:

Euskal Herria nazio bat da, Kontzientzi Nazionalaren jabe den komunitate historiko, linguistiko eta kulturala.

Euskal Nazioa gure Herria osatzen duten zazpi Lurralde Historikoek osatzen dute, “gorputza” lurraldetasunak ematen dion bezala, Nazioaren “arima”, berriz, bertan bizi garen herritar orok.

Nazio bat garenez, gainontzeko nazioek duten neurri berdinean dagokigu, geuri ere, gure etorkizuna demokratikoki erabakitzeko eskubidea.

Euskal Nazio Eraikuntza euskal hiritar guztion borondate librean bakarrik gauza dezakegu

Hori da, hain zuzen, aurtengo Aberri Egunerako deialdi honen bidez, berriz ere, ozen adierazi nahi duguna: euskal gizartearen aniztasuna aitortuz, giza-eskubide guztien defentsa sutsua eginez, benetako demokraziaren bideari jarraiki, Europako Herri zaharrenetarikoa garen neurrian, euskal herritar guztion artean Euskal Nazioaren Eraikuntzan etengabeko pausoak emateko eskubidea gurea dela.

Zoritxarrez, ez dugu, oraingoan ere, gure helburu politikoak gauzatu ahal izateko girorik aproposena bizi.

ETAk oraindik ere entzungor egiten dio hainbeste aldiz Herri honek eskatutakoari. Bortxakeriaren eta jazarpenaren bideari ez dio, euskal gizarteak hainbeste aldiz exijitu arren, behingoz eta betirako uzten.

Herritarrek behin eta berriz ukatu dute ETAren zilegitasuna.

ETAk, inoiz bestelakorik uste izan badu ere, ez du inoiz Herriaren izenean jardun, baina azken aspaldiko honetan antzekorik esatea errealitatetik guztiz kanpo egotea da.

ETA da, eta armak uzten ez dituen bitartean izango da, euskaldunok elkarren artean adostasunetara iristeko dugun traba nagusia. Nazio Eraikuntza barrutik usteltzen duen harra. Gure Herriaren alde egiteko hain beharrezkoak ditugun indarrak ahultzen dituen gaitza. Sufrimendua besterik ekoizten ez duena.

Bestalde, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako hirutan izandako azken hauteskundeetan argi geratu da (lehenago Nafarroan ere agerian geratu zen bezala) “Estatu Estrategiak” agintzen duela, PSOEk eta PP-ek elkarrekin diseinatutako Alderdien Legea eta honen aplikazioan ezarritako debeku politikoak medio, euskal abertzaletasuna erakundeetako ordezkaritzatik desplazatu baitute, Espainia osoan erabat ezinezkoa den hitzarmen politiko bati Euskal Erkidegoan forma emanez.

Euskadiko Estatutu Berriari ezetza eman zioten beraiek itxi zioten atea euskal gizartea kontsultatzeko bideari. Euskal hiritargoaren zati baten ordezkapen politikoa baliogabetu duten berberak dira egoera horretatik, aurretiaz ondo kalkulatua zuten etekina atera dutenak. Azken finean, abertzaleon gehiengoaren balizko “frentismoa” itxuraz arbuiatzen zutenek dira, berriz ere, beti izan diren bezala, euskal abertzaleon aurka elkar-hartzeko inolako eragozpenik ez dutenak. Espainiako ezker-eskuinak gauza bakarra dute amankomunean: euskal abertzaletasuna oldartzea.

Horregatik, aurten, Udalbiltza®ko Udal Hautetsiok Euskal Herria dela gure Lurraldea eta Euskadi gure Aberria deiadar egin nahi dugu, inoiz baino ozenago, Jataren tontorrean:

EUSKAL HERRIAREN ABERRIA EUSKADI DA!!

Horregatik elkartu gara gaurkoan, Bizkaiko Jata mendiaren gailurrean, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa Garaia, Behe Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako udal-hautetsion ordezkariak, denok batera, Euskal Herriko lurralde guztietako ikurren ondoan eta, batez ere, guztiona den Euskadiko ikurrinaren itzalpean Udalbiltza®ren Aberri Eguna ospatzeko.

Gora Euskal Herria!

GORA EUSKADI ASKATUTA!!!!!".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide