Osasun zerbitzua ematen duten langile guztiak euskaldunak izatea aldarrikatu dute

Uztarria.eus 2009ko mai. 6a, 12:05

Atzo (asteartea) aurkeztu zuten mozioa, anbulatorio aurrean.

Osakidetzak abian jarritako azken lanpostu publikoen deialdiaren harira, UEMAk mozioa aurkeztuko du Udaletan, tartean Azpeitian

Herriko hainbat eragilek mozioarekin bat egin zuten atzo (asteartea) eta "hezkuntza eskubideak errespetatzeko" eskatu zuten

Osakidetzak abian jarritako azken lanpostu publikoen deialdiaren harira eta horren aurka, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea UEMAK mozioa sartuko du udaletan, horien artean Azpeitian. Atzo, asteartea, EA, Aralar, Hautetsi independentistak, LAB sindikatua eta euskalgintzako hainbat kidek mozioa aurkeztu eta irakurketaren bat egin nahi izan zuten. Mozioaren bidez, udalek Osakidetzari eta EAEko hizkuntz politikaren arduradunei gogorarazi nahi diete "udalerri eta eskualde euskaldunetan osasun zerbitzua ematen duten langile guztiak euskaldunak izan behar dute".

"Osakidetzak egin duen azken lan deialdiak, beste behin, euskaldunon hizkuntza eskubideak bete betean urratzen ditu", azaldu zuten. "Gure herriko anbulatorioan ere eragin zuzena du lan deialdiak eta ez du bermatuko Azpeitian atera den lanpostuko medikua euskalduna izango denik".

Azpeitiko kasuaz gain, "Osakidetzak EAEn bete behar dituen 1.402 lanpostuetako askotan ez da bermatuko euskaraz zerbitzua emateko gai diren mediku, pediatra eta erizainak sartzea", gogoratu nahi izan zuten.

Bihar, osteguna, atzo irakurketan bildu ziren hiru alderdietako zinegotziek mozioa aurkeztuko dute Udalean, ohiko plenoan.

Mozioa osorik

  • 1.Lehenik eta behin, Azpeitiko Udalak kezka eta harridura adierazi nahi ditu Osakidetzak abian jarritako azken lanpostu publikoen deialdiaren harira. Deialdi horrek Urola-Kostako herri askotan eragiten du, hainbat anbulatoriotan (gutxienez, Azkoitikoan, Azpeitikoan, Zumaiakoan eta Zarauzkoan). Zoritxarrez, azken deialdiaren ondorioz, anbulatorio horietan lanean hasiko diren langile batzuek ez dute euskararik jakin beharko. Horren ondorioz, orain arte bezala, erdaldun elebakarrek tokia izango dute anbulatorio horietan, eta horrek ez du bermatuko osasun zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea. Atzerapauso handia da hori, bere garaian Osakidetzak onartutako plana ez baita beteko, eta euskaldunok bigarren mailako herritar gisa geratzen baikara. Berriro ere osasun zerbitzuak erdaraz jasotzera kondenaturik gaude, Osakidetzak ez baitigu ematen zerbitzua euskaraz jasotzeko bermerik.
  • 2. Bigarrenik, Azpeitiko Udalak dei egin nahi die Osakidetzako buruei eta erantzule politikoei euskaldunen hizkuntz eskubideak kontuan har ditzaten, sindikatu korporatibista erdaltzaleen interesen aurrean. Izan ere, euskaldunon hizkuntz eskubideak eta CC.OO. eta Sache sindikatuen interesak balantzan jartzean Osakidetzak azken horien alde egin du. Azpeitiko Udalak argi eta garbi esan nahi du euskaldunak bagarela nor herri euskaldunetako osasungintzaren gainean iritzia emateko eta eskubideak aldarrikatzeko. Beraz, Azpeitiko Udalak Osakidetzari eskatzen dio euskarak merezi duen tokia izan behar duela eskualdeko anbulategietan, eta euskara ezin dela geratu beste hizkuntza baten mende.
  • 3. Hirugarrenik, Azpeitiko Udala kezka adierazi nahi du deialdietan euskarak izan duen balorazio eskasarekin. Izan ere, euskararen balioa ez da administrazio elebidun batean izan beharko lukeena, ez barne promozioetan, ez lanpostu deialdietan. Horren ondorioz, bihar gure eskualdeko eta beste gune euskaldunetako anbulatorio askotan langile erdaldunak has daitezke lanean. Kasurik onenean, 2010eko abenduan egiaztatu beharko dute euskara maila jakin bat; txarrenean, hori ere ez. Erdaldun etorri eta erdaldun jubilatu ahal izango dira, edo, kasurik onenean, diru publikoaren bizkar sartuko dira euskalduntze prozesuan. Osakidetzako arduradunek nahiago izan dute hori lanpostu horietan langile euskaldunak jarri baino, eta hori guztiz salagarria da Euskal Herrian eta, bereziki, udalerri euskaldunetan.
  • 4. Laugarrenik, Azpeitiko Udalak ez du alde batera utzi nahi nazio mailako irakurketa. Izan ere, eskualdean gertatutakoa ez da kasu bakana, Hego Euskal Herriko udalerri euskaldun askotan gertatzen baita gauza bera. Euskararen gaineko betekizunik ez edukitzeak agerian uzten du urrun gaudela Euskararen Aholku Batzordeak "Euskara 21" txostenean adierazitako asmoetatik: "Hizkuntza batek, garatuko bada, bera nagusia den esparruak behar ditu. Arnasgune horietan, eta ez beste inon, bilatu beharko du biziberritu nahi den hizkuntzak helduleku nahikorik, bai belaunaldiz belaunaldiko transmisioari, bai hizkuntzaren funtzio komunikatiboei, bai hizkuntzaren balio erreferentzialari dagokienez. Arnasgune horiek zaindu, sortu eta, ahal balitz, hedatu ezean, alferrik izango da, seguruenera, gainerako ahalegin oro. Horrenbestez, lehentasunezko trataera garbia eman beharko zaie euskararen arnasguneei XXI. mende hasierako hizkuntza politikan". Errealitateak erakutsi digu hitzak hitz direla eta errealitatea oso bestelako kontua dela.
  • 5. Bosgarrenik, Azpeitiko Udalak euskaraz bizitzeko nahia eta premia aldarrikatzen ditu berriro ere, eta, horren harira, eta, udalerri euskalduna izatearekin zintzo eta koherente jokatze aldera, Osakidetzari irmo eskatzen dio gure herritarrei osasun zerbitzua ematen dieten langile orok euskaldunak izan behar dutela eta hori betetzeko eskura dituen neurri guztiak har ditzala.
  • 6. Azkenik, Azpeitiko Udalak dei egiten die eskualdeko euskaldunei Urola-Kostako anbulatorioetan eta gainerako osasun zentroetan zerbitzua euskaraz eskatzeko eta zerbitzua euskaraz jaso ezean erreklamazioak jartzeko, bai osasun zentroetan bertan (hango erreklamazio orrietan), bai bestelako erakundeetan ere (adibidez, Behatokian edo/eta UEMAn). Euskaldunok ez dugu zertan isilik geratu horrelako injustizia baten aurrean. Ezin gaituzte euskara baztertu eta gaztelaniaz hitz egitera behartu, beren gabeziengatik, interes korporatibo eta politikoengatik edota udalerri euskaldunetan euskara behar bezain tinko ez defendatzeagatik. Bide horretan, Azpeitiko Udalak dei egiten die euskaldunei euskaldun koherente gisa jokatzera eta euskaldunen aurkako hizkuntz politika beren egunerokotasunean salatzera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide