GR-120 ibilbidea egiteko gonbita

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 6a, 11:05

Mundumira jaialdiaren aurrekari bezala Hiru Tenpluen ibilaldia mendi martxa antolatu dute hilaren 16rako Loiolatik irtenda.

Hilaren 22tik 24ra Eskoriatzan egingo duten Mundumira jaialdi handiaren baitan antolatu dute ibilaldia, hilaren 16an

Ibilaldiak 45 kilometro eta 11 ordu inguruko iraupena izango ditu

Maiatzaren 22an, 23an eta 24an Eskoriatzan (Gipuzkoa) Mundumira jaialdia antolatu dute, era guztietako ekitaldiz osatutako hiru eguneko festa. Baina, Debagoienan antolatzen duten festa erraldoi hori girotzen hasteko, aurrekari bezala hilaren 16an GR-120 ibilbidea egiteko irteera antolatu du Oñatiko Aloña Mendi Elkarteak. Mendi martxan parte hartuko dutenek 06:00etan irtengo dute Loiolatik, Azpeitian. Ibilaldian parte hartu nahi dutenek izena emateko 902181471 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Luze ibiltzera ohitutakoentzat

Iraupen luzeko ibilaldia da, 45 kilometro egin behar dira eta 11 ordu inguruko iraupena du. Loiolatik irtengo dute eta martxa Arantzazun bukatuko dute. "Izarraitz magaletik, Azpeitiko Loiolako santutegitik abiatu eta Zumarragako Antigua baselizara doa bidea, Igarate eta Pagotxeta lepoetatik pasatuta. Hortik aurrera, gure urratsek, Aizkorriko Natur Parkeko artzainen inguruetara eramango gaituzte, Oñatiko Arantzazuko santutegiraino", azaldu dute irteeraren antolatzaileek. Haien arabera, maiatzaren 16rako antolatu duten irteera "iraupen luzeko ibilbideak egiten ohituak dauden pertsonentzako proposamena da".

Hiru bailarak lotuz

GR-120 ibilbidea Hiru Tenpluen Ibilbidea bezala da ezaguna, honek Loiolako santutegia, Zumarragako Antigua baseliza eta Oñatiko Arantzazuko santutegia lotzen baititu. Era berean, hiru bailara lotzen ditu ibilbideak: Urola Erdia, Urola Garaia eta Debagoiena.

1997an abiatu zuten Hiru Tenpluen Ibilbidea ekimena. Orduan hiru eskualdeak "proiektu komun batean elkartzearen garrantzia" nabarmendu zuten Azpeitia, Azkoitia, Zumarraga eta Oñatiko udaletako ordezkariek, baita Gipuzkoako Foru Aldundikoek eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailekoek ere. Ondoren, hiru eskualdetako turismoa sustatzeko asmoarekin, fase berri bat jarri zuten martxan Ignaziotar Lurraldea ekimena, 2006an.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide