"Txapela irabaziz gero, ateak zabalduko zaizkidala uste dut"

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 7a, 12:05

Xuban Oiarzabal.

Binakako Erremonte Txapelketako finalera iritsi da

Joaneko partida etzi jokatuko du, Galarretan, 17:00etan

Xuban Oiarzabal Matxin III.a (Matxinbenta, Azpeitia, 1982) erremonte jokalaria Pacharan Baines Binakako Erremonte Txapelketako finalera heldu da, Miguel Mari Urrutia saldiastarra bikotekide duela. Finalean Iñigo Lekunberri eta Julen San Miguelen aurka neurtuko dituzte indarrak. Txapeldun berriak erabakitzeko, finala bi partidetara jokatuko dute: joanekoa larunbat honetan izango da, Hernaniko Galarreta pilotalekuan, 17:00etatik aurrera; eta itzulekoa, berriz, maiatzaren 16an, 18:00etan.

Gero eta gutxiago geratzen da finaleko joaneko partida jokatzeko. Prest egongo zarete jada, ezta?

Azken entrenamendu serioa atzo egin nuen, Galarretan, eta partida jokatzeko prest nago. Egia esan, ilusioz beteta gaude Urrutia eta biok. Zortzi bikote lehiatu gara txapelketan, eta uste dut bi bikote onenak iritsi garela finalera. Izan ere, nire bikotekidea oso une onean dago eta ni ere eroso nabil kantxa barruan, eta gure aurkariak ere ongi prestatuta daude. Finala irabaztea ez da batere erraza izango.

Finaleko lehen partida irabazten duenak garaipenaren zati handi bat eskuan izango al du?

Ni uste dut ezetz. Finala pilotaleku txikian erabakiko da, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Jakina, kontuan izan beharko da joaneko partidan zenbateko aldea ateratzen dion bikote batek besteari. Partida batean zein bestean ez da tanto askoko alderik egongo bukaeran. Txapeldunek 5 tanto baino gutxiagoko aldearekin irabaziko dute. Dena dela, elkarri ahalik eta alde gehien ateratzera irtengo gara kantxara.

Inigo-San Miguel bikotearen aurka jokatuko duzuen estreinako aldia al da?

Lehen aldiz neurtuko ditugu indarrak, bai. Txapelketako kanporaketetan ez dugu elkarren aurka jokatu: final-laurdenetan ekin genion txapelketarai, bakoitzak bere aldetik, eta finalean egin dugu topo. Egia esan, gu erregularragoak izan gara kanporaketan zehar, lau partidetatik lauak irabazi baititugu. Iñigo-San Miguel bikoteak, berriz, bi baino ez ditu irabazi. Tanteoaren arabera egin dute aurrerantz. Alde horretatik, irregularragoak direla esan genezake, hau da, partida bat ona ateratzen zaie eta hurrengoa txarra. Gu, behintzat, hobeto moldatu gara orain arte.

Ondorioz, zuek al zarete txapelketako faborito nagusiak?

Ikusi egin beharko dugu zer-nolako eguna duten aurkariek, baina printzipioz, bai. Urrutia eta biok izan gara bikote erregularrenak. Hala ere, hori ezin da aurreikusi.

Zer esan nahiko luke zuretzat txapela lortzeak?

Egia esan, txapelketa gutxi jokatu ditut nire ibilbidean zehar. Txapelketa garrantzitsu batean finalera iristen naizen lehendabiziko aldia da. Niretzat sari bat izan da finala jokatzea, nire unerik onenean bainago. Espero dut abiapuntu bat izatea. Txapela irabazi gero, ateak zabalduko zaizkidala uste dut.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide