'Euskaraz seguruago' kanpaina jarri dute martxan Urolan

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 12a, 11:05

Urola bailarako euskaltzaleek bat egin dute kanpainarekin. (Nerea Uranga)

Helburua aseguruak euskaratzea da eta norbanakoak nahiz erakundeak parte hartzera deitu dituzte

"Euskararen garapena nahi baino mantsoago" gertatzen ari dela diote

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako euskalgintza mugimenduek bat egin dute Kontseiluak martxan jarritako Euskaraz seguruago kanpainarekin. Helburua aseguruak euskaratzea da eta norbanakoak, herriko enpresak, saltegiak eta bestelako erakundeak deitu dituzte parte hartzera. Azken finean euskararentzat esparruak garatu eta zabaldu nahi dituzte, "bizitza euskaraz normaltasunez egiteko".

Azken urteetan euskararen normalizazioak aurrera egin badu ere, oraindik zer eginik badago, "euskararen garapena nahi baino mantsoagoa" gertatzen ari delako. Diotenez, "horrekin batera euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ez dago bermatuta, eta nabarmenak dira egunero sortzen diren ezintasunak".

Besteen lanerako oztopo

Arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzea lortzeko aseguruak egiten dituzten erakundeen hornitzaileek egiten duten lanak "berebiziko garrantzia" du, Urolako euskalgintzako ordezkarien esanetan. Gainera, beste entitate ugariren lana baldintzatzen dute. Urola eskualdean, adibidez, Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez zerbitzua euskaraz ematen dutela ziurtatu duten entitateak 112 dira. Baina ezin dute Zerbitzua eta lana euskaraz maila lortu, besteak beste, euren aseguru-etxeak ez dietelako zerbitzua euskaraz ematen.

Bestalde, azken urteotan Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren Euskararen telefonoa-n herritarren aldetik hainbat kexa jaso dituzte, "aseguru -polizak, kontratuak, baldintzak eta abarrekoak gaztelania hutsean helarazten zaizkielako". Behatokiaren arabera, aseguru-etxeek "derrigortasun handiagoa" izan beharko lukete herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko: "Izan ere, eskaintzen dituzten hainbat zerbitzu nahitaezkoak dira: auto-asegurua, erantzun zibileko asegurua...".

Kanpainan parte hartzeko eskaera orriak Kontseiluaren webgunearen bitartez eskura daitezke www.kontseilua.org helbidean. Bestetik, inprimakiak, Azpeitian, Uztarriaren egoitzan (Perez Arregi plaza, 1, behea) jaso daitezke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide