Iraurgi Ikastetxeko ikasleak eta San Martin zaharren egoitzako aiton-amonak harreman berezia izaten ari dira azken hilabeteetan. Izan ere, bi zentroek belaunaldien arteko programa bat eraman dute aurrera, belaunaldi desberdinen arteko harremanak sendotzeko helburuarekin. "Programa honekin bai ikasleek eta baita aiton-amonek ere gauza onuragarri asko ateratzen dituzte. Belaunaldirik zaharrenek eta gazteenek baliabideak eta ikaskuntza elkarren artean etengabe trukatzeko tresnak dira, bakarkako onurak zein gizarte mailakoak lortzeko helburuarekin", adierazi dute Iraurgikoek.
Programan 4. mailako ikasleek hartu dute parte, eta egoitzako aiton-amonekin batera ekintza desberdinak egin dituzte martxotik ekainera bitartean, bai egoitzan eta baita ikastetxean ere. Azken hilabeteetan ikasleak egoitzara bisitan joan dira. Lehenengo saioan egoiliarrek garai bateko bizimodua eta antolaketa azaldu zieten gaztetxoei; bigarrengoan, berriz, guztiek elkarrekin mahai joko desberdinak egin zituzten.
Egoiliarrak ere Iraurgin egon ziren eta han ikasleak lehengo eta oraingo ikastetxeen arteko aldeez mintzatu ziren. Elkarrekin soinketa saio bat ere izan zuten.
Programa oraindik amaitu ez bada ere, ikasleentzako eta egoiliarrentzako "oso esperientzi polita izaten ari" dela adierazi dute eta, horregatik, beste ikasturteetan programa horrekin jarraitzeko asmoa dutela aurreratu dute. San Martin Egoitzaren hasierako asmoa, Azpeitiko ikastetxe guztiekin hitz egitea zen, "baina denbora kontra zegoenez eta programa hau lehen aldiz martxan jartzen zenez, hurbilen zuten ikastetxearekin harremanetan" jartzea erabaki zuten.