Santioak arte mendiarekin lotutako hamaika ekitaldi antolatu dute

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 18a, 11:05

1. Lagun Onak Mendi Bazkunakoak Aritxulegitik Larregainera egindako mendi ibilbideko argazkia. 2. Aritz Odriozolaren omenez antolatu dute aurtengo Mendi Astea. 3. 2005eko Ibilaldi Neurtua. 4. Xoxoteko aterpeari barruan egin dizkio

Txalintxoko egunetik Xoxoteko egunera bitartean egingo dute Mendi Astea Aritz Odriozola 'Zabaletxe'-ren oroimenez

Helduentzako Ibilaldi Neurtuan, bi ibilaldi jarriko dituzte aukeran

Urtearen lehen eguna mendian hasi zuten Lagun Onak Mendi Bazkunakoek, Erlon hain zuzen ere. Ordutik hamaika irteera eta ekitaldi egin dute, baina udako oporrak hartu aurretik egiteko beste hainbeste antolatu dituzte. Horien guztien berri emateko agerraldia egin dute mendizale elkartekoek, abuztura bitartean dauden 11 asteburuetatik hamarretan mendizaletasunarekin lotutako ekitaldiren bat antolatu baitute. Mendietara egunpasak, asteburuko irteerak, proiekzioak, eskalada txapelketa, mendi ibilaldi neurtua eta Xoxoterako igoera bertikaleko lasterketa antolatu dituzte, besteak beste.

Aurtengo honetan, Mendi Astearen baitan, Txalintxoko egunetik Xoxoterako eguna bitartean (maiatzaren 24tik 31ra), Aritz Odriozola Zabaletxe zena izango dute gogoan. Mendizale azpeitiarra otsailaren 21ean hil zen Ori mendian. Odriozola 2007ko abendutik Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakaria zen. Huraxe izango dute gogoan hilaren 26tik 31ra bitarteko proiekzio emanaldietan eta Xoxoteko egunean.

Aurten, gainera, Mendi Astearen barruan antolatu dute Euskal Presoak Euskal Harrietara Boulder Txapelketa Herrikoia; hirugarren aldia izango da aurtengoa. Hilaren 30ean jokatuko dute Azpeitiko Gaztetxean, egun osoz. Herriko kirolzaleen parte-hartzea sustatu nahi dute. Horretarako hiru zailtasun maila desberdin dituzte panelak jarriko dituzte, hiru txapelketak jokatuz: Hasiberriak, Herrikoiak eta Elitekoak. Bertan parte hartzeko izena egunean bertan eman beharko da Gaztetxean, 09:30etik 10:30era bitartean, 10 euro ordainduta. Horren trukean, jana eta edana, kamiseta eta eskaladako materialaren zozketarako zenbaki bana jasoko dute.

Boulder txapelketaz gainera, hilaren 30ean, haurrentzako eskaladako gunea jarriko dute herriko plazan. Guraso eta haurrak gune horretara gonbidatu dituzte mendizaleek, eta gero baita Gaztetxera joatera ere, "hango boulder txapelketan giro bikaina egoten delako".

Xoxoteko Egunean, hilaren 31n, Xoxoteko aterpearen 25. urteurrena ospatuko dute mendizaleek. Eta handik aurrera eta uztailaren 26ra bitartean asteburuz asteburu egitaraua ondo beteta dute.

Hogeita bost urteak ondo berrituta

Xoxoteko aterpea 1984ko maiatzaren 27an, Xoxoteko egunean zabaldu zuten. Aurten 25. urteurrena ospatuko dute hilaren 31n. Azkenaldian hainbat berrikuntza egin diote

Kanpoko itxura zerbait bai, baina ez diote asko aldatu. Barrenak, ordea, ederki astindu dizkiote Xoxoteko aterpeari 25 urte hauetan. Itxuraz erabat aldatuta dago, hara iristen diren mendizaleei eta haurren taldeei egonaldia erosoago eta atseginago egitearren.

Xoxoteko aterpea 1984 urteko maiatzaren 27an, Xoxoteko egunean, ireki zuten. 1970eko hamarkadaren bukaera aldera Xoxote gainean zegoen txabola erre egin zen eta orduan hasi ziren Lagun Onak Mendi Bazkunakoak aterpe bat eraikitzeko asmoarekin, hala dago jasota Lagun Onak MB-50. urteurrena liburuan. Orduz geroztik, hainbat eta hainbat mendizalek eta haurrek hartu dute aterpea bertan. Mendizaleek azaldu dutenez, gaur egun Gipuzkoan irekita dagoen mendiko aterpe bakarra da. 2003an berrikuntza handiak egin zizkioten aterpeari eta ordutik mugimendu handia dago bertan: asteburuan mendizaleen sartu-irtena, astean zehar gaztetxoak egoten dira bertan, eta asteburuak pasatzera ere jendea joaten da.

Eraberrituta

Aurten Xoxoteko Egunean 25. urteurrena ospatuko dute Lagun Onak Mendi Bazkunakoek. Baina 25. urteurrena ospatu aurretik hainbat berrikuntza egin diote aterpeari: "Eraberritu egin dugu, batik bat bertara doazen mendizaleen eta haurren erosotasunerako".

Logelako sabaia egurrez estali dute, eta leihoetan, kanpoko barroteak kendu eta egurrezko oholak jarri dituzte. Horrez gainera, beheko solairua eta goiko logelak lotzen dituen pasabide berria eta eskailera berriak egin dituzte. Bai aterpearen kanpoan eta bai aterpearen atzeko txokoan mahaiak eta aulkiak jarri dituzte. Ur beroaren biltegia isolatu egin dute eta aterpea bertan hartzen duten mendizaleentzako apalak jarri dituzte.

Xoxoteko egunean, 25 urte hauetan aterpeko zaindari izan direnak omenduko dituzte: «Haiek egindako lana aitortu eta eskertu nahi diegu egun horretan, eta oroigarri bana emango diegu».

Horrez gain, uztailean haurrekin asteburupasa antolatu dute Xoxotera Lagun Onak Mendi Bazkunakoek. Gau bat aterpean igarotzeko aukera eskainiko die animatzen diren mendizale txikiei. Hogeita bost urte hauetan bezalaxe, orduan ere herritik Xoxotera doazenei aterpe emango die orain 25 urte zabaldutako mendiko etxeak.

Helduentzako Ibilaldi Neurtuan, bi ibilaldi jarriko dituzte aukeran

Kirola Ekainaren 14an egingo da, mendizaletasuna sustatu eta inguruko mendiak ezagutzera emateko helburuarekin

Bi urtetik behin antolatzen du helduentzako ibilaldi neurtua Lagun Onak Mendi Bazkunak. Aurten ekainaren 14an izango da, XIX. aldia burutuz. Oraingo honetan bi ibilaldi jarri dituzte aukeran, bata 49 kilometrokoa eta bestea, berriz, 28 kilometrokoa. Luzea eta laburra. Herritarren eskariari erantzunez erabaki dute aukera jartzea. "Beti entzun izan dugu luzea eta gogorra antolatzen dugula. Aurtengo honetan, ordea, ibilbide labur bat ere jarri dugu aukeran", diote Lagun Onak-ekoek. Ibilbide laburrarekin parte-hartzea sustatu nahi dute.

Baina, jendea parte hartzera animatzearekin batera, mendi ibilaldi neurtuarekin mendizaletasuna ere sustatu nahi dute, eta horrekin batera inguruetako mendiak ezagutaraztea dute helburu. Ibilbide laburra, herriko plazatik irten eta Arauntza, Etumeta, Lasao, Ondarbaso, Erlo, Xoxote eta herriko plaza artekoa da. Luzea, berriz, herriko plazatik irten eta Oñatz, Urrestilla, Urraki, Trintxera, Ernio, Gazume, Etumeta, Lasao, Ondarbaso, Erlo, Xoxote eta herriko plaza artekoa. Bi ibilbideek bat Etumetan egiten dute. Laburrak, guztira gorabehera metatua 3.119 metrokoa du eta luzeak, berriz, 5.378 metrokoa.

Izena ekainaren 10erako

Bietan izena emateko epea datorren ostiralean hasi eta ekainaren 10a bitartekoa da. Izena emateko astelehenetan 21:30etik 22:30era bitartean mendizaleetara deitu beharko da, 943 025893 telefono zenbakira edota haien webgunean eman beharko da: www.lagunonakmb.org. Mendian federatuta daudenek 12 euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek 15 euro.

Ibilaldi luzea goizeko seiretan hasiko da Azpeitiko plazatik eta motza, berriz, zortziretan. Bietan parte hartzen dutenek arratsaldeko seirak bitartean bukatu beharko dute ibilaldia. Ondoren, Izarraitz pilotalekuan dutxa hartzeko aukera ere izango dute. Horrez gain, bezperatik etorri nahi dutenentzako Izarraitz pilotalekuan lo egiteko tokia egokituko dute mendizaleek.

Ibilbide osoan zehar janariarekin eta edariarekin postuak jarriko dituzte mendizaleek, "beraz, parte hartzen dutenek horretaz arduratu beharrik ez dute". Bukaeran ere jan eta edariarekin postua jarriko dute herriko plazan.

Erlojupekoa antolatu dute uztailerako

Euskal Herriko Igoera Bertikalen Zirkuituaren baitan, Xoxotera mendi lasterketa egingo dute

Euskal Herriko Igoera Bertikalen Zirkuituaren baitan, Erlojupeko I. Mendi Lasterketa antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak. Uztailaren 26an jokatuko da. Ezkerretegin hasi eta zuzen-zuzenean Xoxotera, San Inazioren irudira, igo beharko dute parte-hartzaileek.

Euskal Herriko Igoera Bertikalen Zirkuitua hiru mendi lasterketak osatzen dute: ekainaren 21ean Anbotokoa (Bizkaia) izango da; uztailaren 26an, Xoxotekoa; eta, irailaren 20an Uharte-Beriaingoa (Nafarroa).

Goizeko 10:00etan hasiko da lasterketa, Ezkerretegitik. Lasterkariek banaka-banaka irtengo dute, eta gora heltzeko denbora gutxiena behar izan duenak irabaziko du.

Parte-hartzean muga jarri dute eta 200 lasterkari onartuko dituzte. Izena emateko epea ekainaren 22tik uztailaren 15a bitartean egongo da zabalik. Mendian federatuta daudenek 15 euro ordaindu beharko dute eta gainontzekoek 20 euro. Izena, astelehenetan 21:30etik 22:30era eman behar da, mendizaleetara deituta (943 025893); bestela, haien webgunean: www.lagunonakmb.org.

Guztira 3.200 metro luze

Xoxoterako igoera bertikaleko lasterketak 3.200 metroko luzera du, eta 800 metroko goitibehera. Gutxieneko altuera 85 metrokoa da eta gehienekoa 889 metrokoa. Ibilbide osoan edariekin postu bakarra jarriko dute. Lastekarien kontrolerako postu bat ere jarriko dute bidean.

Ezkerretegitik Xoxotera zuzen-zuzenean igo beharko dute parte-hartzaileek, horretarako aldez aurretik bidea txukuntzen nahiko lan izango dute mendizaleek. Baina, lasterketaren bezperetan seinalatuko dute ibilbidea, hala adierazi dute antolatzaileek.

Lagun Onak Mendi bazkunak abuztura arte antolatutakoak

Maiatzak 17, gaur. Gazumeko zentral eolikoaren aurkako mendi ibilaldia. Azpeititik Zelatunera, edota Errezilera autobusez joan eta handik Zelatunera.

Maiatzak 24, igandea. Txalintxoko eguna. Bertan, haur jolasak egingo dituzte. Era berean, haur eta gaztetxoen txartelak jasoko dituzte, gero Xoxoteko egunean dominak banatzeko.

Mendi Astea

Aritz Odriozola Zabaletxe-ren omenez.

Maiatzak 26, asteartea. Proiekzio emanaldia, Gu, Pirineotik Denalira, Patricia Viscarret. 20:30ean, Enparan Dorretxean.

Maiatzak 27, asteazkena. Proiekzio emanaldia, Iran: topikoen aurkako bidaia bat, Asier Aranzabal eta Mila Gallastegi. 20:30ean, Enparan Dorretxean.

Maiatzak 28, osteguna. Proiekzio emanaldia, 2008ko urria: hilabetea Nepalen, Benantxio Irureta. 20:30ean, Enparan Dorretxean.

Maiatzak 29, ostirala. Jose Luis Urkizu Beltza, Xabier Prieto eta Gorka Karapeto herriko eskalatzaileek aurkeztuta Haitzetan dantzan proiekzio emanaldia. 22:00etan, udaletxeko arkupetan.

Maiatzak 30, larunbata.

  • Euskal Presoak Euskal Harrietara III. Boulder Txapelketa Herrikoia, Azpeitiko Gaztetxean. Goizez, A maila 10:30etik 11:30era eta B maila 11:30etik 13:00etara. Arratsaldean, finalak, A maila 16:00etatik 16:45era eta B maila 17:00etatik 17:45era. Elite mailakoak 18:00etara. Ondoren, sari banaketa eta iluntzean parte-hartzaileen afaria.
  • Gaztetxoentzako eskaladako panelak jarriko dituzte, egun osoan zehar, herriko plazan.

Maiatzak 31, igandea. Xoxoteko Eguna.

  • 08:30ean, txistularien kalejira.
  • 09:00etan, Xoxotera irteera, herriko plazatik.

-12:00etan, meza.

  • 12:30ean, hildako mendizaleei lore eskaintza.
  • 13:00etan, domina banaketa gaztetxoei. Ondoren, Xoxoteko aterpearen zaindari izandakoei omenaldia, Xoxoteko aterpearen 25. urteurrenaren baitan.
  • 14:00etan, haurrentzako jolasak.
  • Egun guztian zehar, trikitilariak, txistulariak eta bertsolariak.
  • 19:00etan, triki-poteoa herriko kaleetan.

XIX. Helduen Ibilaldi Neurtua

Ekainak 14, igandea.

  • Ibilaldi luzea: 49 kilometrokoa. Irteera goizeko 06:00etan, herriko plazatik.
  • Ibilaldi motza: 28 kilometrokoa. Irteera goizeko zortziretan, herriko plazatik.

Bestelako irteerak

Ekainak 7, igandea. Gaztetxoentzako egun guztiko ibilaldia Urederrara.

Ekainak 27, larunbata. Leireko mendikatera helduen egun guztirako irteera.

Uztailak 4 eta 5. Gaztetxoentzako asteburu guztirako irteera Izarraitzera. Xoxoteko aterpean pasatuko dute gaua.

Uztailak 11 eta 12. Mendian federatuta daudenentzako asteburuko irteera Perdido mendira.

Uztailak 18 eta 19. Mendian federatuta daudenentzako Picos de Europara asteburuko irteera.

Xoxoterako Igoera Bertikala

Uztailak 26, igandea. 10:00etan, Ezkerretegin hasita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide