'Herioa eta dontzeila' antzezlanaren euskarazko lehen emanaldia egingo dute bihar Betharramen

Uztarria.eus 2009ko mai. 19a, 18:05

Fito Rodriguezek euskaratu du Ariel Dorfmanen testua eta Ramon Agirre, Itziar Ituño eta Asier Sota aktoreek egingo dute irakurketa dramatizatua, 21:30etik aurrera

Orkatz Kultur Elkarteak antolatu du emanaldia

Antzezlan ezagun baten euskarazko bertsioa -irakurketa dramatizatua- lehen aldiz ikusi eta entzuteko aukera izango dute bihar, asteazkena, 21:30ean Betharrameko aretora agertzen direnek. Ariel Dorfman (Buenos Aires, Argentina, 1942) idazlearen La muerte y la doncella euskaratu du Fito Rodriguezek, eta Ramon Agirre, Itziar Ituño eta Asier Sota aktoreek jendaurrean aurkeztuko dute bihar Azpeitian, Orkatz Kultur Elkarteak antolatu duen emanaldian.

1992an plazaratu zuen Dorfmanek La muerte y la doncella. Ingelesezko bertsioa ere (Death and the maiden) urte berean argitaratu zuten eta, harrezkero, 48 hizkuntzatara itzuli dute argentinarraren antzezlana. Roman Polanski zuzendariak zinera ere eraman zuen, 1994an, Sigourney Weaver eta Ben Kingsley aktoreekin.

Tortura jasan eta handik urteetara torturatzaile izandako haietako batekin topo egiten duen emakumearen istorioan oinarritzen da Herioa eta dontzeila. Shuberten izen bereko musika pieza aditzerakoan, Paulina gaixotu egiten da, torturapean pasaturiko sufrikarioa gogora datorkiolako. Behin, Gerardo senarra dakarren autotik aipatu doinua entzuterakoan, torturatzailetariko bat izan omen zenari (Roberto Miranda medikua) antzematen dio eta, ustez, aspaldiko zorra kitatzeko garaia iritsi dela uste du...

Biharko emanaldirako, "langileei bost euroko laguntza eskatuko zaie eta ikasle eta langabetuei ez zaie laguntzarik eskatuko", antolatzaileek adierazi dutenez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide