Biharko, osteguna, greba egunean mobilizazio ugari egingo da herrian

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 20a, 11:05

Krisi ekonomikoaren erantzuleak salatzeko eta langileen eskubideak aldarrikatzeko greba orokorra deitu dute biharko (osteguna) ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek.

Grebaren ondorioak neurtzen hasteko egun bakarra falta den honetan, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkarien iritziak jaso ditu 'Urola Kostako Hitza'-k

Rafa Diez (LAB sindikatuko idazkari nagusi ohia)

Rafa Diez (LAB sindikatuko idazkari nagusi ohia)

"Duintasunez kalera irten eta atzerakoiak diren neurririk ez dugula nahi esateko unea da"

LAB sindikatuko idazkari nagusi izan da 16 urtez Rafa Diez (Lasarte, 1956). Iaz kargu hori utzi egin bazuen ere, sindikalgintzan murgilduta jarraitzen du eta atzo arratsaldean Azpeitian izan zen biharko greba orokorraren garrantziaz hizketan. Enparan Dorretxean eman zuen hitzaldia.

Zergatik deitu duzue greba orokorra?

Alde batetik, guk sortu ez dugun krisi honen erantzuleak salatu nahi ditugu. Krisi hau ez da zerutik erori, batzuek egindako errealitatea da eta hori salatu beharra daukagu langileok. Ardurak eskatu behar ditugu. Horretaz gain, une honetan aztertzen ari diren neurriak langileentzako txarrak dira: enpresetan Enplegua Erregulatzeko Txostenak (EET) ari dira ezartzen, bai soldatetan bai lan baldintzetan atzerapausoak ematen ari dira,... Ez dugu "denok sustatu behar dugu etorkizuna" bezalako mezu hipokritarik onartzen. Gure ustez, krisia sortu dutenek egin behar diete aurre krisiaren ondorioei. Gainera, ezinbestekoa dugu burujabetza ekonomikoa izatea eta beste egitura politiko bat izatea aberastasuna beste modu batera banatu ahal izateko. Hori guztia aldarrikatuko dugu bihar.

Aipatutako arrazoiak LABenak dira; greba deitu duzuenok zein arrazoi dituzue komunean?

Guztiontzat beharrezkoa da bihar krisi honen erantzuleak salatzea. Krisiaren arrazoiak argi utzi behar ditugu gizartearen aurrean eta aurrera begira denok bateratuta jardun behar dugula uste dugu, enpresetan eta gizartean beste eredu ekonomiko baten alde borrokatzeko. Hau ez da gizartea lotan edukitzeko garaia; mobilizazioak egiteko garaia da, gure duintasuna erakusteko mementoa da enpresarien, botere ekonomikoen eta politikoen aurrean.

Nola baloratzen duzue krisiaren ondorioz ELAren eta LABen arteko desadostasunak gainditu izana?

Berri oso positiboa da guretzat eta langileek ere ondo baloratzen dute guk ikuspegi bateratua izatea. Memento honetan garrantzitsua da elkar hartuta aritzea enpresetan nahiz gizarteari begira. Greba orokorrari begira planteatu dugun diseinu eta lan batasun hau garrantzitsua da krisi honi ahalik eta baldintza onenetan aurre egiteko eta, batik bat, gure herriak aurrera begira dituen erronkak behar bezala bideratu ahal izateko.

Biharko grebaren ondoren sindikatuok elkarlanean jarraitzeko asmoa al duzue?

Bai, noski. Greba orokor honekin lortutakoa kudeatu beharra dago eta aurrera begira lan bateratu horri beste mota bateko garapena eman beharko diogu. Hori zertan oinarrituko den ikusi egin beharko dugu baina une honetan helburuen eta aldarrikapenen inguruan abertzale moduan eta langile esparruan indar metaketa egotea ezinbestekoa da.

Nola baloratzen duzue CCOO eta UGT sindikatuek deialdiarekin bat egin ez izana?

Harrigarria eta lotsagarria da hartutako jarrera. Europan krisiaren aurrean sindikatu guztiok kalera ateratzen ari garenean eta Grezian, Belgikan, Frantzian eta beste hainbat tokitan greba orokorrak egin dituzten bitartean eta hemen langileon errealitatea hain larria denean, CCOO eta UGT Espainiako Gobernuari babesa ematen ari dira. Uneotan langileok indarrik erakusten ez badugu, enpresariek nahiz gobernuek nahi dutena egiten jarraitu ahal izango dute; langileon aurka jarraituko dute. Horregatik, duintasunez kalera irten eta neurri atzerakoirik ez dugula nahi aldarrikatzeko unea da.

Patxi Agirrezabala (ELAko komunikazio arduraduna)

"Enpresa nahiz sektoretan lanean diharduten langileei arnasaldia emateko beharrezkoa da"

Patxi Agirrezabala (Zarautz, 1958), ELAko komunikazio arduraduna da 2007ko apiriletik. ELA Gizalaneko arduradun izan zen aurretik. Irakurleek egindako galderak erantzun ditu Berria.info webgunean eta bertan ikus daiteke elkarrizketa digital osoa.

Greba, zertarako? Eman lau apunte motzean, bai? (Miel Mari Lazkano)

Grebarako arrazoi ugari egonik ere, laburbilduz honakoa esan daiteke. Enpresa nahiz sektoretan lanean diharduten langileei arnasaldia emateko beharrezkoa da greba. Patronalaren xantaia negoziazio kolektiboan bizkarretik astindu beharra dugu langileok. Era berean, enpleguaren suntsiketari aurre egin behar diogu eta langabetuentzat babes sozial eta prestazio haundiagoak exijitu. Eta bukatzeko esan, gobernuei bestelako politika publikoak exijitu behar dizkiegula, orain arte egindakoak oso atzerakoiak baitira, enpresari eta errenta altuenen mesedetan burutuak. Ez da gutxi!

Maiatzaren 22tik aurrera sindikatuen artean lankidetza estrategiko baterako apustua egingo al du ELAk? LABek otsailean egindako eskaintzaz zein da zuen jarrera?

ELAk bere prestutasuna agertu du beti lankidetzarako. Dena den, ezin ukatu bide horri serioski heltzeko beste hainbat gai gure artean zehaztu eta argitu behar ditugula. Ezin ukatu ezberdintasunak ditugula eta horiek konpondu behar dira lehenengo. Dena den, eztabaida hori bion artean egin behar dugu eta ez hedabideetan.

Bankuei leporatzen diezue krisi aren errua. Orduan zegatik jarraitzen duzue bankutan inbertitzen pentsioak osatzeko? (Langile)

Guk pentsio publikoen aldarrikapena egin dugu beti, eta horrek beharko luke izan sistemaren oinarria. Sistema osagarriek gardentasuna izan behar dute helburu eta bertako bazkideek erabaki behar dute inbertsioen norabidea, beti ere banaketa sistema kontuan harturik eta ez espekulazio bidea.

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk deitu dute greba. Gehien arriskatu duena ELA al da? (Zestoar bat)

Guk ez dugu greba bat arrisku mailaren arabera neurtzen. Gure ustez, grebarako arrazoi asko dago eta gu konpromisoak hartzeko eta borrokatzeko prest gaude. Erasoei aurre egiteko prestutasuna dugu eta langileak bizi dugun egoeraren aurrean gure erantzukizunari heltzen diogu, lehentasuna horri emanez.

Sozialista bat Jaurlaritzako lehendakari: Patxi Lopez. Sindikatuontzat eskuineko bat(Ibarretxe) egote baino hobe ezta?

Benetako eztabaida ez da batek edo besteak dituzten etiketak. Langileok kezkatzen gaituzten gaietan (fiskalitatea, gizarte politikak, lan baldintzak... ) burutu dituzten politikak adostuak izan dira, gobernuan egon edo oposizioan egon. Galdera da ea nor dagoen prest atzera egiteko adosturiko politika atzerakoi horietan eta patronalari aurre egiteko.

Koordinadora Feminista, grebaren alde

Biharko grebarekin bat egin du Urola Kostako Koordinadora Feministak: "Sistema osoa da krisian dagoena, arduradunik eta errudunik gabe saldu nahi digute krisialdi hau, nahiz eta langileoi ordainarazi nahi diguten. Beti bezala, egoera honetan emakumeak gara ahaztuenak eta kaltetuenak", azaldu dute. Egungo sistema "ez da guk aukeratu duguna, sistema hauxe delako emakumeok zapaldu eta hiltzera ere eramaten gaituena". Emakumeek alternatibak eta aldaketak behar dituztela diote, "eredu sozial eta ekonomikoa finkatzeko, eta eredu hori Euskal Herrian bertan erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu".

Azpeitiko ezker abertzaleak ere grebarekin bat egin eta euskal langileria kalera irteteko dei egin du.

Grebaren eragina Azpeitian

Ikastetxeak

  • Karmelo Etxegarai: gaur erabakiko dute.
  • Urola Ikastola BHI: gaur erabakiko dute.
  • Ikasberri Ikastola eta Haur Eskola: gehiengoak grebaren aldeko botoa eman du eta itxi egingo dira bi eskolak.
  • Iraurgi Ikastetxea: irakasle bakoitzak aukeratuko du zer egin.
  • Uztaro Haur Eskola: langileek greba egingo dute eta itxita egongo da.

Udaletxea

  • Langileek greba egingo dute eta Udaltzaingoak gutxieneko zerbitzuak beteko ditu.

Mobilizazioak greba egunerako Azpeitian

07:15. Auto karabana kiroldegiko aparkalekutik.

09:00. Manifestazioa plazatik.

10:30. Autobusa Donostiara plazatik.

18:30. Manifestazioa egingo dute herriko plazatik abiatuta ELAk eta LABek deituta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide