"Hemen zulo bat zegok!"

Berria 2009ko eka. 9a, 13:06

Duela berrogei urte, Andoni Albizuri Katxo zenarekin batera Rafael Rezabal azpeitiarrak Ekaingo kobazuloa aurkitu zuen Sastarraingo baserritik gertu, Zestoan

Berria egunkariak Ekaingo kobazuloari buruzko erreportajea argitaratu du

Rafael Rezabalek berak kontatu izan du inoiz, Andoni Albizurirekin batera nola ibiltzen ziren Urola Kosta inguruko mendietan, kobazuloen bila, linterna eta soka zahar eskuetan, Joxe Migel Barandiaranen hitzak gogoan: tresnak eta margoak dauden tokietan, giza hezurrak behar direla. Eta haiek, Antxieta kultur taldeko historiaurreko saileko kideek, hezurrak topatu nahi zituzten. Baina zaldiak aurkitu.

Errezil aldean koba batzuk ireki omen zituzten. Asko ibiltzen ziren egun askotan ezer topatu gabe, edo balio handirik gabeko kobak aurkituta. Izarraitz alde horretan maiz egin zituzten laginak. Metro koadro bat hartu eta labana batekin, hamar bat zentimetro kentzen lurrazalari, pazientzia handiz. "Ez du edozeinek eramaten" esan izan du Rezabalek. "Belauniko jarri, poliki-poliki ibili, eta gehienetan ezer ez duzu topatzen. Gu garai hartan zerbait hondatzeko beldurrez ibiltzen ginen". 60ko hamarkada zen. "Ez genuen titulurik, ez ginen profesionalak, eta presioa geneukan, Diputazioarena, Aranzadirena... zerbait topatuz gero, laga egiten genuen, ukitu gabe. Neurriak hartu, neurriak paperera pasatu, eta mapak egin ostean, Aranzadira bidali".

Eta Izarraitz alde horretan, Zestoatik gertu, maiz ibiltzen ziren. Behin baino gehiagotan Sastarraindik pasatu, eta egokia iruditu zitzaien oso historiaurreko gizakia han bizitzeko. 1969ko udaberrian, ekaina hastearekin batera, joan ziren propio. Rafael Rezabal eta Andoni Albizur. Azpeitiarrak biak.

Ardiak sartzen omen ziren

Igandea zen. Sastarraingo baserriko andreari galdetu zioten kobazulorik ezagutzen ote zuen inguruan. Hark baietz, ardiak han atzeko zulo txiki batean sartu ohi zirela.

Hurbildu ziren bi mendizaleak eta hantxe topatu zuten sarrera bat, sasi eta arbolekin dena hartuta. "Txikia zen, metro bat garai eta pare bat metro zabal. Sartu ginen, Andoni ezkerrera eta ni eskuinera. Harriekin estalitako zuloa ikusi, eta artzainen batek erabili izango zuela pentsatu nuen nik. Lehenengo harria kendu, eta haize bolada bat entzun zen. Andoni, hemen zulo bat zegok!. Beste harri bat kendu nuen gero, eta gero bestea, baina denak kendu aurretik, ezin eutsita, sartu egin ginen. Txikiena ni nintzenez, ni joan nintzen aurretik, arrastaka. Hamar bat metro egin, zutitu eta lehenego galeria ikusi genuen". Hortik jarraitu zuten zutik aurrerago, azkenean galeria handi batera iritsi ziren arte. Han ziren zaldiak. "Andoni, hator!".

"Margoak topatu, eta ezin egon, ezin eutsi. Uste dut ez ginela egin genuenaren jabe, emozio handia izan zen. Ez zioagu inori esango esan genuen, baina arratsalde hartan bertan [Jesus] Altunari eta Barandiarani deitu genien".

Barandiaran eta Altuna

Hasieran, bi ikerlariek ez omen zuten deia oso serio hartu. Ez omen zuten sinisten. Jende askok deitzen zuela gisa horretako aurkikuntzen berri emanez. Baina asteartean, Vespa motorra hartu , eta Donostiatik Ataunera joan zen Altuna Barandiaranen bila. Barandiaran atzean hartu, eta Mandubitik barrena Zestoara iritsi ziren. Bi gazteekin sartu ziren kobazulora. Barandiaran antropologo handia ahoa bete hortz geratu zen. "Eskerrak Jainkoari, hau da hau gauza ederra eman didana ikusteko". "Ikusi genuen egundoko aurkikuntza zela" esan zuen Altunak, "egiazkoa zela, eta isilik gorde behar zela".

Diputazioari deitu, eta garrantzi handiko koba bat zegoela eta ate bat jarri behar zitzaiola jakinarazi zieten. Handik bi egunera, burdinazko atea jarrita zegoen. Orduan aurkikuntzen berria zabaldu zuten. Kobazuloari inguruko muinoaren izena eman zioten, Ekain.

Handik hiru astera, bi antropologoak kobazuloa ikertzen hasi ziren, eta urtea amaitu baino lehen, margoen aurreneko txostena egina zuten. Era berean, kobaren sarreran egindako laginei esker, aztarnategi arkeologikoa topatu zuten. Margoetako pinturak bakanak dira zaldien irudiei dagokienez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide