Udalaren "eguneroko ogia" dekretuz erabakiak hartzea dela salatu dute hautetsi independentistek

Urola Kostako Hitza 2009ko eka. 12a, 18:06

Gehiengoaren iritziaren aurka EAJren gobernuak hainbat lizentzia ematen dituela kritikatu dute

Liberatuen kontua "onartzeko" prest daudela diote ezker abertzaleko zinegotziek, baina Udalaren "funtzionamendua demokratikoa den heinean"

Gaur egungo Udalak "funtzionamendu antidemokratikoa" du ezker abertzaleko zinegotzien ustez, EAJk "gehiengoarekin kontatu gabe" hartzen dituelako erabakiak. EAJk bakarrik osatzen duen Udal Gobernuak "guztia dekretuz" erabakitzen duela salatu dute, "hori da Udalaren eguneroko ogia". Udaleko liberatuen gaia, funtzionamendu horren baitan "kokatu" behar dela diote hautetsi independentistek: "Noski, liberazioena nola dekretuz ezin duten egin guregana jotzen dute". Liberatuen kontua "onartzeko" prest daudela diote, baina Udalaren "funtzionamendua demokratikoa den heinean".

Ezker abertzaleko hautetsiek diotenez, zentsura mozio bidez EAJk alkatetza hartu zuenetik zein bide hartuko zuen "kezka" bazuten. "Guk urte eta erdian martxan jarritako dinamikarekin zer gertatuko zen ikusteko zegoen, baina garbi genuen EAJk betiko beste eredu bat duela, eta denbora honetan etengabe erakutsi digute dekretu bidez funtzionatzeko asmoa dutela".

Dekretuz hartutako erabakiak

Zentsura mozioa eman zenetik bost hilabete pasatu dira, eta denbora horretan Udalaren funtzionamenduan hainbat adibide eman dela diote hautetsi independentistek: esaterako, "lehenengo udalbatzarra bertan behera utzi zuen Julian Eizmendi alkateak. Gehiengo demokratikoak egindako eskaerari muzin egin zion, hori onartu baino lehen eta Udalbatzaren gehiengoak eskatutakoa bozkatu gabe". Udal Gobernu Batzordean EAJ bakarrik dago, beste alderdiek ez dute ordezkaririk. Gobernu Batzordean erabakitzen dituzte lizentziak eta horiek dekretuz ematen dituztela salatu dute ezker abertzalekoek, "Udalaren gehiengoak esaten duenaren kontra hartzen dituzte erabakiak".

Ezker abertzalekoen esanetan, Udalbatzaren gehiengoak Kutxari Enparan Dorretxeko liburutegia handitzeko laguntza eskatu zion, baina egitasmo hori alkateak "zuzenean baztertu", eta Soreasuko proiektuarentzako laguntza eskatzen jarraitzen duela kritikatu dute.

Enpresak euskalduntzeko Elegune programaren funtzionamenduaren aldaketa ere alkateak dekretuz onartu zuela salatu dute. Baita hezkuntza arloko Klik eta klik programaren hitzarmena egitea ere: "Inon ezer eztabaidatu eta onartu gabe hartu dute erabakia. Ondoren, beti bezala, behin erabakia hartu dutenean, horretaz informatzen gaituzte". Horren guztiaren aurrean, Udalaren markoak "informatzeko bakarrik" al diren galdetu dute ezker abertzalekoek.

Aurrekontuen garrantzia

Joan den astean aurtengo udal aurrekontuak onartu zituzten, ezker abertzaleko hautetsien, EAkoen eta Aralarrekoaren botoekin. Ezker abertzaleko udal ordezkarien arabera, "aurrekontuak, herriarentzako tresna garrantzitsua dira urtean zehar egingo diren hainbat proiektu aurrera eramateko". Baina, alkateak, aurrekontuen inguruko eztabaida guztia "liberazioen ingurura eta alkatearen soldatara" mugatu duela kritikatu dute. "Horrek bakarrik al du garrantzia?", galdetu dute ezker abertzalekoek.

Proposamenari ezezkoa

Ezker abertzaleko hautetsien esanetan "ez da egia" alkateari soldata kendu diotenik: "Soldatak udalbatzarrean erabakitzen dira, eta oraindik ez da proposamenik aurkeztu bertan. Zain gaude. Beraz, eman ez dena ezin da kendu". Horrez gainera, EAJkoen proposamenaren aurrean isiltasuna agertu dutela ere "ez da egia" ezker abertzalekoen esanetan, "Udalaren gehiengoak EAJk liberazioen inguruan aurkeztutako proposamenari ezezkoa eman zion". Funtzionamenduarekin ados ez daudela da ezezkoa emateko arrazoia: "Hori behin eta berriro esan diogu EAJkoei, baina berdin jarraitzen dute: guztia dekretuz egin nahian".

Adostasunerako "irekita"

Funtzionamenduaren eta liberazioen gaiaren inguruan "adostasunera" iristeko "irekita" daude, ezker abertzaleko udal ordezkariak. Aste honetan Ogasuneko Batzordeko bilera izan dutela diote, eta bertan gaiaz hitz egingo zela espero zutela: "Baina han gaiaren aipamenik ez zuten egin. Zeren zain daude?".

Udalaren "funtzionamendu antidemokratikoarekin erabat kezkatuta" daudela diote. "Aldaketa nabarmena eman beharra dago funtzionamendu normalizatu batera".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide