Azcue y Cia enpresako zuzendaritzak hartu duen jarrera salatu du ELAk

Urola Kostako Hitza 2009ko eka. 19a, 11:06

ELAk dioenez, "enpresak xantaiatik eraso zuzenera pasatu dira eta langileak kaleratzean itxura ere ez dute gordetzen"

2008an, bederatzi hilabeteren buruan, 51 langile kaleratu zituzten Azcue y Cia enpresan

Urola Kostako ELA sindikatuak Azpeitian duen egoitzatik Urrestillan dagoen Azcue y Cia SA enpresaraino ibilaldia egin zuen atzo (osteguna) goizean, "enpresa horretako zuzendaritzaren jarrera salatzeko; langileen kaleratzeak salatzeko; eta, salaketa soziala egiteko". ELAren arabera, eskualdeko hainbat enpresa "xantaiatik eraso zuzenera pasatu da, eta langileak kaleratzeko orduan itxura ere ez dute gordetzen". Horietako kasu bat Azcue y Cia SA enpresako zuzendaritzaren jarrera dela kritikatu du sindikatuak.

Sindikatuak dioenez, duela sei hilabete antzeman zuten "krisiaren aitzakian" enpresariek zein jarrera hartuko zuten: "Antzematen genuen, besteak beste, langileen lan baldintza kaskarrak areagotuko zituztela; kaleratze kasuetan negoziazio prozesuak saihestuko zituztela; eta, beldurraren xantaia zabalduko zutela". Ordutik, azken urte eta erdian, "dozenaka eta dozenaka" langile kaleratu dituztela salatu dute. "Zenbait enpresa xantaiatik eraso zuzenera pasatu da eta erasoak modu askotan ari dira gauzatzen Urola Kosta eskualdean", dio ELAk.

"Legea ere ez errespetatu"

Eskualdeko zenbait enpresetako arduradunek "legedia ere ez dute errespetatzen" ELAren arabera. "Harrokeriaz esaten dute, badakitela egiten ari direna ez dela legezkoa, baina ea nor ausartuko den enpresa epaitegietara eramatera", dio sindikatuak enpresetako zuzendaritzen jarrerari buruz.

Beste zenbait enpresetan, aldiz, enpresetako langileen kolektiboari "muzin" egin eta "banakako akordioak inposatzen dituzte", sindikatuaren arabera.

"Hainbat kasutan, enpresariek askatasun sindikala ez dute errespetatzen", dio ELAk: "Langileen asanbladak edota sindikatuen parte-hartzea oztopatzen ahalegintzen dira. Langileen ordezkariak presionatu egiten dituzte, aurrerago gertatu daitekeenaren errua haien gain jarriz".

Testuingurua kontuan hartuta, gertatzen ari den zenbait kaleratze "delitu sozial gisara epaitu" beharko lirateke ELAren ustez: "Alde bakarrekoak, diskriminatzaileak eta mehatxupean gauzatutakoak direlako. Pertsonen duintasunaren eta eskubideen gainetik enpresarien interesak jartzen dituzte". Era horretako gauzak eskualdeko enpresetan "egunero" gertatzen ari direla kritikatu du ELAk. "Horietako adibide bat, zuzendaritza berria jarri zenetik Azcue y Cia enpresan gertatzen ari dena da", sindikatuak adierazitakoaren arabera.

Negoziatzeko aukerarik ez

2008an, bederatzi hilabeteren buruan, 51 langile kaleratu zituzten Azcue y Cia enpresan; horietatik 35 langile Lana Erregulatzeko Txostenaren bidez utzi zituzten kalean, iazko urtarrilean. Txostena aurkeztu aurretik 205 langile zituen enpresak, eta kaleratze horien ondoren 154 langilerekin gelditu zen.

Baina ELA sindikatukoen esanetan, ordutik beste langile batzuk ere kaleratu dituzte Azcue y Cia enpresan: "Joan den hilaren 19an beste 14 langile kaleratu zituzten eta hil honetan beste 13 kaleratuko dituzte". Sindikatukoen esanetan, lehen negoziazio batzuk egin zituzten enpresako arduradunekin, "baina, ordutik kudeatzailea aldatu egin dute eta oraingoak ez du ezer negoziatu nahi".

Urola Kostako Hitza saiatu da Azcue y Cia enpresako zuzendaritzako kideekin hitz egiten, ELAk egindako akusazioen aurrean zernolako jarrera duten jakiteko. Dena den, zuzendaritzak ez du inolako erantzunik eman eta ondorioz egunkari honek ezin izan du ikuspegi hori azaldu.

«Erasoei aurre» egiteko asmoa

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, "gaizkile sozial izendatu beharko genituzkeen kudeatzaileen eta enpresarien erasoei indar guztiekin egingo diegu aurre". Sindikatuak azaldu du eskualdeko langileria gai dela horrelako gertaerei aurre egiteko, "joan den hilaren 21ean egindako greban eta mobilizazioetan erakutsi genuen bezala". ELAk dioenez, "langileek antolatzen eta mobilizatze" jarraituko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide