Euskara mahaiko hainbat kidek azken gertakarien inguruko idatzi bat adostu genuen. Idatzi honi euskara batzordeburu den Ana Mendizabalek lau punturekin erantzun zion. Eta orain nik erantzun nahi diot puntuz puntu:
- - Parte-hartzeari dagokionez. Urte asko joan den arren, ez da gaizki etortzen gogoratzea, euskara arloan lanean ari zen herri mugimenduari esker Baite euskara elkartea sortu zela, euskalgintza osoaren bilgune bihurtu zen elkarte parte-hartzailea. Ilusio handiz ekimen asko eraman ziren aurrera. Baina EAJren politikak mugimendu guzti horrekin amaitu arteko onik ez zuen izan, oztopoak bata bestearen gainetik jarriz. Euskara Biziberritzeko Planarekin berriz, EAJren politikak aholkuak ematera gonbidatu zituen herritarrak (ez denak), eta honek ere ez zion mesede handiegirik egin parte-hartzeari. Herritarrek protagonista izan behar dute. Azken urteetan, ordea, aurrerapausoak eman dira, Aholku Batzordea zena, erabakigune den Euskara Mahaia izatera igaroz. Azpimarratu nahi dut ere, ondotxo dakizun bezala, prentsaurrean agertu ginen DENOK Euskara Mahaian zuzenean edo norbere eragilearen ordezkariaren bitartez Euskara Mahaian parte hartzen dugula.
- - Atzerapausoari dagokionez. 2. eta 3. puntuei batera erantzungo diet. Oraingo gobernuak enpresetan euskara sustatzeko hartu beharreko neurrien erabakiak ez dira ez Euskara Mahaian hartu, ez eta euskara batzordean ere. EAJk soilik hartu du erabakia. Zuk zeuk onartu zenuen maiatzeko Euskara Mahaian gaizki jokatu zenuela eta barkamena eskatu zenuen, beraz, zertara dator orain zure oldarraldi hau? Erabakiak demokrazian horrela ezin dira hartu, eta are gutxiago gobernuan gutxiengoan egonik, jokabide honek herritarren parte-hartzea bera desegiten du.
- - ELEGUNEri dagokionez. Elegune sortu zenean Azpeitiko Udalak ikaragarrizko inbertsioa egin zuen enpresetan euskararen normalizazioa lortzeko. Udalak bere gain hartu ezin zituen inbertsioak. Bere garaian ere honela genion guk: Udalak ezin zuela bere gain hartu enpresei zegokion gastu guztia. Ez zela bideragarria. Ala ahaztu egin zaizu udal gobernu berriaren lehen urtean diru kopuru garrantzitsu bat bideratu behar izan zela aurreko legealdian egin zenuten "zuloa" estaltzeko? Bazirudien diru kopuru handi horiek erabili gabe ez zegoela ezer egiterik, hau da, diruak dena konponduko zuela. Baina ELEGUNEren aurrekontua herenera jaitsi izanak erakusten du orain jabetu zaretela diruarekin soilik ez dugula ezer euskaldunduko. Eragileen konpromisoak bilatu ezean, nekez lortuko dugula euskararen normalizazioa.
Azpeitian euskaraz bizitzeko ez dugu erabaki inposatzailerik behar, ez eta Udalak diru kopuruz jasan ezin duen egitasmorik ere. Herritarren ilusioa, herritarren kontzientziazioa, herritarren konpromisoa eta herritarren inplikazioa dira lortu behar ditugunak benetan herri euskaldun batean bizitzeko. Espainiako Auzitegi Nazionalak ere Azpeitiko euskararen ordenantzak atzera bota dituela ezagutu berri dugu. Erabaki horrek berriro ere azpeitiarron eskubideak zapalduak izatea bultzatuko du. Badirudi ezetz, baina euskararen arloan oraindik ere asko daukagu egiteko eta hemendik gonbidapena luzatu nahi diet guztiei bide honetan parte hartzera.