Jesuitak Herri Irratia saltzea aztertzen ari dira, arazo ekonomikoek eraginda

Berria, uztarria.com 2009ko ira. 1a, 16:09

Diru arazoei aurre egin ezinik ibili dira irratiko arduradunak azkeneko urteetan, eta gogoeta prozesuari ekin diote

1961ean sortu zen hedabidea, eta hasieran Donostiako eta Loiolako irratiek osatzen zuten

(Berria-k abuztuaren 9an argitaratutako albistea da)

Azken urteetako arazo ekonomikoei aurre egiteko, eta etorkizunera begira, Herri Irratia-Loyola Media irratiari jarraipena nola eman aztertzen ari dira. Herri Irratia Jesusen Lagundiaren jabetzakoa da, eta hango iturrietatik Berria-k jakin duenez, hainbat aukera dituzte mahai gainean; tartean, irratia saltzea. Kontuan izatekoa da Bilbon ere badela Herri Irratia, baina Bilboko Gotzaindegia da haren jabea. Ez du zerikusirik Loyola Media taldearekin.

Aspalditik zebiltzan irratiaren bideragarritasun ekonomikoaren inguruko hausnarketa egiten. Berriki, uztailaren bukaeran, ireki zuten irratiaren etorkizuna zehazteko prozesua. Tarte horretan Hego Euskal Herriko elizbarrutiekin eta hainbat komunikabiderekin harremanetan egon direla adierazi dute Jesusen Lagundiko iturriek.

Arazoari irtenbidea bilatze aldera, Euskal Herriko zein Espainiako hedabide batzuetatik proposamenak jaso dituztela jakinarazi dute. Proposamenak jaso eta aztertzen ari dira buru-belarri. "Prozesuaren erdi-erdian" dabiltzala ohartarazi dute Lagunditik. Orain, berriz, jasotako proposamenak aztertu egin behar dituztela adierazi dute. Betiere, "irtenbiderik onena" ematea helburu izanik. Prozesua luzea izango dela iritzi diote, alegia, aukera guztiak ikusi eta aztertzeko denbora behar dutelako. Alde horretatik, "zintzotasun osoz" ariko direla esan dute Jesusen Lagunditik. Herri Irratiaren izatea eta nortasun propioa gordetzeko, eta orain arteko ibilbideari jarraitzeko, proposamen egokienaren bila dabiltza.

Urte hauetan guztietan aldaketak izan ditu irratiak. Loiolako (Azpeitia, Gipuzkoa) eta Donostiako irratiekin hasi baziren ere, pixkanaka zabalduz joan dira esparrua. Herri Irratiak ez du izan komunikabide talde indartsuen itzalik. Hala, hainbat irratirekin lehiatu behar izan dute, nagusiki EITBrenekin.

Erronkaz beteriko ibilbidea

Herri Irratiak ibilbide luzea du. 1961ean sortu zen, eta hasiera batean Donostiako eta Loiolako irratiek osatzen zuten. Urteetan, irratiaren zabalkundea Gipuzkoara mugatzen zen. Baina, 2003az geroztik, Herri Irratiko zuzendaritza aldatzearekin batera, egitasmo berriak jarri zituzten martxan. Alex Aranzabal izendatu zuten zuzendari kudeatzaile, eta helburu nagusi izan zuen Hego Euskal Herrira zabalduko zen egitasmo elebiduna martxan jartzea. Nahiz eta irratia nagusiki gaztelaniaz izango zen.Hala, pixkanaka sei eremutara zabaldu dute Herri Irratia: Gasteizkoa 2003an sortu zuten, Bilbokoa 2004an, Eibarkoa 2007an eta 2008an Durangokoa sortu zuten. Nafarroan ere zabaltzeko saioak egin dituzte, baina, baimenak lortzeko zailtasunak direla medio, ezin izan dute Nafarroara hedatu.

Urteetan Herri Irratiak hainbat zailtasuni aurre egin behar izan die. Hasiera batean, COPE irrati kateari atxikita zegoen. Baina, bi irratiek ildo editorialean desadostasunak zituzten, eta bakoitzak bere bidea hartu zuen 1993an. Bilboko gotzainaren menpeko Herri Irratira hurbiltzen saiatu zen orduan Loyola Media taldea, baina ez zuen lortu. Orduan hartu zuten zabaltzen hasteko erabakia. Ordea, arazo ekonomikoei aurre egin ezinik ibili dira Herri Irratia-Loyola Media taldeko arduradunak. Hortaz, aspalditik proposatutako prozesua da orain hasitakoa.

Loiola Herri Irratiari buruz

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide