Perfekzioaren desoreka

Iñaki Lazkano ('Berria') 2009ko ira. 26a, 15:09

Zorion perfektua euskarazko filmaren iruzkina egin du Iñaki Lazkanok Berria-n, eta Alberto Berzal aktorea izan du hizpide

Zorion perfektua

Zorion perfektua

Zuzendaria. Jabier Elortegi. Aktoreak. Anne Igartiburu, Aia Kruse, Alberto Berzal. Gidoia. Anjel Lertxundi, Pedro Fuentes, Oliver Elder, Jabi Elortegi. Herria. Euskal Herria. Iraupena. 90 minutu.

"Kontzientziarik ez bagenu, animalia huts ginateke, zorion perfektu baten jabe". Perti irakaslearen hitzak dira, azken finean kontzientziaren auzia baita Zorion perfektua eleberri moralaren muina. Kontzientziarik eza, zehatz esateko. Nobelaren ildo beretik, zorion perfektuaren herrialdean bizi izan garela -bizi garela- salatzen du filmak, indarkeriaren aurrean isiltasunari hitz emanez, laztura ulertu eta justifikatuz, beste aldera so eginez.

Anjel Lertxundiren nobelak kontzientziaren auziari buruz dakarren gogoeta etikoaren lerro nagusiak aintzat hartzen ditu Jabi Elortegiren egokitzapenak, nahikoa fidel. Hala, esaldi esanguratsu bat dago filmaren bukaeran enfasi handiz azpimarratzen dena: "Garaiz esaten ez diren egiak gure kontra bihurtzen dira". Gauza da egia ez dela kolore bakarrekoa izaten, beste espaloian ere zorion perfektuaren biztanle ugari baitaude, lagun hurkoaren sufrimendua sentitu ez eta isiltasuna ezarri nahi dutenak. Hortaz, keinuak beste ertzetik ere beharko lirateke, zorion inperfektuan bizi gaitezen.

Nolanahi ere, ñabardura ideologikoez haratago, Ainhoaren iragana erretratatzen duen partea da filmeko atalik onena. Perti eta ikasketa-buruaren arteko eztabaida dakarren sekuentzia aparta baita, zinez. Atentatuaren ostean Aia Kruse euripean lasterka irudikatzen duena ere aipagarria denik ezin uka. Tamalez, baina, indar handiko eszena horien ondoan beste arrunt asko aurki daitezke. Etxetik irteterakoan bizilagun orok Ainhoari begiradarekin mehatxu egiten diotenekoa, kasu.

Oraina islatzen duen parteak —Bartzelonan girotutakoa—, eleberrian iradokitakoa abiapuntu hartuta, Ainhoa eta Imanolen arteko maitasun istorioa dakarkigu. Tonua nahikoa hotza da, eta hoztasun hori interpretazioetara ere kutsatzen da. Alta, bada bihotza iraultzeko moduko eszenarik ere. Afalosteko eztabaidarena, esate baterako. Bertan, Anne Igartiburu eta Alberto Berzal bikain daude. Intentsitatea azpimarratzeko sartutako biolin pieza batek, ordea, eszena zirraragarriena urardotu egiten du.

Emaitza irregularra da. Iragana eta oraina ez baitaude behar bezala soldaturik. Bartzelonako maitasun istorioak gehiegi zamatzen du-eta filma. Bukaerako ezustea ere bortxatuegia baita. Hala, eszena onak falta ez diren arren, jarraitutasunik ez dago. Eta horrek kalte egiten dio orekari.

Akademiako irakasleak Schumannen piano lanei buruz zera esaten omen zion Ainhoari: "Pianoa sottigliezza-rik gabe joz gero, haren piezek xarma guztia galtzen dute; onik onenean, erdibidean gelditzen dira". Filmari ere halako zerbait gertatzen zaio.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide