Xabier Borda: "Azken finean, idazteak abentura izan behar du, arriskatu egin behar da"

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 1a, 11:10

Xabier Borda idazlea.

Xabi Borda idazleak atzo (asteazkena) aurkeztu zuen lan berria Donostian, Gulliverren lokarriak poema liburua

Bere hirugarren liburua da argitaratu berri duena

Astearte arratsaldean bildu zen Xabi Borda (Azpeitia, 1981) Urola Kostako Hitza-rekin, Gulliverren lokarriak poesia liburuaren aurkezpenaren bezperan. Bordak, hirugarren liburua du Gulliverren lokarriak. Landutako bigarren poema liburua du; 2004ean idatzi zuen aurrena, Birika zatiak. Aurkeztu berri duen liburuko poemak "mundu berezi batzuk" direla dio: "Etxetik alde egite edo hauste horretan topatzen ditudan mundu oker batzuk dira. Mundua zurruna da, eta horren barruan mundu propio bat sortu nahi da".

Bigarren poema liburua duzu Gulliverren lokarriak eta Joseba Jaka bekaren laguntzaz ateratzeko aukera izan duzu. Noiz hasi zinen liburu honetako mamia lantzen?

Bi liburuen artean Jotakie taldearen liburua idatzi nuen eta hari bere mementoan behar zuen denbora eskaini nion. Tarte batean buru-belarri horretara egon nintzen, ez nuen ez poesiarik idazten eta ez beste ezer. Gainera, niretzako hura berria zen, kazetaritza aldetik ikasketarik ez dudalako, ez nuen sekula horrela idatzi, aurretik inoiz elkarrizketarik egin gabe nengoen... Orduan, dena berria zen. Hura bukatzen ari nintzenean, aspertzen ari nintzela eta berriro ere poesia edota zerbait libreagoa idatzi nahi nuela konturatu nintzen. Garai hartan, poesia gutxi batzuk idatzita neuzkan eta Joseba Jaka bekara aurkezteko garaia zen. Ikasten ari nintzen eta bestelako lan batzuk ere baneuzkan, denboraz ailegatu ezinda nenbilen. Beka lortuz gero, berriro poesiari helduko niola pentsatu nuen. Horregatik eskatu nuen, eta eman egin zidaten.

Gulliverren lokarriak izenburua jarri diozu liburuari. Zergatik?

Bekara aurkezteko, poema batzuk eta egin nahi nuena, proiektu bat, aurkeztu behar nituen. Niretzako poema liburu batek ezin du izan arkitektura edo ingeniaritza ikuspuntutik ulertutako proiektu bat bezalakoa. Poema liburu bat egiterakoan ezin duzu jakin zein izango den helburua. Baldin badakizu zerk izan behar duen helburua, ez daukazu asko arriskatu beharrik, badakizu nora zoazen. Hasieran aurreikusitako gauza batzuk azkenean bidean gelditu dira. Azken finean, idazteak abentura izan behar du: arriskatu egin behar da, sartu egin behar zara uretara, igoal ito egingo zara eta igoal ez, ez dakizu nola bukatuko duzun... Gulliverren irudiak badu ukitu hori, itsasoan sartzen da non lehorreratuko den jakin gabe, mundu berezietan esnatzen da... Aldi berean, kezka bat banuen Gulliver izenburura ekartzeko, metaliteraturarena. Hauek ez dira Gulliverri buruzko poemak. Gulliver lokarriz lurrera lotuta Liliputen esnatzen denekoa irudi unibertsala da; bai aittittek, bai amamek, baita gazteek ere badakite Gulliver zein den. Bestalde, iruditzen zitzaidan irudi iradokitzailea zela. Bekara aurkeztutako proiektuan azaldu eta bukaeran mantendu dudan gauza bakarrenetakoa hau da: etxean kokatuta dago, poemen geografia etxea balitz bezala. Baina ez da etxe fisiko bat; etxea familia, memoria eta beste gauza asko da. Etxea babesa da, baina baita kartzela moduko bat ere, edo kaiola bat. Gulliverren irudia askatzeko era bat izango litzateke, hori adierazteko sujerentea iruditzen zitzaidan Gulliverren irudia.

Ingurukoen artean banatuko zenuen liburua honezkero. Zer erantzun jaso duzu?

Egia esanda, gauza askorik ez. Batik bat poesiarekin, lagunei banatzen diezu, eta eskerrak ematen dizkizute haiekin akordatzeagatik. Gero, irakurtzen duten... ez dakit. Poesia ez da erraz ulertu edo iritzia eman dezakezun genero bat. Horretaz jabetzen naiz. Niri ere horixe pasatzen zait, poesia idazten duten lagunei ez diet hain erraz esaten liburu hau asko gustatu zait edo ez. Niri ere errespetu gehiago ematen dit poesia lanak kritikatzeak, errazago emango dut iritzia eleberri baten inguruan.

Narratiba baino poesia idazteko joera gehiago al duzu?

Egia esanda, nik idazteko joerarik ez daukat. Batzuk beti ikusten dituzu koadernoa aldean dutela, nik ez dut ohitura hori. Jotakieri buruzko liburua idazten ari nintzela, bekarekin pentsatzen ari nintzen, eta Gulliverren lokarriak liburua bukatu eta ez dut gehiago idatzi. Beraz, ez dakit idazteko joerarik daukadan.

Poesia oso gutxi irakurtzen dela esan ohi da. Egia al da?

Ez dakit hori egia edo gezurra den, baina hala baldin bada ere ez dut uste hori negatiboa denik. Irakurlerik ez baduzu ez daukazu ez dakit zein merkatutara begira ibili beharrik. Hori luxu bat dela iruditzen zait. Patetikoa iruditzen zait zenbait idazle izugarrizko merkatua egongo balitz bezala aritzea. Merkatu hori ba al dago? Edo artifiziala da? Atzerrian, merkatu ingelesean edo espainiarrean merkatu handia dauzkazu aukeran, eta oso gutxi dira hortik bizi eta ondo, diru asko irabazita, bizi direnak. Guk gauza txiki-txiki bat daukagu, horregatik norberari gustatzen zaizkion gauzak egin behar dira, beste inori gustatzen bazaio, bada ondo. Jendeak dio, "ez dago merkaturik". Ez dagoela? Ba ez dago.

Idazteari utzita zaudela diozu. Hurrengo poema liburua kaleratzeko zenbat urte pasatuko dira?

Benetan esanda ez dakit. Orain modan dago esatea hau egingo dut orain, gero bestea... Eta jendea zain edukiaraztea. Hori ikaragarrizko errespetu falta iruditzen zait. Niri etxean beti erakutsi izan didate inor ez dela zain eduki behar. Egiten dudanean azalduko da, egiten badut.

Ingeniaritzako ikasketak bukatu berri dituzu. Poesiak eta ingeniaritzak urruneko bi mundu dirudite, itxura batean.

Ez dute zertan bi mundu desberdin izan behar. Ingeniaritza ikasi arren, jende asko ezagutzen dut musikazalea dena, edo margotzea gustatzen zaiona... Beste batzuk, berriz, oso zuzenak dira: ikasketak, teknikak, eta gero lana bilatu nahi dutenak. Niri ez zaizkit aparteko bi mundu iruditzen, ingeniaritzan behar da sormen puntu bat ere, eta poematarako ere behar duzu. Poemak ere badu egitura, ez da egiturarik gabeko zorakeria bat. Baditu poema bihurtzen duen barne legeak, barne egiturak. Lehenengo liburua atera nuenean esan nuen, ikasgai zientifikoekin aspertu nintzelako hasi nintzela idazten, igoal, kontrapisu bezala.

Berria-ko artikulua (2009-10-06)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide