Larunbatean abiatuko da Organo Erromantikoaren X. Zikloa

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 1a, 11:10

Zikloaren antolatzaileak, Esteban Elizondo, Kontxi Larrañaga, Ainara Mingez eta Jose Luis Franzesena, atzo (asteazkena), Donostian egindako aurkezpenean.

Urriaren 3tik 25a bitartean 12 kontzertu izango dira Loiolako Basilikan eta Azkoitiko eta Bergarako parrokietan

Antolatzaileen arabera, "kalitate handiko musikariak" izango dira

Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloak hamar urte beteko ditu aurten. Datorren larunbatean hasi eta urrian zehar, hamabi kontzertu entzuteko aukera izango da astebukaeretan, Loiolan, Azkoitian eta Loiolan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko, Azkoitiko eta Bergarako udalek antolatzen duten zikloaren 10. urte honetan, organo doinuez gain ahotsak berebiziko garrantzia izango du. Izan ere, lau abesbatzek parte hartuko dute musikaldian: Donostiako Orfeoia, Capella Joan Baptista Comes, Tolosako Andre Maria Musika Kapera eta Aretxabaletako Abesbatza.

Bestalde, bertsolaritzak ere tartea izango du aurtengo zikloan. Iaz izandako arrakasta ikusita, Andoni Egaña bertsolariak eta Jose Ignazio Ansorena txistulariak Aitor Olea organo-jotzailearekin batera kontzertua emango dute Bergaran.

Organoen kalitatea ardatz

Gipuzkoan diren organo erromantikoen artean garrantzitsuenetakoak dira Azkoitikoa, Bergarakoa eta Loiolakoa. "Jatorrian ziren bezalakoak mantentzen dira organo hauek eta mundu mailako onenetakoak dira", adierazi du Zikloaren arlo artistikoaren arduradun Esteban Elizondok.

Ondare hau ezagutzera eman eta organoarentzat konposatutako musika jendearengana helarazteko asmoz, kontzertu guztiak doan izango dira. Azkoitiko Santa Maria La Real parrokian egingo dituzten kontzertuak larunbatetan izango dira, 17:00etan. "Azkoitiko parrokiak 500 urte bete ditu aurten eta urteurren hori zikloaren 10. urtemugarekin batera ospatuko dugu", adierazi du Azkoitiko Udaleko Kultura zinegotzi Kontxi Larrañagak.

Loiolako Basilikako emanaldiak igandetan izango dira, 20:00etan hasita. Bergarako kasuan, berriz, San Pedro Apostoluaren elizan egingo dira saioak, larunbatetan, 20:00etan. Aurtengo kontzertu sortaren ondoren Bergaran etenaldia egingo dute zikloari dagokionez, laster eliza eta bertako organoa zaharberritzen hasiko baitira eta urteetako lana izango dela aurreikusten du Bergarako Udalak.

Musika eta musikari apartak

"Esteban Elizondok egindako lanari esker, kalitate handiko musikariak entzuteko aukera izango da zikloan", dio Kontxi Larrañagak. Elizondok azaldu duenez, "maila apaleko jaialdia da baina nazioarteko edozein organo-jotzailearentzat erakargarria da organo hauetan jotzea".

Donostiako Orfeoiaz aparte, Fabiano Maniero tronpeta jotzaile italiarra nabarmendu dute antolatzaileek aurtengo egitarautik. Hala eta guztiz ere, kontzertu guztien kalitatea bermatuta dagoela argi utzi dute antolatzaileek, "bai musikarien aldetik baita errepertoriari dagokionez".

Azpeitia (Loiola)

  • Urriak 4. Fabiano Maniero tronpeta jotzailea eta Silvio Celeghin organo-jotzailea.
  • Urriak 11. Elke Völker organo-jotzailea.
  • Urriak 18. Capella Joan Baptista Comes eta Benantzi Bilbao organo-jotzailea.
  • Urriak 25. Aretxabaleta Abesbatza eta Jose Luis Franzesena organo-jotzailea.

Azkoitia

  • Urriak 3. Donostiako Orfeoia eta Gerardo Rifón organo-jotzailea.
  • Urriak 10. Elke Völker organo-jotzailea.
  • Urriak 17. Capella Joan Baptista Comes eta Benantzi Bilbao organo-jotzailea.
  • Urriak 24. Tolosako Andre Mariako Musika Kapera eta Jose Antonio Arzelus organo-jotzailea.

Bergara

  • Urriak 3. Fabiano Maniero tronpeta jotzailea eta Silvio Celeghin organo-jotzailea.
  • Urriak 10. Donostiako Orfeoia eta Gerardo Rifón organo-jotzailea.
  • Urriak 17. Cyrill Schmiedlin organo-jotzailea.
  • Urriak 24. Andoni Egaña bertsolaria, Jose Ignazio Ansorena txistularia eta Aitor Olea organo-jotzailea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide