'Himalayara familiarekin' filma, Everesteko gailurraren 17. urteurrenean

Uztarria.eus 2009ko urr. 1a, 21:10

Josu Bereziartua 1992ko urriaren 1ean, Everest gailurrean.

Josu Bereziartuak Mutrikun egingo du gaur proiekzioa, munduko mendirik handieneko tontorra zapaldu zuen urteurrenean

Hilabeteak daramatza Himalayan emaztearekin eta seme-alabekin izandako esperientzia azaltzen

Josu Bereziartuak mendizaleak (Azpeitia, 1960) Himalayara familiarekin filma ematen jarraitzen du herrietan, emaztearekin eta seme-alabekin han izandako esperientzia azaltzen. Gaur (urriak 1) Mutrikun emango du proiekzioa (19:30, kultur etxea), Everesteko (8.848 metro) gailurra egin zuenetik hamazazpi urtera, hain zuzen ere —munduko mendirik handiena da—.

Iaz Everesteko ohiko trekking ibilaldia egin zuten familiako lau kideek, eta 24 eguneko bidaiako esperientzia kontatzen du filman. "Himalaya unibertsitate bezala oso ona da edozeinentzat, umiltzeko leku bat da", zioen Bereziartuak joan den martxoan Urola Kostako Hitza egunkarian. "Himalayako beheko bizitza ikusten da bideoan. Herriak nolakoak diren, Katmandu bera ikusten da, hango erlijioari eta kulturari buruz hitz egiten dugu umeekin... Ibilaldiari dagokionez, egunean 4-5 ordu egin genituen oinez. Eguna kanpoan pasatzen genuen, han edo hemen jaten edo toki batetik bestera joaten. Seme-alabek ere asko ikasi dute, esperientzia interesgarria izan da beraientzat hango haurrak nola bizi diren eta jendea oinarrizko gauzekin nola bizi den ikustea".

1992an Everesteko gailurra egin baino batzuk lehenago Cho Oyu (8.201) lortu zuen, Amaia Aranzabal neska-lagunarekin.

Bereziartuak gazte-gaztetatik ekin zion mendian ibiltzeari. Lehenik, hemen inguruko mendietan eta, urte batzuk beranduago, gailur handiagoetarako pausoa emanez. Himalayan asko ibili da. 2001eko abenduan liburua aurkeztu zuen: Izarraiztik Everestera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide