"Disko lasaia da, ikusten duguna modu poetikoan kontatu dugu"

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 7a, 12:10

Azpeitiko eta Azkoitiko musikariek euren bigarren diskoa kaleratu dute; errealitate gordina ikusi eta modu gordinean kontatu dute

Jo!taldeko musikariei elkarrizketa egin die Urola Kostako Hitza -k

Jo! taldea duela bost urte sortu zen «denbora pasa, musika gustuko zuten jendea elkartu eta arratsalde pasa musika egiteko». Mikel Alberdi (ahotsa), Ruben Lizarralde (gitarra), Jose Luis Etxeberria Txuli (gitarra), Abel Alberdi (baxua), Baltasar Etxeberria Balta (teklatuak) eta Jon Zubizarreta Nartxabal (bateria) azpeitiarren eta azkoitiarren asmoa ez da inoiz izan musika besteentzako egitea, eurentzako baizik. 2007an lehen diskoa kaleratu zuten, Oraindik berandu den! eta orain bigarren abesti bilduma dakarte, Jo. Mundura eta barrura begira idatzitako hitzekin, soinu sakonekin.

Bigarren disko hau taldearen kontsolidazioaren isla al da?

Ruben Lizarralde: Bai, bost urtean edo gehiagotan bila ibili ondoren, disko honetan nahi genuen eta bilatzen genuen soinua lortu dugu. Lehen diskoan oraindik ez da jakiten zer soinu mota nahi den, baina, bigarren honetan lortu dugu hori.

Abel Alberdi: Lehen diskoa irregularra zen, oso freskoa zen, unean ateratakoa. Baina, disko hau, ildo batean joan da eta abestiek badute elkarren artean zerikusirik.

Zein da abesti horien arteko lotura? Zein da diskaren mezua?

A.A.: Gehienak munduari eta gizarteari buruzko letrak dira. Beste batzuk filosofikoagoak dira, maitasunari edo gorrotoari buruzkoak.

Mikel Alberdi: Bidaietan idatzitako poemetatik moldatuak dira batzuk. Beste batzuk, taldekideek idatzitakoak.

Tristezia edo etsipena igortzen du lehen entzunaldian.

Jon Zubizarreta: Ez da disko tristea baina, ezta alaia ere.

M.A.: Disko lasaia da, barea. Ikusten duguna kontatu dugu. Jendea basamortuan nola dabilen, edo Txileko desagertuen egoera kontatzen duzu modu poetiko batean.

A.A.: Azken finean, mundua horrela dago, ez da betiko kritika, errealitatetik ikusita mundua triste dago eta letrek erakusten dute gure ikuspegitik mundua nola dagoen.

Jose Luis Etxeberria: Karga poetikoa badu, ordea.

M.A.: Gauza gogorrak modu politean esanez gero, jantziago gelditzen dira, nahiz eta gogorrak izaten jarraitu. Etsipena aipatuta, etsipena ere bizitzaren parte da. Urte batzuetan mundua aldatzeko ilusioa izaten duzu, eta gero munduak zu ez aldatzeko ilusioa. Hemendik mila urtera gerrak eta ezbeharrak izango dira duela mila urte zeuden bezala. Hogei urterekin baino errazago kokatzen zara puntu horretan adin batekin . Zentzu horretan, dagoena kontatzen dugu. Gauza politak ere konta ditzakegu baina, agian, ez dugu hainbeste gauza polit ikusten, edo gutxi irauten dute.

A.A.: Indar gehiago dute horrelako gauzek. Mundua definitzeko era gaur egunean tristura eta injustizia dira.

M.A.: Esaten badizute hamar segundotik behin ume bat hiltzen dela, ez zara negarrez hasiko, baina, izugarrizko drama egitea daukazu edo gauzak diren bezala konta ditzakezu. Azken kantua, torturari buruzkoa, hori ere bizipenetatik kontatuta dago.

Nola konposatzen dituzue kantuak?

M.A.: Normalean Rubenek ekartzen ditu ideiak, eta horren inguruan egiten dugu gero kantua.

R.: Oraingo diskoan askoz landuago daude kantuak, ordea. Neuk ekartzen ditut baina gero bakoitzak bere aportazioak egiten ditu. Buelta gehiago eman dizkiogu, denon lana izan da.

Noiz hasi zineten disko hau prestatzen?

R.L.: Duela hiru urte Josu Zubizarretak taldea utzi zuenean laurok (Mikel, Abel, Nartxabal eta neu) gelditu ginen, eta ez genekien jarraitu edo ez. Korrika Azkoititik pasatzen zela aprobetxatuz, kontzertua eman genuen plazan, eta berriz animatu ginen. Ondoren, Balta sartu zen; eta, azkenik, Txuli, kasualitatez gainera, beste talde batean jotzen baitzuen. Sartu eta «non dago nere taldea?» galdetu zuen, baina, «jo ezak geurekin nahi badek» esan genion, eta bere taldekideak agertu ez zirenez, gurekin gelditu zen.

Baltasar Etxeberria: Osatu egin zen taldea, eta ukitu ilunagoa hartu zuen.

Nolakoa izan da grabazioa?

J.Z.: Azkarra izan da. Ekaina hasieran egin genuen, astebetean.

M.A.: Diruak agintzen du, azken finean.

R.L.: Kantuak oso prestatuta eraman genituen estudiora. Hainbeste denbora kanta berriak jotzen, eta jada zerbait grabatzeko beharra sentitu genuen.

B.E.: Kontuan hartu azken urtebetean kantu berri bakarra egin dugula. Astean behin gelditzen gara, eta udan geldirik egon gara. Eta, denbora pasatu egiten da. Grabazioan ere aldaketak egon dira. Oso kantu luzeak genituen eta, Josuk, lehengo taldekideak, grabatu digunez, hark bazekien zer nahi genuen. Soinu polita lortu dugu.

R.L.: Ekoizle lan ona egin du Josuk.

Taldeak zer asmo du aurrera begira?

A.A.: Egia esan, hausnarketa prozesuan gaude.

R.L.: Gabonak arte diskoa defendituko dugu, eta gero denbora bat hartuko dugu.

B.E.: Pixka bat erreta iritsi gara grabaziora. Gero, beharbada elkartuko gara berriz.

J.Z.: Geldialdia egitea ere ondo etortzen da batzuetan.

M.A.: Lasai hartuko dugu, eta atera beharrekoa aterako da.

JO! DISKOA

Abestiak. Arbasoak, Toulouseko geltokia, A (Anariren kolaborazioarekin), Ezin izan, Taudeni, Darwin, Txileko koloreak eta Infernuko bidean.

Iraupena. 40 minutu.

Grabazioa. Lobo Estudioetan Josu Zubizarretak grabatua, 2009ko ekainean.

Diseinua. Ihintza Agirretxe.

Salgai. Bost euroren truke Atraskuan (Azkoitia) eta Amaia eta Korrale tabernetan (Azpeitia).

Harremanetarako. 943 853170

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide