'H'-ren eztabaida gogoratuz Euskaltzaindiaren 90. urteurrenean

Uztarria.eus 2009ko urr. 12a, 11:10

H erabili bai-ez auziak zatiketa sortu zuen Azpeitiko Ikastolan; baiezkoa izan zen garaile erreferendumean

Patxi Altuna euskaltzainaren hitzaldiak zerikusirik izan zuen garaipenean

Euskaltzaindia sortu zela 90 urte oraintxe bete direla-eta, agian merezi du gogoratzea Patxi Altuna (1927-2006, Azpeitia) euskaltzain izandakoari buruzko biografian dagoen pusketa bat, h bai-ez eztabaidari buruzkoa:

--

(Euskara batua zela-eta) 1968ko Arantzazuko Biltzarrean hartutako erabakien ondoren sortutako tirabirak Azpeitian ere bizi izan ziren. Eta Azpeitian sortu berria zen ikastolarentzat une garratzak izan ziren oso, batik bat 1975ean Euskaltzaindiak ‘h’aren inguruko erabakiak hartu zituenean. Hala kontatzen du Azpeitiko Ikastolaren sortzaileetako bat izan zen Inazio Mari Olartek: “Euskara batuaren kontuak, edo hobeto esan ‘h’aren auziak, zatiketa ekarri zuen ikastolan: batzuk alde, besteak kontra. Iskanbila handiak izan ziren, adiskideak elkarrekin haserretuta...”.

Orduan Jesus Gaztañaga zen ikastolako zuzendaria zen eta ez zituen onartu Euskaltzaindiak ‘h’aren alde hartutako erabakiak, eta horrek ezinegona sortu zuen ikastolan. Euskara batua bai ala ez erabakitzeko erreferenduma iragarri zen, baina aurretik gurasoek euskara batuaren aldekoen eta kontrakoen hitzaldiak izan zituzten entzungai.

Euskara batuaren alde, hiru hizlari mintzatu ziren: Imanol Laspiur, Xalbador Garmendia eta Patxi Altuna, 1975eko maiatzaren 13an. Euskara batuaren kontra, Jose Agustin Orbegozo, Olazar eta Santi Onandia izan ziren, maiatzaren 16an.

1975eko maiatzaren 24an egin zen erreferenduma eta baiezkoak irabazi zuen. Dirudienez, Patxiren hitzaldiak izan zuen zerikusirik garaipenean. Hala kontatzen du, orduantxe ikastolan irakasle hasiberria zen Lazaro Azkunek: “Hitzaldi hartan, Patxiren interbentziotako bat izan zen ‘h’a Urola bailaran ere bizi zela. Eta galdetu zuen: ‘Hemen azkoitiarrik ba al da?’. Bai, bazen. Eta hauei galdetu zien: ‘Nola esaten duzue: ‘biotza’ ala ‘bixotza’? Edota: ‘bier’ ala ‘bixer’? ‘Biotza’ eta ‘bier’ esaten duzue, eta, era berean, ‘bixok’ eta ez ‘biok’. Garbi gelditzen da hor, Urola bailaran oraindik ere, ‘h’a bizi dela: ‘h’ legokeen lekuan ez da ‘xe’ egiten eta ez legokeen lekuan bai’. Hitzaldi horrek, jende askori begiak irekiarazi zizkion, eta ‘h’a gure hizkuntzako zerbait bezala ikusi zuten eta ez asmakeri bat bezala, kontrakoek esan ohi zutenez".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide