Loiola Irratiaren 2.200 grabazio dokumentu erosi ditu Foru Aldundiak

Uztarria.eus 2009ko urr. 22a, 21:10

Joxe Mari Iriondo Loiola Irratiko kazetaria —eskubian—, elkarrizketa egiten.

Gipuzkoa 2.0 egitasmoaren barruan kokatu du erosketa, eta 200.000 euro ordaindu ditu

"1961etik bildutako lekukotza eta iritziek Euskal Herriaren kultur, politika eta gizartearen historia osatzen dute"

Gipuzkoako Foru Aldundiak Loiola Herri Irratiaren grabazioak erosi ditu, artxibo historikoa. Bobina eta kasete moduko euskarri zaharretan 2.200 ale inguru eta horrenbeste mini-diskek osatzen dute irratiko grabaketa funtsa, eta Aldundiak 200.000 euro ordaindu ditu.

Besteak beste, Mikel Laboa abeslariari 1966an egindako elkarrizketa dago artxiboab, Telesforo Monzon politikariaren hileta (1981) eta 24 orduak euskaraz ekitaldia (1976). "Batik bat, elkarrizketak gordetzen genituen", esan du Joxe Mari Iriondo Loiola Irratiko kazetari izandakoak —22 urtean aritu zen han—.

Gipuzkoa 2.0 egitasmoaren barruan kokatu du erosketa Aldundiak; hau da, kultur edukiak sarean guztientzako eskuragarri eta erabilgarri jartzen dituen programan.

Azpeitian Loiolako Santutegiko jesuitek irrati bat sortzea nahi eta 1961ean eratu zuten. Gipuzkoa izan du lurralde eremu, baina duela sei urtetik zabaldu egin da egitasmoa: Gasteizkoa 2003an sortu zuten, Bilbokoa 2004an, 2008an Durangokoa. Orain jesuitek saltzeko asmoa dute.

Herri Irratiko soinu-funtsa "altxor handia" dela dio Aldundiak. "1961etik bildutako lekukotza eta iritziek Euskal Herriaren kultur, politika eta gizartearen historia osatzen dute, XX. mendeko euskal gizartearen garapena ulertu eta hobeto ezagutzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide