Urrakiko Igoera auto lasterketan Aitor Zabaleta gidaria da faboritoa

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 23a, 12:10

Lagun Artea Eskuderiak herenegun aurkeztu zuen Urrakirako Igoera

XXVII.Urrakiko Igoera urriak 25ean, igandean, izango da

Proban 76 auto gidarik eman dute izena eta horietatik hogei baino gehiago eskualdeko gidariak dira

Tradizio handia duen auto lasterketa izango da igandean Azpeititik Urrakira bitartean, Lagun Artea Eskuderiak antolatuta: XXVII. Urrakira Igoera. 76 auto gidarik eman dute izena. Antolatzaileek proba irabazteko faborito Aitor Zabaleta gidari bergararra jo dute. Lola Diamante barketarekin irtengo du. Gaur egun, aurtengo Mendiko Euskal txapelduna da bergararra. Zabaletak aspaldian ez du parte hartu UrrakirakoIgoeran. Azken urteetan barketak Mendiko Euskal Txapelketatik kanpo egon dira, orain urte batzuk araudian aldaketak egin zituztelako. Baina, berriro araudia aldatu, eta aurten barketak lehiaketara itzuli dira, “mendiko probetan nagusi direla erakutsiz”.

Eskualdeko parte-hartzea

Urrakira Igoera Euskal Herriko eta Gipuzkoako Mendi Txapelketako denboraldiko azken lasterketa da. Antolatzaileak pozik daude parte-hartzaile kopuruarekin: “Iaz harritu egin ginen parte-hartze handia izan zelako, baina, aurtengo honetan, gure harridura are handiagoa da”. Eskualdeko parte hartzaileen kopurua ere gora doa auto lasterketetan: “Azpeitia, Azkoitia eta Errezil arteko hogei gidaritik gora izango ditugu igandeko proban. Hori eskualdean motorraren inguruan dagoen zaletasunaren erakusketa da”. Eskualdeko parte-hartzaileetako batzuk honako hauek dira: Iñaki Alberdi (Porsche 911 GT3), Ramon Apalantza (Mitsubishi WRC) edota Joxe Labaka (BMW M3). Urrakirako bidean

Zabaletak izango dituen lehiakide gogorrenetakoak CM barketa ikusgarriak izango dira. Horien artean ariko dira, besteak beste: Iñigo Martinez, 2009ko Espainiako txapeldunordea; Pantxo Egozkue, Europako Mendi Txapelketan bitan txapelduna izandakoa; Alberto Alonso, 2007an Euskal Herriko Mendi Txapelketako txapelduna izandakoa; eta, Ruben Nogueiras, aurtengo Euskal Herriko Mendiko txapelketan bigarren bezala aurreikusten dutena. Euria egingo balu, turismoekin parte hartuko dutenek abantaila izan dezaketela azaldu dute antolatzaileek. Baina, Iñaki Alberdik ez du hori oso garbi. Nahiz eta errepidea bustita egon, barketei aurrea hartzea «ia ezinezkoa» izango dela dio: “Euria eginda ere barketek abantaila izaten segitzen dute, oso zaila da horien aurka egitea”.

Alberdi eta Ramirez

Turismoen gidarien artean, Aitor Ramirezen eta Iñaki Alberdiren artean izango den lehia nabarmendu dute Lagun Arteakoek, “turismoen txapelketako sailkapen orokorrean biak zortzi puntuko aldearekin baitaude”. Azpeitiar gidariak zaletu asko erakartzen duela azaldu dute: “Alberdik eta berak gidatzen dituen autoek ikusgarritasuna sortzen dute beti”. “Herriko auto gidari beteranoek” lasterketetara gidari berriak eta zaletuak erakartzen dituztela esan du Angel Gurrutxaga Automobilismoko Euskal Federazioko presidenteak. Federaziotik, Urrakirako Igoeran “segurtasunaren aldeko apustua” egingo dutela azaldu du. Horren harira, antolatzaileek Urrakirako errepidea igandean goizeko 09:00etan itxiko dutela adierazi dute, eta proba ikustera joango direnei, ibilgailuak ondo aparkatuta uzteko eta probako antolatzaileen oharrei kasu egiteko eskatu diete, “Urrakiko Igoera arazorik gabe egin dezagun”. Bestalde, Lagun Artea Eskuderiak antolatzen dituen lasterketetan lagundu nahi duten zaletuei ere dei egin die: “Probak antolatzeko jende asko behar izaten da, eta urtetik urtera gero eta lasterketa gehiago antolatzen dugu. Norbaitek lasterketen antolaketan lagundu nahiko balu 689664060 telefono zenbakira deitu besterik ez du”.

XXVII. URRAKIRA IGOERA

Urriak 24, bihar

]16:00.Epaitegi aurreko plazan eta Jim Clark tabernan. Parte-hartzaileek egiaztatze administratiboak eta teknikoak egingo dituzte.

Urriak 25, etzi

09:00.Azpeititik Urrakirako errepidea itxi egingo dute. 10:00.Parte-hartzaileek entrenamendu saioa egingo dute. Gero, segidan, bi igoera ofizialak egin beharko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide