Portzentaje irreala. Gipuzkoako Herri Irratia mintzagai hartuta, Xabier Riezu programazioburuak adierazi berri du euskarak programazioaren %30eko tokia daukala; hori bai, onartu behar izan du ia ez dela agertzen ordutegi nagusian. %30aren zifra aipatzeak, dirudienez, trikimaina nahasgarri bati erantzuten dio, errealitate lotsagarri bat ezkutatzeko xedez. Irrati pribatu batek irauteko gaztelerara jo behar duen printzipioa onar daitekeen arren, eguneroko entzuleek ondo dakigu %30a ez dela inondik ere betetzen. Adibidez, 07:00etatik 15:00ak arte entzutera jarri (hitza nagusi den ordutegian, alegia), eta hara zer entzun zen euskaraz (iragarkiak alde batera utzita): 07:58an minutu bakarra (albistegi lokala), 08:31n minutu bakarra (albistegi lokala), 11:57an bi minutu (Pello Zabalaren hausnarketa), 12:00etan minutu bakarra (angelusa). Bost minutu guztira, bederatzi orduko (540 minutu) oihanean. %30era iristeko, beraz, euskarak nagusi beharko luke izan gainerako programazioan (ordutegi marjinalagoan). Eta hori ez da gertatzen. Imanol Ubeda, Mikel Markez edo Forki (musika), Oier Guillan-Uxue Alberdi (literatura), Alberto Gorritiberea (nekazaritza) edo Ander Ugarteren (herri kirolak) euskarazko saioek ez dute, urrutitik ere, %30a makillatzen. .
Kudeatzearen magia. Abendurako jakingo omen dugu nor den Herri Irratiaren jabe berria, Aitziber Salinas kazetariak Noticias de Gipuzkoa-n argitaratu duenez. Hiru irizpide nagusituko dira eroslea hautatzeko: kristau humanismoa, langileen etorkizuna (50) eta kokapena Euskal Herrian izatea. (...)