Beste behin ere arrakasta handia izan du Triku Festa musika jaialdiak

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 3a, 09:11

Kira-kira oholtza gainean.

Matadeixen egin dute aurten lehen aldiz eta, gorabeherak izan arren, guztia "oso ondo" joan dela diote antolatzaileek

Antolatzaileek hausnarketara bultzatu nahi dituzte Udala eta bere kultur politikako arduradunak

Hamargarren urtez Triku Festak mundu guztiko musikak ekarri ditu eskualdera eta hamargarren urtez lan gogorrak bere saria izan du: kalitatezko emanaldiak eta ikusle ugari jaialdiko lau egunetan. Izan dituzten gorabeherak eta tira-birak izanda, "oso gustura" gelditu dira antolatzaileak.

Matadeixen lehen aldiz

Aurten Azkoitiko Matadeixen izan da, lehen aldiz, Triku Festa. Azpeitian Sanagustin aretoa amaitu gabe zegoela-eta, hara joatea erabaki zuten. Bere abantailak eta desabantailak izan ditu aldaketa honek. "Gauza batzuk Azpeitian eta beste batzuk Azkoitian egiteak nahiko buruhauste ekarri digu logistika aldetik, dena sinkronizatzea zaila izan da", dio Aitor Bereziartuak.

Baina, alde onak ere izan ditu, "karpa ez den leku itxi batek ematen dituen aukerez ohartu gara, eraikinak berak ematen dituen aukerez. Gauzak aldez aurretik antolatu ahal izan ditugu, karpan azken egunean egin behar ziren lanak". Azpeitian horrelako leku bat edukitzea litzateke hoberena beraien ustez.

Matadeiko jendea "oso ondo" portatu dela diote antolatzaileek, jo eta su aritu baitira antolatzaileekin lanean, Matadeixe jaialdirako prestatzen.

Euro bateko sarrera edo, beraiek dioten moduan "anti-sarrera" jarri dute, modu sinboliko batean bada ere, "doako kulturaren joko horretan sartzerik nahi ez" zutelako. "Jendeak ondo hartu badu, ondo baino hobeto!"

Proiekzioa, esperimentua

Aurtengo berrikuntzetako bat film dokumental bat proiektatzea izan da. Llorenç Barber konposatzaileari buruzko dokumentala izan zen gainera, osteguenan Triku Festa 09 irekitzeko arduraduna. "Aspalditik genuen horrelako zerbait egiteko asmoa eta ongi atera da esperimentua", dio Bereziartuak. Hurrengo urteetarako kontuan izango dutela esan dute. 90 pertsona inguru bildu ziren eta "osteguna izateko eta proiekzio bat izateko jende asko" dela uste dute.

Emanaldi ikusgarriak

Orokorrean oso emanaldi onak eta bereziak ikusi ahal izan dira; baina, nabarmentzen hasita, hiru nabarmenduko lituzke Bereziartuak. Ostiraleko Viaje a 800 taldearen kontzertua "ikaragarria" izan zela dio, "gainera, beldurtuta geunden jende gehiegi etorriko ote zen pentsatuta". Eta ez zen gutxiagorako izan, jende ugari etorri baitzen kanpotik eta aretoa bete egin zen.

Bestalde, igandeko Mursego eta, batez ere, Zu taldeen emanaldiak ere nabarmendu ditu Bereziartuak: "Zu taldeari nabari zitzaion beste liga batean jokatzen duen taldea dela".

Urte "klabea" izan da

Antolatzaileek adierazi dutenez, aurtengoa "urte klabea izan da; ziurrenik, aurten egin izan ez bagenu, ez baitzen gehiago Triku Festarik antolatuko". Trantsizio urte bezala hartu dute, aurrera begiratu eta jarraitu edo ez erabakitzeko urtea. "Aste honetan elkartuko gara balorazioa egiteko eta hor erabakiko da aurrera begira zer egin. Iaz eta aurten Sanagustinekin izan ditugun disgustuek indarra kentzen dute". Baina, behin guztia pasatuta, "nahiko umore onez" gelditu dira eta datorren urtean hamaikagarrena egiteko asmoz daude, printzipioz.

Badago zer pentsaturik

Antolatzaileek hausnarketara bultzatu nahi dituzte Udala eta bere kultur politikako arduradunak: "Azpeitian gurea edo gurea bezalako beste ekintzak garatzeko leku egoki bat ez edukitzeak zer pentsaturik eman beharko lieke; gauzak zeinen gaizki egin diren pentsatu behar lukete. Horrez gain, inguruan horrelako gauzak egiteko dagoen lokal bakarra lokal autogestionatu bat izateak ere pentsatu arazi beharko lieke".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide