Futbola ardatz hartuta, hitzaldia antolatu du Azpeitiko EAJk ostegunerako

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 4a, 10:11

Azpeitiko EAJko ordezkariak atzo (asteazkena), Batzokian.

Solasaldian, Juan Antonio Larrañagak, Andoni Zubizarretak eta Joxe Mari Larrañagak hartuko dute parte

Abenduaren 16rako antolatu du Azpeitiko EAJk bigarren hitzaldia eta gizartearen baloreez gazteek duten ikuspuntua landuko da

Futbola ardatz hartuta, ostegunerako hitzaldi-elkarrizketa antolatu du Azpeitiko EAJk; 19:30ean izango da, Enparan Dorretxean. Solasaldian, Juan Antonio Larrañaga Realeko jokalari ohiak, Andoni Zubizarreta Athleticeko eta Bartzelonako jokalari ohiak eta Joxe Mari Larrañaga Lagun Onak Futbol Klubeko presidenteak hartuko dute parte.

Landuko duten gaia Kirol taldeak sortzeko lana eta ilusioa bultzatu edota taloiak dantzatu izango da. "Ez da bakarrik harrobia bai ala harrobia ez, baizik eta publikoki hausnartzea harrobiak dakartzan balioen gainean, gazteriarentzako ilusio eta espektatiba sortzaile moduan, beretzat erreferentzia den futbol taldean jokatzera iristeak sortzen dien aukerak eta abarrak ukituz", azaldu dute solasaldiaren antolatzaileek.

Gazteria eta ilusioa zikloaren barruan

Hitzaldi-elkarrizketa herritar guztientzako irekia da eta Gazteria eta ilusioa zikloaren baitan antolatu du EAJk. Helburua da gaur egungo gazteek bizi duten egoera aztertzea eta haiek bizitzaren etapa horretan dituzten zailtasunez ohartzea. Bide batez, gazteei sortzen zaizkien galderei eta kezkei erantzunak topatzen saiatuko dira eta helduek gazteen ilusioa sortzen laguntzen al duten aztertuko dute.

Hitzaldi-elkarrizketa hauek erabat irekiak direla adierazi dute, "gai politikoez aparte, alderdiek gizartearekiko zereginik badutelako eta edonori interesa dakizkiokeen gaiak direlako".

Atzo (azaroak 4, asteazkena), Azpeitiko EAJko lehendakari Pello Elorzak eta herri batzordeko kide Arantxa Arregik eta Txomin Sesmak prentsaurrekoan adierazi zutenez, "ilusioa da hitzaldien ardatza, ilusioa baita, zalantzarik gabe, pertsona gazte batek zoriontsu izateko behar duen osagarri garrantzitsua, eguneroko lanari ekiteko behar duen bultzada".

Bi hitzaldi lotu dituzte mementoz, baina aurrerantzean ildo beretik jotzeko asmoa dutela agertu dute jeltzaleek. Gaur egungo gazteek gizartea nola ikusten duten aztertu nahi dute, gizarteak zein erantzun ematen dizkien gazteen beharrei eta zer aukera eskaintzen dizkien gizarteakgazteei.

Abenduan, Elzo eta baloreak

Abenduaren 16an izango da bigarren hitzaldia. Deustuko Unibertsitateko Soziologiako katedradun Javier Elzo izango da gonbidatua eta gizartearen baloreez gazteek duten ikuspuntua landuko du. Krisiaren aurretik eta ondoren gazteek dituzten baloreak eta hauekiko duten ikuspuntua aldatu ote den aztertuko dute hitzaldia; bestalde, gazteek etorkizunaren aurrean duten zeregin protagonista ere nabarmenduko du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide