Uztarria herri aldizkariak 10 urte bete ditu

Uztarria.eus 2009ko aza. 5a, 13:11

Kultur Koordinakundeak gaurko egunez atera zuen 1. zenbakia; "ez genuen lokalik, ez ezer"

Gero etorri dira komunikazio arloan weba, liburuak, Hitza, Udalarekin hitzarmenak, hitzaldiak, Literatuzta...

Gaur (osteguna, azaroak 5) Azpeitiko efemerideetan ageri da: "1999. Uztarria Azpeitiko herri aldizkariaren 1. zenbakia kaleratu zuen Uztarria Kultur Koordinakundeak". Hamar urte, beraz, hasieratik.

Koordinakundea, ordea, urte eta erdi lehenago sortua zuten herriko kultur taldeek. Zergatik hain berandu aldizkariaren sorrera? Enekoitz Esnaolak une bat dakar gogora: "Taldeek Uztarria Kultur Koordinakundea sortzear zuten, 1998ko martxoan, eta bertako eragile batek: herri aldizkaria sortu behar zela azkar. Garrantzitsuena ez zen hori, oinarriak jartzea baizik". Komunikazioa, euskara eta kultura ziren elkartearen ardatzak, eta "oinarriak" jarri behar ziren, gero horietatik proiektuak abiatzeko.

Inguruko herrietan baziren aldizkariak, Azpeitian ez. Arrazoia? Iban Arregi Uztarriako aurreneko lehendakaria: "Guk bere garaian egiten genuen irakurketa zen, Azpeitia euskalduna izanda, igual ez zela besteak bezain euskaltzalea".

Azpeitian ere sortu zuten. Ez baliabide askorekin. "Pentsa nola hasi ginen: ez lokalik, ez ezer, bakoitzak bere etxean egiten genituen lanak... 100. zenbakia orduan ikusten genuen... Uste dut lehenengoa ere urruti ikusten genuela!", zioen aldizkariko 100. zenbakiko erreportajean Josu Azpillagak.

Denera 5.640 aleko tirada izan zuen Uztarria aldizkariaren 1. zenbakiak. Toki denetara heldu beharra zegoen.

Komunikazio arloan ondoren etorri dira uztarria.com webgunea, liburuak, Urola Kostako Hitza egunkaria, Udalarekin hitzarmenak, hitzaldiak, Literatuzta literatura aldizkaria eta abar. Ikusi kronologia.

Iragarleek ez ezik, herritarrek babes handia eman diote proiektuari. Datu hauxe da horren adierazgarri: Uztarria Komunikazio Taldeak 1.157 bazkide ditu. Zu ez al zara?

Lehen zenbakiko pasadizoak

Aldizkariaren 100. zenbakiko pasadizo-erreportajetik jasota:

  • "Erreportaje, albiste eta elkarrizketak, sinatu edo ez? Herri aldizkarietan ez sinatzeko ohitura zegoen. Uztarriak kontrakoa erabaki zuen, nortasun handiagoa eman asmoz artikuluei.
  • Azpeitian zer? udal aldizkarian editorial berezia: bera zela herri aldizkaria eta abar.
  • Inkesta egin behar zen. Taldekide batek bota zuen proposamen mundiala: Gau Txoriren itxiera. Jakina, hark egin behar izan zuen inkesta.
  • Lehiaketa jarri behar. Erabakia: San Inazio buelta emanda Loiolan. Azkoitiarrei ere keinua egin behar sorreran eta...
  • Herriko eragile batek zioen idatziz pasatuko zituela elkarrizketa labur bateko erantzunak, Udalbiltzaz. Herrian artean ez zegoen bat-batean erantzuteko kulturarik, nonbait. Batzuetan, ordea, ezinbestean pasatzen dira idatziz ihardespenak. Kasu, Garikoitz Etxeberria Kafe presoak, 2001eko abuztuko zenbakirako. Nola, bestela?
  • Ospatu egin behar hedabide berriaren sorrera, eta: Ruper Ordorika azaroaren 5ean Zelaitxon. Lehen saioa, antzua: ezin izan zuen etorri. Egun batzuetarako jarri zen hurrengo hitzordua. Etorri zen Ordorika, baita egundoko elurtea ere; hainbatek ezin izan zuten kontzertura heldu. Ospakizun mingotsa alde horretatik".

Uztarria herri aldizkariaren azal denak

Orain arteko 110 zenbakiak

100. zenbakia. Erreportajea eta 50 pasadizo

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide