Eguneroko hitzak zazpi hizkuntzatan jasotzen dituen hiztegia atera dute

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 6a, 11:11

Udalak eta Euskara Patronatuak argitaratu dute, eta etorkinen integrazioa erraztea du helburu

Ohiko eginkizunetan erabili ohi diren hitzak eta esamoldeak nola esan jakiteko balio du 40 orrialdeko hiztegitxoak

Azpeitiko Udalak, Euskara Patronatuaren bidez, bereziki etorkinei bideratutako hiztegi berria plazaratu du. Bertan, euskara, (bai euskara batua eta baita Azpeitiko hizkera ere), portugesa, arabiera, gaztelania, urdua (Pakistangoa), poloniera eta txinerako oinarrizko hiztegia jaso dute.

Eguneroko edo ohiko eginkizunetan erabili ohi diren hitzak eta esamoldeak nola esaten diren jakiteko balio du berrogei orrialdeko hiztegitxo honek. Helburua integrazioa bultzatzea dela nabarmendu dute Euskara Patronatuak eta Udalak, hizkuntza izan ohi baita, askotan, etorkinen eta bertakoen arteko harramenak oztopatzen dituen horma.

Hiztegiaren lehen orrietan, aipatutako zazpi hizkuntzetan honako mezua irakur daiteke: "Euskarak hiztunen premia gorria du. Gure hizkuntzak inor ez du kanpotar. Hemen denok gara etorkin: batzuk duela hamar mende ailegatu ginen, beste batzuk orain dela bi minutu. Eta, beste asko, berriz, bidean gatoz. Ondo etorri denok!".

Argibide praktikoak

Hiztegitxo honetan agurrak nola esan, denbora eta orduak esateko moduak, norabideak esateko eta ulertzeko hitzak, garraioen ingurukoak, pertsonen ingurukoak, jateko edatekoak, egunak, zenbakiak, etxeko kontuei eta gauzei buruzko hitzak, leku-izenak, diruaren inguruko hitzak, sorlekuak eta komunikazio euskarriei buruzkoak jaso dituzte. 201 hitz eta adierazpen dira guztira, eta 14 esparrutan banatu dituzte.

Bigarren edizioa

Udalak eta Euskara Patronatuak Gizartekintza Sailaren laguntzarekin 2004an atera zuen gisa honetako eskuko lehen hiztegia. Orduan ez bezala, oraingoan kontuan hartu dituzte herrira etorri diren etorkinen jatorriak eta euren hizkuntzak. Lehen hiztegi hartan euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, portugesa, katalana, galegoa, bulgariera eta arabierazko hitzak eta esamoldeak jaso zituzten. 2001. urteko erroldako datuetan oinarritua zegoen gainera, eta herriko mapa nabarmen aldatu da 2001etik hona.

Baina, 2005eko udalerriko mapa sozio-linguistikoan etorkin gehientsuenak beste herrialde batzuetakoak zirela ikusi zuten. Hiztegi berri hau egiterakoan, 2003tik 2007ra Azpeitira etorritako atzerritarren datuak hartu dituzte kontuan. Datu horien arabera, urte horietan herrira etorri ziren 719 pertsonetatik 150 portugesak ziren, 130 marokoarrak, 83 Ekuadorkoak, 59 argentinarrak, 54 espainiarrak, 38 pakistandarrak, 24 txiletarrak, 23 brasildarrak, 19 boliviarrak, 16 aljeriarrak, 14 kubatarrak, 13 poloniarrak, 12 kolonbiarrak, 11 txinatarrak eta 73 beste nazio batzuetakoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide