Oparirik onenak, euskaraz

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 16a, 10:11

Ana Mendizabal Azpeitiko Udaleko Euskara zinegotzia eta Aloña Larrañaga Gazteriako teknikaria.

Eskualdeko euskara zerbitzuek eta udalek Euskarazko Produktuen Katalogo berria osatu dute

Katalogo berriak gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haurrentzat eta gazteentzat ehunka erreferentzia biltzen ditu

Gabonen atarian zein opari egin pentsatzen hasi direnentzat ideiak emateko katalogoa kaleratu dute. Baina ez edozein publizitate liburuxka, Euskarazko Produktuen Katalogoaren hamabigarren alea baizik. Euskal Herri osoko 150 udal eta mankomunitate ingurutako Euskara Zerbitzuek plazaratu dute katalogoaren edizio berria.

Euskarazko liburuak, musika edota jokoak erosteko eta oparitzeko aukerak eskaintzen ditu bildumak, urtero moduan. Azpeitiko Udalak eta Euskara Patronatuak herenegun aurkeztu zuten ekimena Azpeitian. Datozen egunetan, 5.000 ale banatuko dituzte herrian. Euskal Herrian, guztira, 240.000 ale banatuko dira. Iaz baino 27.000 ale gutxiago argitaratu badira ere, herri gehiagotara iritsiko da ekimena, iazko 110 herritatik aurtengo 150era iritsita.

Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailak, bere aldetik, jostailuak aukeratzeko orduan kontuan hartzeko gomendioak egin ditu.

Paperean zein interneten

Euskara normalizatzeko egitasmoaren baitan lan egiten duten hainbat euskara teknikari arduratzen da urtero merkatuan kaleratuta dauden produktuen aukeraketa egiteaz.

Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haurrentzat eta gazteentzat ehunka erreferentzia biltzen ditu 2009-2010 katalogo berriak. Papereko edizioan 341 produkturen berri jasotzen da, iaz baino 23 gehiago. Interneteko edizioan, berriz, argitaletxeetatik jasotako produktu guztien erreferentziak agertzen dira, 400 produktutik gora.

Interesa dutenek www.katalogoa.org webgunean sartu eta katalogoaren PDF dokumentua eskuratu dezake bertatik. Aipatutako katalogo berrian ageri diren produktu horiek guztiak jada salgai daude ohiko saltokietan eta liburudendetan.

Produktu eta adinaren arabera

Euskarazko Produktuen Katalogoa zortzi ataletan banatuta dago: musika, filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, gurasoentzako materiala, informatika eta jolsatilu eta jokoak. Gainera, zenbait ataletan adinaren araberako banaketa ere egiten da (0-5 urte; 8-10 urte; 10-12 urte; 12-14 urte; 14-16 urte).

Katalogoa gurasoentzako lagungarria izatea nahi dute egitasmoaren bultzatzaileek, "etxeko haurrak eta gazteak euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko aukera izan dezaten". Horretarako, merkatuan euskaraz dauden produktuen eskaintza ezagutzera eman nahi dute, gurasoei eta gazteei baliabideak eskaini eta euskarazko produktuen eskaera ugaldu nahi dute, merkatua dinamizatuz eta indartuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide