Hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko kanpaina abiatu dute

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 18a, 09:11

Herenegun aurkeztu zuten egitasmoa Euskara Mahaiko kideek eta Behatokiko Paul Bilbaok (erdian, eserita).

Herritarrek hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko hainbat kutxa jarriko dute udal eraikinetan

Kanpainaren helburua Azpeitian eta herritik kanpo herritarrek euskaldun bezala bizi nahi izateagatik dituzten eskubide urraketak salatzea da

Azpeitiko Udalak, Uema eta Behatokiarekin elkarlanean, hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko kanpaina jarri du martxan herrian. Aste honetan bertan, hizkuntz eskubideen inguruko kexak, galderak eta iradokizunak egiteko kaxak jarriko dituzte herrian. Kaxak, Udalak bere iradokizun postontziak jarrita dituen tokietan jarriko dituzte: udaletxean, igerilekuan, kiroldegian, liburutegian eta Euskara Patronatuan. Azpeitiko Udalak, Udaleko Euskara Mahaiaren "erabateko adostasunarekin" jarriko du martxan egitasmoa.

Herenegun arratsaldean aurkeztu zuten kanpaina, Udal Euskara Patronatuan, Euskara Mahaiko kideek eta Paul Bilbao Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak.

Orain dela bi urte UEMAk eta Behatokiak elkarlanareko hitzarmen bat sinatu zuten. Horren arabera, besteak beste, Uemak bere herrietan herritarrak hizkuntza eskubideen inguruko urraketak salatzera gonbidatzeko kanpainak abian jartzeko konpromisoa hartu zuen besteak beste. "Ordutik, Uemako herrietan kutxen egitasmoa deitutakoa abian jartzen ari dira udalak. Eta asko dira herri horietatik jasotzen ari garen salaketak", esan du Bilbaok.

Aukera herrira ekarrita

Kanpainaren helburu nagusia, Azpeitian eta herritik kanpo herritarrek euskaldun bezala bizi nahi izateagatik dituzten eskubide urraketak salatzea da. "Izan ere, oraindik asko dira euskaldunak baztertzen gaituzten tokiak eta eragileak: medikuaren kontsultan gaztelaniaz hitz egiteko eskatzen digutenean; informazio komertziala erdera hutsez bidaltzen digutenean; hainbat informazio euskaraz eskatu eta trabak jartzen dizkigutenean...".

Azpeitiko Udalak egitasmoarekin bat egin duenez, hemendik aurrera herritarrek herrian bertan aukera izango dute, kutxa horien bidez, salaketak egiteko, merezi duenari zorionak emateko edota zalantzaren bat izanez gero hori argitzeko.

Kutxa edo kaxen ondoan inprimakiak ere jarriko dituzte. Eta, kexak, zorionak edo iradokizunak bideratzeko orduan inprimaki horietako bat bete beharko du herritarrak, "inprimakia betetzeko sinple-sinplea da".

Ondoren, kutxetan bildutako inprimakiak Hizkuntza Eskubideen Behatokira bideratuko dituzte, "kexa behar den tokira helarazteko". Kexa jartzeko, norberaren datuak eman behar dira, baina bai Uemak eta bai Behatokiak "datu horiekin konfidentzialtasun osoz jokatuko dute". Hau da, Datuen Babesaren Legeari jarraituz, inori ez diote emango kexa jartzen duenaren daturik. Ondoren, Behatokikoak herritarrarekin harremanetan jarriko dira, bere espedientearekin zer egin duten azaltzeko. "Hizkuntza eskubideen egoeraren diagnosia egiterakoan, gure azterketa herritarren eskubideen urraketetan oinarritzen baita", esan du Behatokiko zuzendariak.

Beste bideak

Baina, salaketa, zoriona edo iradokizuna bideratzeko beste bide batzuk ere badaude, Paul Bilbaok azaldu duenez: Behatokiaren webgunearen bidez (www.behatokia.org) edota Euskararen telefonora deituta (902 194332). Behatokiak 2001ean jarri zuen martxan Euskararen telefonoa, eta zortzi urte hauetan 8.000 txosten baino gehiago jaso dituzte.

Martxan jarri duten egitasmo berri honekin Euskara Mahaiak herritarren hizkuntz eskubideen urraketen aurrean "jarrera aktiboa" hartu du, eta herritarrak ekimenean parte hartzera deitu dituzte. "Banaka egiten dugun apur horrek emaitza handiak ekar ditzakeela sinisten dugulako", esan du Arantxa Isart Euskara Mahaiko kideak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide