Frankismoaren biktima ugariri epea bukatu zaie laguntza eskatzeko

uztarria.com eta Berria.info 2009ko aza. 18a, 11:11

Angel Otaegiren familiak lortu du dokumentazioa aurkeztea

Ahaztuak elkartearen arabera, 85 biktimaren senideek izango lukete laguntza hori jasotzeko eskubidea Euskal Herrian, baina bederatzik baino ez dute behar zen dokumentazioa aurkeztu epearen barruan –hilabete izan dute-

.1968. urtetik 1977. urtera arte frankismoaren itzalean hildako senideek kalte-ordaina jasotzeko epea joan den ostiralean bukatu zen. Memoria Historikoaren Legearen 10. artikuluan zehaztuta dagoen kalte-ordainaren arabera, 135.000 euro aitortzen zaizkie hildakoen senideei.

Ahaztuak elkartearen arabera, 85 biktimaren senideek izango lukete horretarako eskubidea Euskal Herrian, baina bederatzik baino ez dute behar zen dokumentazioa aurkeztu epe barruan -hilabete izan dute-. Horren arrazoia argi du elkarteak. Senideek ez dute inolako informaziorik jaso.

Horretaz jabetu eta biktimen senideekin harremanetan jartzeko ahalegina egin zuen Ahaztuak elkarteak joan den astean, eta hamar seniderekin harremanetan jartzea lortu zuen, legez dagokien kalte-ordaina eska zezaten.

Angel Otaegi azpeitiarraren senideak daude eskaria egin duten bederatzi horien artean. Familiak lortu du dokumentazioa epe barruan aurkeztea.

1975ean fusilatu zuten Otaegi ETAko kidea, Juan Paredes Manot ‘Txiki’ eta FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Francoren diktaduraren garaian erail zituzten azken bi etakideak izan ziren.

Kritika administrazioari

Administrazioaren jokabideari “gizatasun falta ikaragarria” egotzi dio Ahaztuak-ek. Administrazioak hildako lagunen senideen zerrenda duela argi du elkarteak, eta epea hasi zenean horren berri eman ez izana gogor kritikatu du. Instituzioen “benetako inplikazioa” eskatu du Ahaztuak-ek frankismoaren biktimen eskubideak aintzat hartzeko ahaleginean, modu serioan. “Azken gertaera honek agerian uzten du nola hartzen duten gaia”, nabarmendu dute Ahaztuak elkartetik.

Informazio gehiago Berria.info-n.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide