2009a hasi zenetik 7 emakume erail dituzte Euskal Herrian, milaka emakumek egin behar diote aurre egunero indarkeria matxistari, eta jendarte honetan hain errotuta dauden botere harremanak aldatzen ez ditugun artean gure herriko arazo soziopolitiko garrantzitsuenetako bat izaten jarraituko du. Erakunde politiko eta juridikoek honen aurrean hartu beharreko neurriak presazkoak dira, bai prebentzio lanari, baita eman beharreko erantzunari dagokionean ere.
Indarkeria kasu bat gertatzen denerako ezinbestekoa da emakumeek Administraziotik jartzen zaizkien babes neurriei eta baliabideei buruzko informazio guztia eskura izatea; hori gaur gaurkoz Azpeitian ez da betetzen. Indarkeria matxista jasaten duten emakumeei eman beharreko zerbitzuak, udaltzaingoan, anbulatorioan, epaitegian, udaletxean... ondo koordinatuta egoteaz gain gaiarekiko modu sentsibilizatu batean eman behar zaizkie; hau ere mementoz ez da betetzen, behar beste ez behintzat. Horretarako, beharrezkoa da indarkeriari aurre egiteko protokolo bat diseinatu eta martxan jartzeaz gai honi buruzko informazio guztia emakumeentzat eskuragarri jartzea.
Aurrekontuetan protokolo hau diseinatzeko partida berezia jartzea beharrezkoa ikusten dugu, baita Parekidetasun arlotik prebentzioan lan egiten jarraitzeko, Berdintasun Planari dagokion garrantzia emateko eta emakumeen jabetze prozesurako ekimenak antolatzeko ere. Adierazpen Instituzionalaren bidez gai honi garrantzi berezia eman nahi badiogu, eta konpromisoa benetakoa bada, aurrekontuetan islatu egin behar da. Konpromisoak ezin dira hitzetan eta puntu moreetan soilik gelditu.
Arlo juridikoari begiratuz, indarkeria, eraso sexualak... jasaten dituzten emakumeen kasuetan ateratzen diren epaiak eta zigorrak ikusita, argi dago zein merkea den emakumeak erasotzea. Oraindik herri honetan emakumeok bigarren mailako herritarrak izaten jarraitzen dugula dirudi.
Herrian ere hamaika eraso izaten dira: fisikoak, hitzezkoak, jarrerazkoak...; beharrezkoa da gure inguruan bat bera ere pasatzen ez uztea. Emakumeekiko indarkeriaren aurrean herritarrok ere ardurak ditugu, ezin dugu beste aldera begiratu alboan ikusitakoan eta eskuak burura eraman kanpoan gertatutakoan. Herritarron erantzuna eta elkartasuna ezinbestekoak dira. Honenbestez, gaur, plazan mugimendu feministak deitutako elkarretaratzera deitzen zaituztegu.