Antxieta abesbatzak Parisen emango du kontzertua, 25. urteurrenean

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 8a, 11:01

Antxieta abesbatzako kideak, joan den abenduan, Eibarren emandako kontzertuan. (Juan Antxieta Musika Eskola)

Jaun Antxieta musika eskolako abesbatzaren 25. urteurrena ospatzeko antolatu dute irteera

Unescoren antzokian abestuko dute, abesbatzen jaialdi batean

Juan Antxieta musika eskolako Antxieta abesbatzak 25 urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko irteera berezia egingo dute hil honen 14tik 17ra: Parisera joango dira. Hilaren 15ean Villepinteko Space Sicle XXI aretoan nazioarteko abesbatza jaialdi baten baitan kontzertua emango dute. Hilaren 16an, berriz, Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturako Nazio Batuen Erakundearen antzokian abestuko dute. Musika eskolako 10 eta 13 urte arteko 41 ikaslek, lau irakaslek eta lau gurasok hartuko dute parte.

Antxieta abesbatza 1984. urtean sortu zuten, Juan Antxieta musika eskolaren baitan, musikako ikasketen osagarri izateko asmoarekin. Sorreratik Gloria Larramendik zuzendu du abesbatza. «Garai hartan Musika Eskolako batzordekoek abesbatza bat sortzeko erabakia hartuta zuten, eta ordurako zuzendari ikasketak eginda nituenez, neu hasi nintzen zuzentzen», dio Larramendik.

Abesbatzak 25 urteotan "bere gora-beherak" izan dituela dio zuzendariak, baina hala ere Antxieta abesbatzak "kurrikulum oso bat" osatuta du. Besteak beste, abesbatzak herriko festetako hainbat ekitalditan hartzen du parte, eta beste herri batzuetako abesbatzekin trukeak egin dituzte: Hondarribiako Eskifaiarekin, Gasteizko Udaberrirekin, Ondarroako Kamara Unanuerekin, Bartzelonako Premia de Mar-eko musika eskolako abesbatzarekin, Mauleko Mendiz Mendi Ttiki abesbatzarekin eta Asturiasko Pola de Sieroko abesbatzarekin. Horiez gain, hainbat lehiaketatan Antxietak, eta sariak ere eskuratu dituzte.

Eibarren omenduak

Abesbatzak 25 urte bete dituela-eta, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak omendu zuen, Eibarren. Musika Eskolakoak urteurrena ospatzeko irteera berezi bat antolatu dute. "Zerbait desberdina egin nahi genuen, dokumentazioa aztertu eta azkenean Parisera joateko aukerari heldu genion". Urtarrilaren 14an abiatuko dira, eta bi kontzertu emango dituzte: bata Parisen bertan, Unescoren antzokian, eta bestea hiri inguruko herri batean, Villepinten. Ikasle bakoitzak bidaiaren zati bat ordainduko du, eta gainontzekoa Azpeitiko Udaletik, Gipuzkoako Foru Aldunditik eta CANetik jasotako diru laguntzekin finantzatuko dute.

Azken hiru hilabeteetan kontzertuak prestatzen aritu dira, buru-belarri. "Gogor ari gara lanean; Eibarren eman genuen kontzertua izan zen horren erakusgarria. Han denek oso ondo abestu zuten eta jendea oso gustura gelditu zen", dio Larramendik.

Pariseko kontzerturako prestatu duten programaren berri ere eman du Gloria Larramendik: "Gure nortasuna adierazteko abesti batzuk abestuko ditugu, nazioarteko folkloreko beste abesti batzukin batera. Emanaldia dinamikoa izango da, instrumentuekin eta koreografiarekin lagunduta". Frantziatik bueltan, Azpeitian ere kontzertua emateko asmoa dute Antxietakoek."Toki egokia izatea inportantea da, eta ea Sanagustinen egiten dugun", diote.

Antxieta abesbatzak 25 urte

  • 1984. Antxieta abesbatza 1984 urtean sortu zuten Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolako ikasleekin. Musikako ikasketen osagarri bezala sortu zuten abesbatza. Ordutik eta gaur egunera arte Gloria Larramendik jardun du abesbatza zuzentzen.
  • 1987. Ikasle kopurua hazi zenez, bi abesbatza sortu zituzten: Antxieta Gaztea ,14 eta 20 urte bitarteko ikasleekin ,eta Antxieta Txiki, 10 eta 15 urte artekoekin. Urte horretan bertan, Antxieta Gazteak Errenteriako Gabon Kanten lehiaketan bigarren saria eta kantarik originalarena eskuratu zituen.
  • 1990. Antxieta Gazteak, Javi Bustok konposatutako Loiolako Ignazio Zainduaren kantataren estreinaldian hartu zuen parte Eskifaia abesbatzarekin batera. Emanaldia Azpeitiko Zelaitxo antzokian izan zen.
  • 1996. Antxieta Gazteak Abesbatza bertan behera gelditu zen, baina Antxieta Txikik bere bideari jarraitu zion.
  • 1997. Antxieta Abesbatzak CD bat grabatu zuen.
  • 1999. Euskal Herriko Abesbatzen Federazioak antolatutako III. Abesbatza Lehiaketan bigarren saria jaso zuen.
  • 2002. David Azurzak abesbatza eta orkestrarako konposatutako Horra Mari obraren aurkezpenean hartu zuen parte, Iruñeako Gaiarre antzokian.
  1. Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak omenaldia egin zion, Eibarren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide